Mastodon

urria 30, 2022

44. SAN KRISTOBAL KALEA / CALLE DE SAN CRISTÓBAL

Auzoa: Egia

 


 
San Kristobal kalea Egia kalearen 11 eta 13 zenbakien artean hasten den eta Tejeria kalean bukatzen den kale motz bat da.



 
Kondairak dio San Kristobalek ezagutzen ez zuen haur bat eraman zuela ibai batetan zehar eta haur hori kristo bera zela. Kale honetan taxien geraleku bat zegoen. San Kristobal gidarien eta taxisten patroia denez, kale honi San Kristobal izena ematea erabaki zuten.

San Kristobal. Egilea: Konrad Witz. 1435 aldera.
 
 
San Kristobal kalearen izendapena 1975ko apirilak 28an onartu zen.
 

 

urria 23, 2022

43. ALDAPETA GALTZADA / CALZADA DE ALDAPETA

Auzoak: Erdialdea, Aiete

 


 
Aldapeta galtzada Easo kalean hasten da, San Bartolome kalearen ondoan.
 
  
 


 
 
Aiete pasealekuan bukatzen da.
 


 
 
 
Aurretik ikusi genuen (15. GOIKO GALTZADA BERRIA) Hernanitik Donostiarainoko bidea aintzinean Aietetik egiten zela, bidea eta auzoa "Goiko Galtzara" deitzen zelarik. Goiko Galtzara Donostiako harresiz kanpoko San Martin auzora jeisten zen aldapa da aspalditik Aldapeta izenarekin ezagutzen dena.
 
Donostiako 1870 baino lehenago ikuspegia Aldapetako gainetik. Aurrean Beloka jauregia, ezkerrean San Martin auzoa, Sebastopol baserria bertan dela eta atzean San Martingo hilerria.
 
 
Izena aintzinatik ezaguna bazen ere, Aldapeta galtzadaren izendapen ofiziala 2014ko urriak 30eko udalbatzarrean egin zen, hainbat kale izen euskaratzeko prozesua burutzearekin batera.



urria 15, 2022

42. DONIBANE GARAZI KALEA / CALLE DE DONIBANE GARAZI

Auzoa: Antiguo



Donibane Garazi kalea Tolosa hiribidean hasi eta Ondarreta pasealekuan bukatzen da, Plymouth eta Daira de Bojador plazen artean.
 


 

Donibane Garazi Nafarroa Behereko hiriburua da. 1553 biztanle ditu. Garazi eskualdean dago (hortik euskarazko izena) eta Ibañetako mendatearen azpian (hortik Pied-de-Port eta antzeko izenak beste hizkuntzetan).
 

 
Hiribildua XII. mendean sortu zuten. Nafarroako konkistan hainbat aldiz Gaztela eta Nafarroaren menpe egon zen. 1530an, Karlos I.a Espainiakoak Nafarroa Beherea utzi zuen. Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege bihurtu zen, Donibane Frantziako erresumaren parte bilakatuz.
 
Donibane Garaziko zitadela.

 
1789ko Frantziako iraultzan Nafarroako foruak abolitu zituzten. 1790an Ipar Euskal Herriko probintziak Bearnoko bizkonderriarekin elkartu zituzten Pirinio Behereak izeneko departamendua sortzeko. Herri askoren izenak ere aldatu zituzten, Donibane Garazi Nive-Franche deituz.
 
Frantziako departamentuen atlasa. Jean-Baptiste Poirson, 1792

 
1793an, Konbentzioaren Gerran, Euskal Ehiztariek, Moncey kapitaina buru zutela, Nive-Franche espainiarren setiotik defendatu zuten. 1813an, Napoleondar Gerran, Soultek Donibanetik abiatu zuen Iruñea birkonkistatzeko saiakera. 1814an Espoz Mina jeneralak Donibane setiatu zuen.
 
Bon-Adrien Jeannot de Moncey, 1793an Donibane Garazi defendatu zuten Euskal Ehiztarien kapitaina.
 
 
1889an trena iritsi zen arren, Garaziko eskualdea XX. mendean biztanleria galduz joan da. Naziek Frantzia okupatu zutenean, Donibane Garazi Vichyko gobernuak administratutako zatian geratu zen, Wehrmachtek administratuko zonaren mugaren ondoan.
 
Frantzia nazien okupazioaren garaian. Irudia: Wikipedia
 
 
Gaur egun nekazaritza eta abelzantza dira nagusi oraindik eskualdean. Donibane Garaziko enpresa garrantzitsuena pattarra egin eta saltzen duen Brana fabrika da. Azken hamarkadetan turismoa garrantzia hartzen hasi da.
 
Brana ginebra Ezpeletako piperren ukituarekin. Irudia: Brana. https://www.brana.fr/
 
 
 
Donibane Garazi kalearen izendapena 1992ko irailak 21ean onartu zen.
 


urria 08, 2022

41. EGUZKIMENDI AUZUNEA / GRUPO MONTESOL

Auzoa: Mirakruz-Bidebieta

 


 
Eguzkimendi auzunea Julianaene eta Kaskarre kaleen artean dagoen urbanizazio pribatu bat da.
 




 
Ez dago sarbide publikorik bertara. Enpresa eraikitzaileak eman zion izena auzuneari.




 
Eguzkimendi auzunearen izendapena 1975ko apirilak 28an onartu zen. 




urria 01, 2022

40. CAMINO KALEA / CALLE DE CAMINO

Auzoa: Erdialdea



 
Camino kalea Santa Katalina kalean hasten da, Maria Cristina hotelaren ondoan, eta Idiakez kalean bukatzen da, Gipuzkoa plazaren ondoan.
 


 
 
Joaquín Antonio de Camino y Orella Donostian jaio zen 1754 aldera. Apaiz eta lege ikasketa ezberdinak burutu zituen bai Iruñean baita Zaragozan ere, eta Oñatiko Unibertsitatean zuzenbide kanonikoan doktore izendatu zuten. 1787an Oñatiko Unibertsitateko errektore izan zen.
 
 
Oñatiko Unibertsitatea. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Donostiako udal-agiritegia ustiatu zuen, hau konponduz eta eraberrituz, 1813an suntsitua. San Bartolome Errege-Monasterioko agiritegia ere aztertu zuen. Bere obra nagusia hau izan zen: Historia Civil, Diplomática, Eclesiástica, Antigua y Moderna de la Ciudad de San Sebastián.
 
Historia Civil, Diplomática, Eclesiástica, Antigua y Moderna de la Ciudad de San Sebastián. 1923ko argitarapena.
Argazkia: Goodreads.
 
 
Unibertsitateko irakasleekin izandako desadostasunengatik, Gipuzkoatik urrun bidali zuten eta Lugoko katedraleko kalonjea zela hil zen 1819ko irailean. Euskal Herriko Adiskideen elkarteak 1966an sortu zuen Donostiako Historia Institutoak bere izena darama.
 
Camino Liburutegiko Serapio Mugica aretoan dagoen tapiza.
 
 
Camino doktoreari kale bat eskeintzeko hitzarmena 1866ko irailak 9an hartu zuen udalak. 1916ko martxoak 8ko bilkuran onartu zen Camino kalearen izendapena.
 

 
 
 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...