Mastodon

Igeldo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Igeldo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urtarrila 18, 2025

160. GUDAMENDI BIDEA / CAMINO DE GUDAMENDI

Auzoa: Igeldo



 
Gudamendi bidea Cristóbal Balenciaga pasealekuan hasten da, Igeldoko herrira iritsi aurretik. Gorunzko bidea egiten du, Gudamendi hotelean amaituz.






Gudamendi edo Gulamendi tontorraren izena aspalditik da ezaguna. 1876an Hernández izeneko gotorleku bat eraiki zuten gailurrean. Gerra amaitu zenean gotorlekua itxita baina eraitsi gabe mantendu zuten 1914 arte, militarrek gotorlekua eta bere lurrak jatorrizko jabeei bueltatu zizkietenean.
 
Liberalen gotorlekuak 1876an. Irudia: Gipuzkoa Kultura
 
 
1933an uso-tiroko eremu bat eraiki zuten bertan munduko txapelketa antolatzeko. Uso-tiroaren arrakastaren ondorioz, 1954an hotela eraiki zuten. Gaur egun hotelak zabalik dirau eta bertan ezkontzak eta oturuntzak ospatzen dira.
 
Uso-tiroa Gudamendin 1942an. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Gudamendi bidearen izendapena 1988ko martxoaren 23an onartu zen.
 

 

urria 19, 2024

147. CRISTÓBAL BALENCIAGA PASEALEKUA / PASEO DE CRISTÓBAL BALENCIAGA

Auzoa: Igeldo



 
Cristóbal Balenciaga pasealekua Igeldo pasealekuan hasten da, Leku Eder jatetxea dagoen zonaldean.
 




 
Pasealeku hau Igeldoko plazan amaitzen da, Aita Orkolaga pasealekuaren hasieran.





 
Cristóbal Balenciaga Eizagirre Getarian jaio zen 1895ko urtarrilaren 21ean. Aita arrantzalea eta ama jostuna zituen. 13 urterekin Donostian hasi zen josten ikasten eta 1917an lehen denda ireki zuen. Espainiako aristokraziak oso gogoko zituen bere diseinuak.

Balenciagaren tailerreko langileak 1930ean. Argazkia: Kutxateka

 
Gerra zibilagatik, 1937an Parisen finkatu zen. Beste diseinatzaileek ez bezala, Balenciagak berak diseinuak egiteaz gain josi ere egiten zuen. Goi-mailako jostun famatua izatera iritsi zen. 1972ko martxoaren 24an hil zen. 2011an bere omenezko museoa ireki zuten Getarian.
 
 Balenciaga 1950an. Argazkia: Wikipedia https://en.wikipedia.org/wiki/File:Cristobal_Balenciaga.jpg
 
 
Cristóbal Balenciaga pasealekuaren izendapena 1973ko abuztuaren 31an onartu zen.
 

 

urtarrila 28, 2023

57. AITA ORKOLAGA PASEALEKUA / PASEO DEL PADRE ORKOLAGA

Auzoa: Igeldo




Aita Orkolaga Pasealekua Igeldoko plazaren ondoan hasten da, Kristobal Balenziaga pasealekuaren amaieran. Kanposantuaren parean Itsasalde pasealekuaren jarraipena egiten du Orioko errepidea jarraituz.
 





Igeldoko kanpina pasa eta Mendizorrotz aldera jotzen du Aita Orkolaga pasealekuak.
 





Polipaso etxea pasa ondoren, kostaldea ikusteko aukera ematen digu Aita Orkolaga pasealekuak. Orio eta Usurbilgo udalerrien mugaraino iristen da, Tontortxiki parke megalitikoaren ondoan. Errepidea orduan beherantz doa, Orioraino iritsiz.






Juan Migel Orkolaga 1863an jaio zen Hernanin. Apaiz ikasketak Buenos Airesen hasi eta Gasteizen bukatu ondoren, Beizamara bidali zuten apaiz bezala eta 1893an Zarautzera joan zen. Han hasi zituen lehen meteorologia behaketak eta 1900ko azaroaren 15eko enbata aurrikusi zuen.

Juan Migel Orkolaga 1910 aldera. Argazkia: Wikipedia

 
Aita Orkolagak La Constancia egunkari katoliko integristan argitaratzen zituen bere aurreikuspenak. Aurkariek 'Padre Borrascas' goitizena jarri zioten burla egiteko, neurketa zehatzak egin arren, aurreikuspenak datuetan baino, hodeien forma begiratzean sustatzen zituelako.

La Constancia egunkariaren 1912ko uztailaren 21eko aleko orrialde bat, Aita Orkolagaren eguraldi iragarpenarekin.
Argazkia¨DonostiaTeka

 
1901an Gipuzkoako Foru Aldundiari txosten bat aurkeztu zion meteorologia behatoki bat sortzearen alde. 1905an Igeldoko behatokia eraiki zuten, Matxitxako lurmuturretik Landetarainoko ikuspegia zuelarik, eta Aita Orkolaga izan zen bere zuzendaria.
 
Igeldoko behatokia 1905 aldera. Argazkia: Wikipedia
 
Igeldoko behatokia gaur egun
 
 
Aita Orkolaga 1914ko irailak 22an hil zen, minbiziagatik. Igeldon, plazaren parean eta bere izena duen pasealekuaren hasieran, bere omenezko busto bat dago.
 

 

Aita Orkolaga pasealekuaren izendapena 1973ko abuztuak 31an onartu zen.
 

 

azaroa 26, 2022

48. TXALIN BIDEA / CAMINO DE TXALIN

Auzoa: Igeldo

 


Txalin bidea Aita Orkolaga pasealekuan hasten da, Igeldoko kanpina pasa eta 500 metrora, eskubian.






Buztinzuri bidean amaitzen da.






Izena inguruan dagoen Txalin tontorrak (313 m.) ematen dio bideari. Hona hemen Txalin tontorraren bi ikuspegi Aita Orkolaga pasealekutik.




 
Txalin bidearen izendapena 1988ko martxoak 23an onartu zen.
 

 


211. BILINTX KALEA / CALLE DE BILINTX

Auzoa: Erdialdea Bilintx kalea Kale Nagusitik Lasala plazara doan kale labur bat da, Antzoki Zaharraren alboan. Indalezio Bizkarrondo Ureña ...