Mastodon

ekaina 06, 2026

211. BILINTX KALEA / CALLE DE BILINTX

Auzoa: Erdialdea




Bilintx kalea Kale Nagusitik Lasala plazara doan kale labur bat da, Antzoki Zaharraren alboan.




Indalezio Bizkarrondo Ureña 1831ko apirilaren 30ean jaio zen Donostian. Bilintx goitizenarekin ezaguna, gaztetan eskileretatik erori eta aurpegia desitxuratuta geratu zitzaion, hortik Moko goitizena jaso zuen. Gainera, sokamuturra batean zezenak harrapatu eta herren geratu zen.

Bilintxen erretratua. Biktoriano Iraolak egina.


Antzoki Zaharrean lan egiten zuen zaindari bezala. Olerkari, bertsolari eta idazlea izan zen. Amodiozko poesia erromantikoa landu zuen, askotan umore gazi-gozoa erabiliz, baita olerki satirikoak ere. Garaiko Donostiako euskara urbanoa nolakoa zen antzematen da bere obran.



Hainbat olerki idatzi zituen: Triste bizi naiz eta, Juana Bixenta Olabe, Mando baten gañean, Pobriaren suertia, Biyotz erituba... ezagunena Behin batean Loiolan kanta da. Egan taldeak John Denver abeslariaren Annie`s Song abestiaren doinuarekin egindako bertsioak eman zion ospea.



1869an Nikolasa Erkizia Makazaga azkotiarrarekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten. Azken karlistaldian, liberalen laugarren batailoian aritu zen guduan.

Bilintx eta bere familia 1870an. Argazkia: Wikimedia Commons


1876ko San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada batek Antzoki Zaharrean eztanda egin eta larriki zauritu zuen Bilintx. Sei hilabete ondoren, zauri horien ondorioz hil zen, uztailaren 21ean, foruen abolizioaren egunean.




1884ko otsailaren 6an, Donostiako Udalak Bilintx kalearen izendapena onartu zuen, bere lantoki eta bizileku izan zen Antzoki Zaharraren ondoan.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

211. BILINTX KALEA / CALLE DE BILINTX

Auzoa: Erdialdea Bilintx kalea Kale Nagusitik Lasala plazara doan kale labur bat da, Antzoki Zaharraren alboan. Indalezio Bizkarrondo Ureña ...