Mastodon

Gros etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Gros etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

martxoa 22, 2026

201. JOSE ARANA KALEA / CALLE DE JOSE ARANA

Auzoa: Gros




Jose Arana kalea Bermingham kalean hasten da, 28 zenbakiaren parean, eta Nafarroa hiribidean amaitzen da.




Jose Arana Elortza Eskoriatzan jaio zen 1839ko maiatzaren 14an. Gaztetan Madrilera joan zen eta gabonetako loteria irabazi zuen. Diru horrekin janaridenda bat ireki zuen Madrilen, Donostian ondoren, eta ikuskizunetarako sarreren salmentan hasi zen, zezenketak batez ere.

Jose Aranaren omenezko plaka Eskoriatzan. Argazkia: Wikipedia


Karlistaldia amaituta, Jose Aranak Atotxan zurezko zezen plaza bat eraiki zuen Jose Goikoa arkitektoarekin. Bertan zezenketak sustatzeko Aste Monumentala edo Aste Handia izeneko jaialdia sortu zuen. 1879tik aurrera udalak ekitaldi osagarriak gehitu zizkion jaiadiari, Aste Nagusia sortuz.

Atotxako zurezko zezen plaza. Argazkia: Kutxateka

Atotxako harrizko zezen plaza. Argazkia: Kutxateka


1893an Beti-Jai pilotalekua inauguratu zuen Aldamar kalean. 1902an Madrilera bueltatu zen bertako Errege Antzokiaren kudeatzaile izateko. Jose Arana 1908ko abenduaren 5ean hil zen Donostian. Lortutako diru guztia Eskoriatzako herriari utzi zion bere testamentuan.

Beti-Jai pilotalekua. Irudia: Wikipedia


1917ko abenduaren 5ean Jose Aranaren omenez kale bat izendatu zuten Groseko merkatuaren ondoan. Txofreko zezen plazaren eraisketaren ondoren, 1976ko apirilaren 28an gaur egiungo Jose Arana kalearen izendapena onartu zen.



Aintzinako Jose Arana kalea Mantxuene kalea izatera pasa zen 1976an, izena inguruan egon zen baserri baten omenez ezarria. 1990ko hamarkadaren erdialdean, Groseko merkatuaren eraberritzearekin, Mantxuene kalea desagertu zen, Nafarroa Beherea plazaren parte bihurtuz.

Groseko merkatua. Argazkia: Kutxateka

Groseko merkatua. Argazkia: Kutxateka

Mantxuene kalea. Argazkia: Kutxateka

azaroa 22, 2025

190. CLAUDIO ANTON LUZURIAGA KALEA / CALLE DE CLAUDIO ANTÓN LUZURIAGA

Auzoa: Gros




Claudio Anton Luzuriaga kalea Katalunia plazan hasten da, San Frantzisko kalearen eta Biteri plazaren artean, eta Colon pasealekuan amaitzen da.
 


 
Claudio Antón Luzuriaga Soto en Camerosen (Soria, gaur egun Errioxa) jaio zen 1792eko urriaren 30ean. Maria Manuela Luzuriaga ama arabarraren abizena hobetsi zuen. 1808an apaiz karrera utzi eta zuzenbidea ikasten hasi zen, 1821an Donostiako epaile izendatu zutelarik.
 
Claudio Antón Luzuriaga. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Donostiako oligarkia liberaleko kide, aduanak barnealdetik kostara eta Bidasoako mugara eramatearen alde lan egin zuen, foruzaleen haserrea irabaziz. Bi fundizio antolatu zituen, Araian eta Lasarten. 1874ko ekainaren 23an hil zen Miarritzen.
 
Araiako fundizioko langileak. Argazkia: Asparrenako udala
 
 
1906ko ekainaren 5ean Claudio Antón Luzuriagaren omenezko kale bat izendatzea erabaki zuten. Claudio Anton Luzuriaga kalearen izendapena 1920ko abenduaren 22an onartu zen.
  

 
 

azaroa 16, 2024

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros



 
Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik.




Iztueta kaleak Ongintza (Beneficencia) izena zuen aurretik, miserikordia etxera zeramalako ziurrenik. Gertu dagoen Miserikordia kalearekin nahasten zenez, 1921an bizilagunek izena aldatzea eskatu zuten. Sustapen Batzordeak Ugartemendia izena ematea proposatu zuen.
 
Iztueta kalea zubibidea egin aurretik. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/183425/s/0
 
Ugartemendia arkitektoaren izena Parte Zaharrari lotuta zegoenez, Juan Ignazio Iztuetaren izena eman zioten kaleari. Joan Ignazio Iztueta Etxeberria idazle, folklorista eta historialaria 1767ko azaroaren 29an jaio zen Zaldibian.
 
Joan Ignazio Iztueta. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Hainbat bertso eta poesia mota ezberdin idatzi zituen: satirikoak, maitasunezkoak, erlijiosoak, politikoak... Gipuzkoako Dantza Gogoangarriak liburuan (1824) dantza herrikoien bilduma egin zuen. 1845eko abuztuaren 18an hil zen. Bere Gipuzkoako Probintziaren Historia 1847an argitaratu zuten.

Joan Ignazio Iztueta. Irudia: Wikimedia Commons

1936an Juan Matxinbarrenak trenbidearen gainetik pasatzen zen zubibidearen aurreproiektua aurkeztu zuen. Iztuetako zubibidea 1940ko hamarkadan inauguratu zuten Iztueta kaleko bizilagunen protesten artean, eta 2021an eraitsi zuten, trenbide azpitik doan bide berriari esker.

Matxinbarrenaren aurreproiektua. Irudia: Ancora

Desfile militarra 1942an. Iztuetako zubibidea obretan ikus daiteke.

Iztuetako zubibidea 1945ean. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/441/s/204

Iztueta kalea gaur egun
 
 
Iztueta kalearen izendapena 1921ko apirilaren 13an onartu zen.



iraila 08, 2024

141. ERRENTERIA KALEA / CALLE DE RENTERÍA

Auzoa: Gros



 
Errenteria kalea Ategorrieta hiribidean hasten da eta Nafarroa hiribidean amaitzen da, Karmele Esnal lorategien ondoan.





Errenteria Donostiatik gertu dagoen udalerria da. 39231 biztanle ditu, Gipuzkoako hirugarren udalerri jendetsuena delarik. Oiartzun ibaia Pasaiako portuan itsasoratzen da bertan.
 
Errenteriako ikuspegi orokorra. Irudia: Wikipedia
 
 
Gaztelako Alfontso XI.ak 1320an Orereta izeneko herriari Donostiako forua eman zion, Villa Nueva de Oyarço izena emanez. Orduan Pasaiako badia herriraino iristen zen eta bertan deskargatutako salgaiengatik erregeari errenta ordaintzen zitzaionez Rentería bezala ezagutzen zen.
 
Aintzinako Errenteriaren irudikapena. Irudia: Wikipedia

 
Errenteria ontzigintzan jarduten zuen herria zen. Ugarritza-Olibeten ontziola bat zegoen. Burdinolak ere ontzigintzarako erabiltzen ziren, herrian ainguren errege-fabrika eta fanderia (laminaziorako burdinola) zeuden.
 
Fanderiako errota. Argazkia: Oarsoaldea Turismoa

 
XIX. mendean, ontzigintzaren gainbeherarekin industria aldaketa sakona gertatu zen. Metalurgia eta meatze enpresak sartu ziren lehenik eta mende amaieran beste mota askotako fabrikak: papera, ehunak, gailetak, destilategiak...

Real Compañía Asturiana de Minas fabrika.

 
XX. mendean industriaren krisi nabarmena egon zen baina 1960tik aurrera industralizazio prozesu sakona izan zuen Errenteriak, Papelera Española, Niessen, CAMPSA eta bestelakoen eskutik, hazkunde demografiko handiarekin. Gaur egun herri post-industriala da Errenteria.

Niessen fabrika 1950ko hamarkadan. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/323863/s/12

Papresa, 1960ko hamarkadan Papelera Española zena. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Industriaz gain, baserri eta paraje natural ugari daude Errenteriako udalerrian, adibidez San Marko-Txoritokieta (bere gotorleku eta trikuharriekin) eta Listorreta, non Urdaburu mendia aurkitzen den, 598 metroko altuerarekin udalerriko punturik garaiena.

Aitzetako Txabala trikuharria

San Marko gotorlekua. Argazkia: Wikipedia
 
Txoritokietako gotorlekua. Argazkia: Wikimedia Commons

Urdaburu mendia. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Errenteria kalearen izendapena 1979ko uztailaren 9an onartu zen, 1938ko martxoaren 15ean frankistek jarritako "calle del Tercio de San Miguel" izena ordezkatuz.
 


 

iraila 01, 2024

140. DUNA KALEA / CALLE DE LAS DUNAS

Auzoa: Gros




Duna kalea Kolon pasealekuan hasten da. Zabaleta kalea zeharkatzen du eta Kale Berrian amaitzen da, ia Erronda kalearen parean.
 




 
Gros auzoaren parte handiena hondartza eta dunek betetzen zuten. Auzoa 1910-20ko hamarkadatik aurrera joan zen hondartzari lekua jan eta gaur egungo itxura hartuz. Auzoaren iragana gogoratuz, Duna izena eman zioten gaur aipatzen ari garen kaleari.
 
Donostia XX. mendearen hasieran, Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia eta Zurriolako zubia eraiki gabe.
 
Groseko airetiko argazkia 1920ko hamarkadan.
 
 
Duna kalearen izendapena 1943ko martxoaren 16an onartu zen.
 

 

218. OROIMENAREN LORATEGIA / EL JARDÍN DE LA MEMORIA

Auzoa: Amara Berri Oroimenaren lorategia Victor Hugo kalearen, Zorroaga pasealekuaren, Barcelona hiribidearen eta Renfeko trenbidearen artea...