Auzoa: Gros
Errenteria kalea Ategorrieta hiribidean hasten da eta Nafarroa hiribidean amaitzen da, Karmele Esnal lorategien ondoan.
Errenteria Donostiatik gertu dagoen udalerria da. 39231 biztanle ditu, Gipuzkoako hirugarren udalerri jendetsuena delarik. Oiartzun ibaia Pasaiako portuan itsasoratzen da bertan.
Errenteriako ikuspegi orokorra. Irudia: Wikipedia
Gaztelako Alfontso XI.ak 1320an Orereta izeneko herriari Donostiako forua eman zion, Villa Nueva de Oyarço izena emanez. Orduan Pasaiako badia herriraino iristen zen eta bertan deskargatutako salgaiengatik erregeari errenta ordaintzen zitzaionez Rentería bezala ezagutzen zen.
Aintzinako Errenteriaren irudikapena. Irudia: Wikipedia
Errenteria ontzigintzan jarduten zuen herria zen. Ugarritza-Olibeten ontziola bat zegoen. Burdinolak ere ontzigintzarako erabiltzen ziren, herrian ainguren errege-fabrika eta fanderia (laminaziorako burdinola) zeuden.
Fanderiako errota. Argazkia: Oarsoaldea Turismoa
XIX. mendean, ontzigintzaren gainbeherarekin industria aldaketa sakona gertatu zen. Metalurgia eta meatze enpresak sartu ziren lehenik eta mende amaieran beste mota askotako fabrikak: papera, ehunak, gailetak, destilategiak...
Real Compañía Asturiana de Minas fabrika.
Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/360774/s/84
XX. mendean industriaren krisi nabarmena egon zen baina 1960tik aurrera industralizazio prozesu sakona izan zuen Errenteriak, Papelera Española, Niessen, CAMPSA eta bestelakoen eskutik, hazkunde demografiko handiarekin. Gaur egun herri post-industriala da Errenteria.
Niessen fabrika 1950ko hamarkadan. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/323863/s/12
Industriaz gain, baserri eta paraje natural ugari daude Errenteriako udalerrian, adibidez San Marko-Txoritokieta (bere gotorleku eta trikuharriekin) eta Listorreta, non Urdaburu mendia aurkitzen den, 598 metroko altuerarekin udalerriko punturik garaiena.
Aitzetako Txabala trikuharria
San Marko gotorlekua. Argazkia: Wikipedia
Txoritokietako gotorlekua. Argazkia: Wikimedia Commons
Urdaburu mendia. Argazkia: Wikimedia Commons
Errenteria kalearen izendapena 1979ko uztailaren 9an onartu zen, 1938ko martxoaren 15ean frankistek jarritako "calle del Tercio de San Miguel" izena ordezkatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina