Auzoa: Gros
Biktoriano Iraola plaza Jose Arana, Segundo Ispizua eta Claudio Delgado Doktorearen kaleen eta Nafarroa hiribidearen artean dago. Segundo Ispizua kaletik eta Nafarroa hiribidetik du sarbidea.
Biktoriano Iraola Aristegieta Pasai Donibanen jaio zen 1841ko Martxoaren 23an. Lanbidez litografoa, Donostiako Legazpi kaleko 5 zenbakian zuen inprimategia eta bizilekua. 1861an Catalina Alvarez Agirre bergararrarekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten.
Biktoriano Iraola. Irudia: Wikipedia
Jose Manterola Beldarrain buru zuen euskal intelektualen mugimenduaren eragileetako bat izan zen. Bere literaturan Donostiako pertsonaia ezagunak azaldu zituen: Shordo, Ishkiña, Brokolo eta baita ere Bilintx, honen erretratu ezagunena dena Iraolak berak marraztu zuelarik.
Biktoriano Iraolak egindako Bilintxen erretratua. Irudia: Wikipedia
1873tik 1905 arte zinegotzi bezala aritu zen Donostiako udalean. Raimundo Sarriegiren lagun mina zen eta kaldereroetako "Alanbratzekorik" abestiari ("Begi urdin bat" bezala ezagunagoa) hitza jarri zion. Festetan sokamuturra mantentzearen alde egon zen.
Iñauteriko Pazinguilleak Donostiyan 1926-an. Irudia: Wikiteka
Bere poemak aldizkarietan argitaratu ohi zituen Iraolak. Batez ere, Euskal-Erria aldizkarian. Ipuinak eta antzerki lan motzak ere idatzi zituen. Aldizkarietarako marrazkiak ere egin zituen bere inprimategian. 1919ko irailaren 19an hil zen Donostian.
Biktoriano Iraolaren 1894ko komiki bat. Irudia: Wikipedia
Biktoriano Iraola plazaren izendapena 1999ko ekainaren 2an onartu zen.