Mastodon

azaroa 25, 2023

100. BERGARA KALEA / CALLE DE BERGARA

Auzoa: Erdialdea



 
Bergara kalea Askatasunaren hiribidean hasten da eta San Martin kalean bukatzen da. Etxaide eta Getaria kaleen artean doa.
 

 
 
Bergarako herriaren omenez izendatu zuten kale hau. 15.000 biztanle dituen Debagoiena eskualdeko herria da. Toponimoa 1050 urtean aipatzen da lehen aldiz eta 1268an Alfontso X.a Jakitunak Villanueva de Vergara hiria izendatu zuen, Gasteizko forua emanez.


 
Ehungintza izan zen Bergarako jarduera ekonomiko nagusia Erdi Aroan, 1497an Errege Katolikoek bertako ehungintzaren ordenantzak berretsi zituztelarik. XVI. mendean burdingintza ere abiatu zen Bergaran, eta honekin armagintza.
 
Simancasko artxibo orokorrean dagoen Errege Katolikoen Bergarako ehungintzaren ordenantzaren transkripzioaren hasiera. Jatorria: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

 
Karlos III.ak jesuitak erbesteratu zituenean, 1764an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak jesuiten ikastetxea hartu eta 1776an Bergarako Errege Mintegia sortu zuten. Bertan, 1783an Elhuyar anaiek Wolframa bakartu zuten.
 
Euskalerriaren Adiskidearen Elkartearen goiburua. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Bergarako Errege Mintegia. Argazkia: Wikipedia

 
Wolfram kristalak eta 1 cm3ko kuboa. Argazkia: Wikimedia Commons


Wolframaren eskultura Bergaran. Argazkia: Wikimedia Commons

 
1839ko abuztuaren 31an Lehen Karlistaldiaren amaiera sinbolizatu zuten Espartero eta Maroto jeneralek "Bergarako Besarkada"rekin. Bergaran epaitegi eta kartzela eraiki zituzten, bertan 1897an Cánovas del Castillo hil zuen Michele Angiolillo anarkista italiarra exekutatu zutelarik.
 
Bergarako besarkada. Irudia: Wikimedia Commons

 
Ehungintza eta burdingintzaren tradizioagatik, XIX. mendean industria ugari sortu zen herrian. 1950-1960 hamarkadatan etorkin ugari iritsi ziren Bergarako lantegietan lan egitera. Gaur egun Arrasateko MCC taldearen inguruko jarduera ekonomikoek garrantzi handia dute herrian.
 
Aintzinako Bergarako labe garaien tximinia. Argazkia: Bergarako udala.
 
 
Pablo Sorozabal musikagilea Bergara kaleko 12 zenbakian jaio zen. "Katiuska" eta "La tabernera del puerto" zarzuelak eta "Adiós a la Bohemia" opera idatzi zituen. "Marcelino pan y vino" filmaren musika ere berea da eta hainbat kantu ere egin zituen.
 
Pablo Sorozabalen omenezko plaka Bergara kalean.

 
Pablo Sorozabalen bustoa Madrilen. Argazkia: Wikipedia
 
 
Bergara kalearen izendapena 1866ko irailaren 12an onartu zen.
 


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

142. SIBILIA KALEA / CALLE DE SIBILIA

Auzoak: Egia, Intxaurrondo   Sibilia kalea Otxoki pasealekua, Baratzategi kalea eta Gabriel Aresti pasealekua elkartzen diren biribilgunean ...