Auzoa: Erdialdea
Idiakez kalea Gipuzkoa plazan hasten da, Camino kalearen bukaeran, eta Askatasunaren hiribidean amaitzen da, Bergara kalearen hasieran.
Idiakez leinua Gipuzkoako familia noble bat izan zen, bertako kide askok Donostiarekin harreman estua zutena. Alfontso edo Alonso Idiakez Jurramendi izan zen nabarmenena. Tolosan jaioa 1497an, Karlos V.a enperadorearen aholkulari eta idazkari izan zen 1520tik aurrera.
Tolosako Idiakez jauregia. Orube honetan jaio zen Alfontso Idiakez Jurramendi. Argazkia; Wikipedia
Arte eta letren maitale, Luis Vives humanistaren laguna zen. Donostian Antiguako eta San Telmoko komentuak sortu zituen. 1539an Grazia Olazabalekin ezkondu zen. 1547an protestante talde batek erahil zuen Torgaun. San Telmon hilobiratua dago Grazia Olazabalekin batera.
Alfontso Idiakez eta Grazia Olazabalen hilobia San Telmon
Joan Idiakez, Alfontsoren semea, 1540an jaioa Madrilen, Filipe II.aren eta Filipe III.aren estatu-idazkari izan zen. Genoako eta Veneziako enbaxadore izan zen ere. Donostian hainbat berrikuntza lan burutu zituen, Urgulleko gazteluan adibidez. Segovian hil zen 1614an.
Donostia XVI. mendean, Hoefnagelek marraztua. Irudia: Wikipedia
Joanen seme Alonso Idiakez Butroe eta Muxika, 1565an jaio zen Donostian. Amagandik Butroe eta Muxikaz gain Aramaioko jaurerria (ondoren konderria) jaso zituen. Filipe III.ak Biandrinako (Milan) eta Ciudad Realeko duke (Napoliko erresuman) izendatu zuen. Milanen hil zen 1618an.
Alonso Idiakez Butroe eta Muxika. Irudia: Wikimedia Commons
Idiakez kalearen izendapena 1866ko irailaren 12an onartu zen.








iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina