Auzoa: Erdialdea
Alfontso VIII.aren kalea Bilbo plazan hasi eta Artzain Onaren plazan amaitzen den kale labur bat da.
Alfontso VIII.a Gaztelakoa 1155ko azaroaren 11an jaio zen Sorian. Aita hiru urte zituela hil zitzaion. Gaztela, Leon eta Nafarroako erreinuek Iberiar penintsulan nagusi izateko lehian zebiltzan eta Nafarroa eta Leonek Gaztelari lurraldeak kentzeko aprobetxatu zuten.
XIII. mendeko Alfontso VIII.aren irudia.
Irudia: Wikipedia https://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Alfons8_Tumbo.jpg
1170 urtean Alfontso errege izendatu zuten. Musulmanen kontra borrokatu zuen eta baita ere Nafarroa eta Leonek kendutako lurrak berreskuratu zituen. 1199an, Nafarroako Antso VII.a Magreben zegoela aprobetxatuz, Nafarroako mendebaldearen konkista hasi zuen.
Irudia: Wikimedia Comons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:AntsoVIIArrano.JPG
Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa Gaztelaren menpe geratu ziren 1200 urtean. Ofizialki Gipuzkoarrak beren borondatez pasa ziren Gaztelako erreinura, hortik Alfontso VIII.ari kale bat emateko arrazoia, baina azken urteetan hori dudatan jartzen duten historialariak azaldu dira.
1212an Alfontso VIII.ak penintsulako erreinu kristauen laguntza lortu zuen Navas de Tolosako guduan parte hartzeko eta Gaztelak penintsulako nagusitasunerako aurrerapausu handia lortu zuen. Alfontso VIII.a 1214an hil zen Avilako Gutierre-Muñoz herrian.
Alfontso VIII.aren kalearen izendapena 1891ko azaroaren 16an onartu zen. Bitxikeria bezala, kale labur honetan hiru kale plaka estilo ezberdin kontserbatzen dira.