Lizarra kalea Easo kalean hasten da, Larramendi kalearen jarraipen bezala, eta Aldapeta galtzadan bukatzen da, gatzada honen 10 zenbakiaren parean.
Lizarra Nafarroa Garaiko mendebaldean kokatzen den udalerria da, Logroño eta Iruñearen arteko erdibidean. Jurramendi mendiaren azpian dago eta Ega ibaiak zeharkatzen du.
Lizarrako armarria. Irudia: Wikimedia Commons
Iruñeako Antso I.a Gartzes erregeak 914an Lizarra herriska musulmanei birkonkistatu zien eta 1090an Lizarraren parean Antso V.ak Stella hiria sortu zuen, hiri honi Jakako forua emanez, Donejakue Bideko frankoak bertan bizitzen gera zitezen.
Antso I.a Gartzesen estatua Deion (Villarreal de Monjardín). Argazkia: Wikimedia Commons
Lizarrako forua eredu bezala hartuz, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak eman zion Donostiari forua, XII. mendean, gaskoiek Nafarroako kostaldea birpopulatzeko helburuarekin, Oriotik Bidasoaraino doan eremuan.
Nafarroako Erresuma Antso Jakitunaren erregealdian. Irudia: Wikimedia Commons
Judutarren presentzia Lizarran nabarmena zen XI. mendetik aurrera. 1328ko martxoaren 6an, frai Petri Oikogoiengoaren sermoien eraginez, herritarrek judutegia erasotu zuten. Honetaz gain, Gaztelaren aurkako gerrak eta nafarren arteko gatazkek eragin handia izan zuten hirian.
Lizarrako Hilobi Santuaren elizako ateko detailea, ustez judutar bat irudikatzen duena. Argazkia: Wikipedia
Nafarroako konkistaren ondoren, Lizarrak Donejakue Bideko geraleku bezala izandako garrantzia galdu baina eskualdeko hiriburu bezala egonkortu zen. XIX. mendean, Espainiako independentziaren gerrak, Erregezaleen matxinadak eta bi karlistaldiek hiria gogor jo zuten.
Lizarrako udaletxe zaharra, XVIII. mendean eraikia. Argazkia: Wikipedia
XX. mendean euskal abertzaletasuna haziz joan zen Lizarran eta 1931ko ekainaren 14an euskal udalen biltzarrean, autonomia estatutu baten proposamena onartu zen, Lizarrako estatutua. 1936ko altxamenduan matxinatuek Fortunato Agirre EAJko Lizarrako alkatea erahil zuten.
Estatutuaren aldeko manifestazioa Lizarran 1932ko ekainean. Argazkia: Wikimedia Commons
1976ko maiatzaren 6an, karlisten urteroko Jurramendiko erromerian, Sixto Borboi-Parmakoaren aldeko karlista ultraeskuindarrek eragindako istiluetan, Karlos Hugo Borboi-Parmakoaren aldeko karlismo ezkertiarraren bi kide hil zituzten.
Jurramendiko 1969ko erromeria. Francoren aldeko eta Juan Karlos borboikoaren kontrako pankarta.
1998ko irailaren 12an, Ipar Irlandako bake prozesua eredu bezala hartuz, hainbat alderdi politiko, herri-mugimendu eta sindikatuek Lizarrako akordioa sinatu zuten, urriak 2an Donibane Garazin berretsia. ETAk su-etena iragarri zuen honen ondorioz.
Lizarrako akordioaren argazkia Euskaldunon Egunkarian. Argazkia: Wikimedia Commons
https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/2/2a/Lizarra-Garazi_Egunkaria1998_JagobaManterola.png
Gaur egun Lizarra 14.000 biztanleko udalerria da. Nafarroako Euskeraren Foru Legearen arabera eremu mixtoan kokatzen da eta euskaldunen kopurua %14.1 da. Udalerriko jarduera ekonomiko nagusia merkataritza eta zerbitzuak dira.
Lizarra. Argazkia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Puente_Estella.jpg
Lizarra kalearen izendapena 2010eko uztailak 30ean onartu zen.