Auzoa: Gros
Ramón María Lili pasealekua Urumea ibaiaren eskuin aldean dago, Santa Katalina eta Zurriolako zubien artean.
Eraikin aipagarriak daude pasealeku honetan. Santa Katalina zubiaren ondoan zuri koloreko eraikin arrazionalista dago, Fernando Arzadun arkitektoak 1930 eta 1933 artean proiektatua "La Equitativa" aseguru-etxearen egoitza izateko.
La Equitativa eraikina 1940-1950 hamarkada aldera. Argazkia: Kutxateka
La Equitativa aseguru etxearen kartela, oraindik eraikinean dagoena.
La Equitativa eraikina 1996an, garaiko iragarki-panel argiztatuarekin. Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Urumea etxebizitzen eraikina Rafael Moneoren obra da, 1969 eta 1973 artean eraiki zuten Marquet, Unzurranzaga eta Zulaica arkitektoen laguntzarekin.
Eraikin honen aurretik 1926tik 1968ra beste bat zegoen, hotel bat (Savoiako Printzea) eta frontoi bat (Urumea frontoia) zituena. Hainbat ekitaldi ospatu ziren Urumea frontoian eta lehen urteetan zinema areto bezala ere erabili zen.
Savoiako Printzearen hotela eta Urumea frontoia 1945an. Argazkia: Kutxateka
Ramón María Lili Laborda (ohartu Lili idazten dela, azentua lehen i hizkian duelarik eta ez bigarrenean) 1846ko abuztuak 30ean jaio zen Antzuolan. Gipuzkoako diputatu izendatu zuten 1880an. 1892-1896 eta 1906-1907 artean Gipuzkoako Diputazioko lehendakaria izan zen.
Ramón María Lili. Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Gipuzkoako gobernadore zibila izan zen ere, baina kargua uztea erabaki zuen 1904an, alkoholen legea Gipuzkoaren eta Foruen kontrakoa zela argudiatuz. Bergaran hil zen 1921an eta urte hartako maiatzak 29an Donostiako udalak bere izena duen pasealekuaren izendapena onartu zuen.