Auzoa: Amara Berri
Carlos I.aren hiribideko 12 eta 14 zenbakien artean hasi eta Errondo pasealekuan bukatzen den kalea da. Kale honetako zenbaki bikoitietako ate batzuk kale honen eta Javier Barkaiztegi kalearen arteko tartean daude.
Moja Alferez goitizenarekin ezagutzen den pertsona hau XVI. mendearen bukaeran jaio zen Donostian. Bataio agiria 1592ko otsailaren 10ekoa du baina baliteke 1585an jaio izatea. Migel Erauso kapitaina eta Maria Perez Galarraga Artze ziren bere gurasoak.
Lau urterekin moja sartu zuten Donostiako Antiguako domingotarren komentuan. Bere izaera oldarkorragatik San Bartolome komentura aldatu zuten. Hamabost urte zituela komentutik ihes egin, ilea moztu eta handik aurrera gizonez jantzita ibili zen beti.
Izen ezberdinak erabili zituen: Pedro de Orive, Francisco de Loyola, Alonso Diaz, Ramirez de Guzman eta Antonio de Erauso. Espainian zehar ibili ondoren, 1603an Sanlucar de Barramedan Ameriketara zihoan barku batean ontziratu zen. Kapitaina bere amaren lehengusua zen.
Barkua Espainiara itzultzeko prest zenean Katalinak kapitaina hil eta 500 peso lapurtu zizkion. Panaman Juan de Urquiza merkatariarekin lanera joan zen. Honek Perura eraman zuen eta bere haziendan etxea eman zion.
Katalina liskarretan sartu zen, behin baina gehiagotan espetxeratua izanik liskar hauetan hildakoak eragiteagatik. Juan de Urquizari esker espetxetik kaleratua izan zen behin eta berriro eta 1619an Txilera joan zen militar bezala.
Txilen maputxeen aurkako sarraskian parte hartu eta alferez gradua lortu zuen baina bere krudelkeria zela eta ez zuen karrera militarrean gorago egiterik lortu.
Bere bizitzan zehar liskar gehiago izan zituen, horietako batean Miguel de Erauso neba hil zuen. 1623an Huamangan (Peru) atxilotu zuten eta heriotz zigorra ekiditeko apezpikuaren audientzia eskatu zuen, zeinari emakumea eta birjina zela erakutsi zion. Aske geratuta espainiara itzuli zen.
Europara bueltan, Katalinaren abenturak ospetsu bihurtu ziren. Felipe IVak pentsio bat eman zion bere garaipen militarrengatik eta “moja alferez” goitizena jarri zion. Erroman Urbano VIIIa aita santuak gizonez jantzi eta Antonio de Erauso izena erabiltzeko baimena eman zion.
1630an Antonio de Erauso Mexikora joan zen, gurditzaintza negozio bat jarri eta bertan bizi zen 1650an hil zen arte, agian lan istripu baten ondorioz.
Euskal Telebistak, Itxi liburuak saioan, dokumental bat egin zuen Katalina Erausori buruz.
1962ko maiatzaren 21eko osoko bilkuran onartu zen Katalina Erausoren omenez kale bat izendatzea, 1973ko abuztuaren 31an berretsi zelarik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina