Auzoa: Antiguo
Oinezkoentzako sarbidea duen plaza da. Tolosa hiribideak, eta Karmelo Etxegarai, Zarautz eta Antonio Arzak kaleek mugatzen dute kanpotik.
Lourdes Iriondo 1937an jaio zen Donostian. 7 urte zituelarik familia Urnietara joan zen bizitzera. Gaztetan misiolari izan nahi zuen baina bihotzeko gaixotasun batek denbora luzez etxean geratzera behartu zuen. Orduan bere bizitza musikagintzara bideratu zuen.
Lehen emanaldia 1964an egin zuen Andoainen Lourdesek, arrakasta handia lortuz. Espainiar gitarrarekin abesten zuen, berak egindako abestiak lagunek moldatu eta euskaratzen zizkiotelarik. Loiolako Herri Irratirako abestiak grabatu zituen eta bertan emititu zituzten.
Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen. Talde hau euskal mugimendu kultural abangoardista bat izan zen eta euskal kantagintza berriaren talde aipagarrienetako bat izan zen. Garai hartan hainbat disko argitaratu zituen Lourdesek eta Xabier Leterekin ezkondu zen.
Taldea bereizi ondoren haur literatura jorratu eta ikuskizun ezberdinetan parte hartu zuen baina 1978an eman zuen azken emanaldia. Handik aurrera Urnietako parrokian lanean jardun zuen. Haurrentzako liburu eta antzezlan ugari idatzi zituen. 2005ean hil zen, 68 urte zituelarik.
1994ko azaroaren 29ko udalbatzarrean Arbizketa plaza bezela izendatu zen plaza hau. Beranduago, plazari izena aldatzea proposatu zuten, 2001ean, Satrustegi dorrearen ondoan dagoen lursail bat Arbizketa parkea bezala izendatu zutelako. 2015eko martxoaren 26ko udalbatzarrean onartu zen Arbizketa plazari Lourdes Iriondo izena jartzea.