Mastodon

maiatza 31, 2025

179. FLORES KALEA / CALLE DE FLORES

Auzoa: Miramon-Zorroaga



 
Flores kalea Begiristan Doktorearen pasealekuan hasten da, Onkologikoaren ondoko biribilgunean. Pasealekuaren azpitik igaro ondoren, Dulce Maria Loynaz kalean amaitzen da.
 




 
Flores baserriaren lehen aipamena 1832an aurkitzen da. Miramon oinetxearen menpe zegoen. Defentsa Ministerioak erosi zuen, lur-armadaren behitegi izan zen. Gaur egun ez da existitzen baserri hau.
 
Miramon-zar baserria. Argazkia: aiete.net http://www.aiete.net/2021/07/los-toros-de-miramon/
 
 
Flores kalearen izendapena 2001ko abenduaren 3an onartu zen.
 

 

maiatza 24, 2025

178. XABIER LIZARDI KALEA / CALLE DE XABIER LIZARDI

Auzoa: Ibaeta



 
Xabier Lizardi kalea Bernardo Estornes Lasa kalean hasten da. Errotaburu osoa zeharkatzen du, Lasarte plazaren ondoan amaitu arte.
 





Jose Maria Agirre Egaña 1896ko apirilaren 18an Jaio zen Zarautzen. Umetan Tolosara joan zen bizitzera. Zuzenbidea ikasi zuen Madrilen eta Tolosako fabrika bateko kudeatzaile gisa hasi zen lanean. 1927an hasi zen Xabier Lizardi izengoitia erabiltzen olerkari bezala.

Xabier Lizardi. Argazkia: Wikimedia Commons


Lauaxeta eta Orixerekin batera, gerra zibilaren aurreko euskal olerkari handiena da Xabier Lizardi.1932an argitaratutako Biotz-begietan poesia-liburua da bere obra nabarmenena.1933an hil zen pneumoniak jota.

 Biotz-begietan. Irudia: Wikipedia https://eu.m.wikipedia.org/wiki/Biotz-begietan

 
Xabier Lizardi kalearen izendapena 1992ko irailaren 21ean onartu zen. 
 

 

maiatza 17, 2025

177. IBAETA PARKEA / PARQUE DE IBAETA

Auzoa: Ibaeta



 
Ibaeta parkea Tolosa hiribidearen eta Tecnun unibertsitatearen artean dagoen berdegune bat da. Gaur egun obretan dago zonalde hau.
 


 
Parkeari izena ematen dion Ibaeta auzoa padura eta hezegunea zen aintzinean. Ibaeta parkean dagoen putzua galdutako hezegune horien arrasto txiki bat da.
 



Ibaeta parkearen izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 

maiatza 10, 2025

176. FORU PASEALEKUA / PASEO DE LOS FUEROS

Auzoa: Erdialdea



 
Foru pasealekua Askatasunaren Hiribidean hasten da. Urumea ibaiaren ondotik igarotzen da eta San Martin kalean bukatzen da.


 
 
 
 
Foruak Erdi Aroan lurralde edo herri bateko legeen bilduma ziren. Gipuzkoan gutxienez XIV. mendetik biltzen ziren udalerriak Batzar Nagusietan. Gipuzkoan idatziz ezagutzen diren lehen batzarrak 1397an Getarian elkartu ziren Batzar Nagusiak dira.
 

 
Ipar Euskal Herrian 1789ko Frantziako iraultzak foruen desagerpena ekarri zuen. Hegoaldean, 1876an Canovas del Castillok foruen abolizio legea aurrera eraman zuen eta foruen ordez 1878an Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Ituna sinatu zen.

Antonio Cánovas del Castillo Irudia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Canovas2.jpg
 
 
1904an Arbide dorreak eraiki zituzten Foru pasealekuan. Ukitu modernistak dituzten estilo neogotikoko dorre hauek eraikuntza enpresa bati saldu zizkioten 1970ko hamarkadan. Aurrezki Kutxa munizipalak dorreak salbatu eta harriz-harri Miramonera eraman zituen 1979an.
 
Arbide dorreak aintzinako kokapenean. Argazkia: Kutxateka
 
 
Arbide dorreak aintzinako kokapenean. Argazkia: Kutxateka

 
Arbide dorreen desmuntaia. Argazkia: Kutxateka


Arbide dorreen desmuntaia. Argazkia: Kutxateka
 
 
Aranzadi zientzia elkarteak erabili zituen dorreak, Ondoren Euskal Herriko Unibertsitateak, eta gaur egun Kutxa fundazioak kudeatzen ditu.
 




 
Foru pasealekuaren izendapena 1891ko ekainaren 1ean onartu zen.
 


 

maiatza 03, 2025

175. LASARTE PLAZA / PLAZA DE LASARTE

Auzoa: Ibaeta



 
Lasarte plaza Sustraiarte kalearen, Orixe pasealekuaren eta Xabier Lizardi kalearen artean dago.
 





Lasarte, Lasarte-Oria udalerriaren bi herriguneetako bat da. Donostiatik gertu dago, Oria ibaiaren ibarrean. Udalerria 1986an sortu zuten, Lasarte Hernani eta Urnietatik banandu, Oria Andoain eta Urnietatik banandu eta bi herriguneak batuz.



Manuel Lekuonaren ustez, Lasarte hitza lats arte (ubideen arteko lekua) hitzetik dator. Lasarte izeneko hainbat leku daude Euskal Herrian. Erdi aroan sortu zen herria, San Pedro ermitaren inguruan, Hernanitik zetorren Frantziako bidearen eta Urnietatik zetorren Nafarroakoaren loturan.



1180an Antso Jakitunak Donostiari forua ematean Lasarte Donostiaren menpe geratu zen. 1371an Usurbil eta 1380an Hernani sortzean, Lasarte Hernaniko auzo bihurtu zen. 1615an Urnieta sortzean, herri honek ere Lasarteko lurrak hartzen zituen.



XX. mendean hazkunde demografiko handia izan zuen Lasartek. 1916an Donostiako Udal hipodromoa eraiki zuten ibaiaren beste aldean. Gainera, 1920ko hamarkadan Lasarteko zirkuitua sortu zuten, nazioarteko lasterketak eginez, eta 1930ean Michelin pneumatiko fabrika eraiki zuten.




Gerra zibilaren ondoren etorkin asko iritsi ziren Lasartera, bertako fabriketan lan egitera (Michelin, Hilaturis, Tejidos del Oria,  ATC). Industriak oraindik garrantzi handia du Lasarten. 2000 urtean Urbil merkatal zentroa ireki zuten eta lasartear askok lan egiten duten bertan.
 



Lasarte plazaren izendapena 1992ko irailaren 21ean onartu zen.
 

 

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza   Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.     Ermita bidea gau...