Mastodon

iraila 28, 2024

144. OTAMENDI ANAIAK KALEA / CALLE DE LOS HERMANOS OTAMENDI

Auzoa: Amara Berri




Otamendi Anaiak kalea Zorroaga pasealekuaren ondoan igarotzen da. Victor Hugo kalean hasi eta Juan Zaragueta kalean amaitzen da.
 




 
Otamendi Matxinbarrena anaiak (Joaquín, 1874, arkitektoa, Miguel, 1877, bide-ingeniaria, José María, 1885, industria-ingeniaria eta Julián, 1889,arkitektoa), Donostian jaio ziren eta 1897an Madrilera joan ziren, hango obra eta eraikin ugari diseinatu zituztelarik.
 
Otamendi anaiak: Joaquín, Miguel, José María eta Julián. Argazkia: CA2M museoa
 
 
Joaquin Otamendik, Antonio Palaciosekin batera hainbat eraikin proiektatu zituen. Aipagarriena Madrilgo Komunikazio Jauregia da, gaur egun Madrilgo udaletxearen egoitza dena.

Madrilgo Komunikazio Jauregia. Argazkia: Wikimedia Commons


Miguel Otamendik, Carlos Mendoza eta Antonio González Echarterekin batera, Madrilgo Metroaren proiektua martxan jarri zuen, lahan linea 1919ko urriaren 17an inauguratu zutelarik. José María Otamendik proiektu honetan ata anaien beste batzuetan parte hartu zuen.

Madrilgo metroaren jatorrizko proiektua. Irudia: Wikimedia Commons

Alfontso XIII.a Madrilgo metroaren inaugurazioan. Argazkia: Wikipedia


Julián Otamendik, Anaia Joaquín eta Antonio Palaciosekin batera, Espainia eraikina proiektatu zuen. 1953an amaitua, Espainiako eraikin altuena izan zen 117 metroko altuerarekin. Julián berak proiektatutako Madrilgo dorreak (142 metro) kendu zion errekorra.

Espainia eraikina. Argazkia: Wikipedia
 
Madrilgo dorrea eta Espainia eraikina. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Otamendi Anaiak kalearen izendapena 2001eko abenduaren 3an onartu zen.
 


 

iraila 22, 2024

143. HUMBOLDT KALEA / CALLE DE HUMBOLDT

Auzoa: Amara Berri



 
Humboldt kalea Otamendi Anaiak kalean hasten da, Jesus Maria Alkain eta Maria Zambrano plazen artean, eta Loiolako Erribera pasealekuan amaitzen da, Giuseppe Verdi eta Santiago plazen artean.
 




 
Wilhelm eta Alexander von Humboldt anaiak, 1767 eta 1769an jaioak, Berlingo Tegelko jauregian hezitu zituzten gurasoek eta irakasle bezala ilustrazioko pertsonaia nabarmenak izan zituzten, Joachim Heinrich Campe eta Gottlieb Johann Christian Kunth haien artean.
 
Tegelko jauregia. Argazkia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Schloss_Tegel1.JPG


Alexander naturalista bihurtu zen. 1799an Hego Amerikarako espedizioa hasi zuen Aimé Bonplandekin batera. Tenerifen geldialdia egin eta Teide sumendia aztertu ondoren, Caracasera iritsi eta gaur egungo Venezuela, Kuba, Ekuador eta Peru esploratu zituen.
 
Humboldten bidaiak Irudia: Wikipedia

 
Ondoren Mexikora joan zen eta bidaia Estatu Batuetan bukatu zuen, 1804an Parisera bueltatuz. 1827 arte, egindako aurkikuntzak aztertu eta argitaratzen egon zen, adibidez Ozeano Pazifikoan Peru aldean dagoen itsas-korrontea deskribatu zuen, Humboldt korrontea deitua.
 
Humboldt korrontearen mapa. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
1829an Errusiako Nikolas I.aren enkarguz Ural mendietara espedizioa burutu zuen. Bizitzako azken urteak Kosmos izeneko unibertsoaren egitura orokorra deskribatzen zuen obra handi bat idazten pasa zituen. 1859an hil zen Berlinen.
 
Alexander von Humboldten erretratua. 1843. Irudia: Wikimedia Commons

 
Wilhelmek hizkuntzalaritza, filosofia eta historia landu zituen. 1799 eta 1801an Euskal Herrira bidaiatu eta euskara aztertu zuen. Hala ere, politikan jardun zuen bizitzaren parte handi batean. 1810an, Prusiako hezkuntza ministroa zela, Berlingo unibertsitatea sortu zuen.
 
Wilhelm von Humboldt. Irudia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:W.v.Humboldt.jpg 


1820an politika utzi eta hizkuntzalaritza jorratu zuen. Ehundaka hizkuntza ikasi eta aztertu zituen. Euskara era zientifikoan aztertu zuen lehengoetarikoa izan zen. Joan Antonio Mogel eta Pedro Pablo Astarloarekin izan zuen harremana. 1835an hil zen Tegelen.
 
 Humboldten heriotzaren 150. urteurrenaren omenezko posta-zigilua Irudia: Wikipedia
https://de.wikipedia.org/wiki/Datei:Stamps_of_Germany_(Berlin)_1985,_MiNr_731.jpg
 
 
Humboldt kalearen izendapena 2001eko abenduaren 3an onartu zen.
 

 

iraila 18, 2024

142. SIBILIA KALEA / CALLE DE SIBILIA

Auzoak: Egia, Intxaurrondo



 
Sibilia kalea Otxoki pasealekua, Baratzategi kalea eta Gabriel Aresti pasealekua elkartzen diren biribilgunean hasten da. Beheruntz egiten du, Polloeko hilerriaren ondotik pasaz, eta goruntz egiten du Matigoxotegi futbol zelaiaren parean, Aldakonea kalearen goiko partean amaituz.
 





Gaur egungo Pepe Artola kalea dagooen tokian Sibilia Aundia eta Sibilia Txikia baserriak zeuden, batzuetan ere "Txibili" bezala ezagunak. Sibilia Aundia XVII. mendean eraikia zen. 1960ko hamarkadan desjabetu zituzten baserri hauek autobidea eta Hego Intxaurrondo auzoa egiteko.

Hego intxaurrondoko baserrien mapa. Irudia: Wikipedia.

Sibilia Aundi baserria 1960an. Argazkia: Gordegia https://gordegia.eus/argazkia/grdg173-005/
 
Sibilia Aundi baserria 1960an. Argazkia: Gordegia https://gordegia.eus/argazkia/grdg173-004/
 
Sibilia Txiki baserria. Argazkia: Gordegia https://gordegia.eus/argazkia/grdg022-001/

 
1982ko martxoaren 9an Txibili kalea izendatu zuen udalak, ondoren Sibilia izena emanez, 1993ko ekainaren 15ean.
 

 

iraila 08, 2024

141. ERRENTERIA KALEA / CALLE DE RENTERÍA

Auzoa: Gros



 
Errenteria kalea Ategorrieta hiribidean hasten da eta Nafarroa hiribidean amaitzen da, Karmele Esnal lorategien ondoan.





Errenteria Donostiatik gertu dagoen udalerria da. 39231 biztanle ditu, Gipuzkoako hirugarren udalerri jendetsuena delarik. Oiartzun ibaia Pasaiako portuan itsasoratzen da bertan.
 
Errenteriako ikuspegi orokorra. Irudia: Wikipedia
 
 
Gaztelako Alfontso XI.ak 1320an Orereta izeneko herriari Donostiako forua eman zion, Villa Nueva de Oyarço izena emanez. Orduan Pasaiako badia herriraino iristen zen eta bertan deskargatutako salgaiengatik erregeari errenta ordaintzen zitzaionez Rentería bezala ezagutzen zen.
 
Aintzinako Errenteriaren irudikapena. Irudia: Wikipedia

 
Errenteria ontzigintzan jarduten zuen herria zen. Ugarritza-Olibeten ontziola bat zegoen. Burdinolak ere ontzigintzarako erabiltzen ziren, herrian ainguren errege-fabrika eta fanderia (laminaziorako burdinola) zeuden.
 
Fanderiako errota. Argazkia: Oarsoaldea Turismoa

 
XIX. mendean, ontzigintzaren gainbeherarekin industria aldaketa sakona gertatu zen. Metalurgia eta meatze enpresak sartu ziren lehenik eta mende amaieran beste mota askotako fabrikak: papera, ehunak, gailetak, destilategiak...

Real Compañía Asturiana de Minas fabrika.

 
XX. mendean industriaren krisi nabarmena egon zen baina 1960tik aurrera industralizazio prozesu sakona izan zuen Errenteriak, Papelera Española, Niessen, CAMPSA eta bestelakoen eskutik, hazkunde demografiko handiarekin. Gaur egun herri post-industriala da Errenteria.

Niessen fabrika 1950ko hamarkadan. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/323863/s/12

Papresa, 1960ko hamarkadan Papelera Española zena. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Industriaz gain, baserri eta paraje natural ugari daude Errenteriako udalerrian, adibidez San Marko-Txoritokieta (bere gotorleku eta trikuharriekin) eta Listorreta, non Urdaburu mendia aurkitzen den, 598 metroko altuerarekin udalerriko punturik garaiena.

Aitzetako Txabala trikuharria

San Marko gotorlekua. Argazkia: Wikipedia
 
Txoritokietako gotorlekua. Argazkia: Wikimedia Commons

Urdaburu mendia. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Errenteria kalearen izendapena 1979ko uztailaren 9an onartu zen, 1938ko martxoaren 15ean frankistek jarritako "calle del Tercio de San Miguel" izena ordezkatuz.
 


 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...