Mastodon

martxoa 16, 2024

116. ZURRIOLAKO ZUBIA / PUENTE DE LA ZURRIOLA

Auzoa: Erdialdea, Gros




Zurriolako zubia Urumearen bokaletik hasita lehen zubia da. Ezkerraldean Erregina Erregeordearen kalearen parean kokatzen da, eta eskuinaldean Zurriola hiribidearen parean. Erdialdea-Parte Zaharra eta Gros lotzen ditu.
 




 
Aintzinatik Urumeako bokaleko ezker aldea Zurriola deitzen zen, bertako ontziolengatik. Horrela, alde horretako harresia Zurriolako harresia zen eta harresiaren ondoko kalea (gaur egungo San Juan kalearen tokian) Zurriola kalea, 1278 urtean jada kale hau aipatzen zelarik.

Donostiako mapa 1813ko sutearen aurretik, Zurriola kalea gorriz azpimarratuta.
Irudia: Historia militar de San Sebastián https://www.sansebastian1813.es/426609322

1719ko Donostiako mapa, Urumeako bokalea Zurriola bezala aipatuz.
 
 
Harresiak bota ondoren, Zurriola kalea galduta, Zurriola pasealekua izena eman zioten Urumea ezkerraldeko pasealeku bati. Pasealeku honi 1913an izena aldatu zioten eta gaur egun Argentinako Errepublikaren pasealekua bezala ezagutzen dugu.
 
Zurriola pasealekua oraindik Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia eraiki gabe.

 
Badugu ere ibaiaren beste aldean Zurriola hiribidea. Alfontso XIII.aren hiribide bezala izendatua 1926an, 1931an Apirilaren 14ko hiribide bezala izendatu zuten eta 1937an berriro izena aldatu zioten, Franco generalaren izena emanez. 1979an jarri zioten gaur egungo Zurriola izena.
 
Txirrindularitza lasterketa Zurriola hiribidean 1924an.
 
 
XX. mende hasieran, Groseko auzoa itsaso aldera haziz joan zen. Udalak Sociedad Inmobiliaria y del Gran Kursaal Maritimo de San Sebastian erakundea sortu zuen eta 1915eko martxoaren 20an zubiaren proiektua aurkeztu zuten Jose Eugenio Riberaren eskutik.

Donostia Ulia menditik ikusia XX. mende hasieran. Groseko luzapena oraindik egin gabe.

 
1916an hasi ziren zubia eraikitzeko lanak, 864.682,04 pezetako aurrekontuarekin, eta 1921ko abuztuaren 14an inauguratu zuten. Art-Deco estiloko sei farola ikusgarri dituen zubi honen izen ofiziala Zurriolako zubia den arren, askok Kursaaleko zubia bezala ezagutzen dute.

Zurriolako zubiaren inaugurazioa 1921ko abuztuaren 14an.

Pedro Zaragueta alkatea zinta mozten.

 
Urumea ibaia itsasoratzen den lekuan dagoenez, olatuen erasoak hainbat aldiz jasan behar izan ditu Zurriolako zubiak. 1980ko hamarkadaren bukaeran zubiaren eraberritzeari ekin zioten, lanak 1993an bukatuz.


 
Zurriolako zubiaren izendapena 1917ko irailaren 12an onartu zen.
 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...