Mastodon

martxoa 30, 2024

118. MARÍA DE MAEZTU KALEA / CALLE DE MARÍA DE MAEZTU

Auzoa: Ibaeta



 
María de Maeztu kalea Miguel de Unamuno eta Ibaeta parkeen artean dago. Manuel Lardizabal ibilbidetik Tolosa hiribidera doa.




María de Maeztu Whitney Gasteizen jaio zen 1881ko uztailaren 18an. 1902an irakasle bezala hasi zen lanean eta 1915an Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Madrilen. Urte hartan, emakumeen ikasketak sustatzeko Andereñoen Nazioarteko Egoitza sortu zuen.
 
María de Maeztu 1923an. Argazkia: Wikipedia
 
 
Anaia Ramiroren eskutik, Primo de Riveraren diktadurako Kontsultarako Biltzar Nazionaleko kide izan zen. Gerra zibilaren hasieran, errepublikarrek Ramiro fusilatu zuten. Mariak Andereñoen egoitza utzi eta Argentinan erbesteratu zen. Argentinan hil zen 1948ko urtarrilaren 7an.
 
Juana Whitney bere seme-alabez inguratuta, ezkerretik eskuinera: Gustavo, Angela, Ramiro, Miguel eta Maria.
 

María de Maeztu kalearen izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 

martxoa 23, 2024

117. PILARREKO ANDRE MARIAREN AUZUNEA / GRUPO NUESTRA SEÑORA DEL PILAR

Auzoa: Martutene



 
Pilarreko Andre Mariaren auzunea Martutene pasealekuaren eta Urumea ibaiaren artean dago. Alde batean Artolategi kalea dauka eta bestean Goizueta kalea.
 





Auzunearen izena Zaragozako patroia den Pilarreko Andre Mariak ematen dio. Cesaraugustan Jesusen amak Santiago apostolua bisitatu eta oroigarri bezala bertan jaspezko zutabe bat utzi omen zuen. Urriaren 12an Martuteneko jaiak ospatzen dira, Pilarreko jaiak.

Pilarreko Andre Mariaren eskultura Martuteneko auzunean.

 
Gerra zibilaren ondoren, langileentzako etxebizitza merkeak egiteko premia handia zegoen. Honela, elizak bultzatuta Gipuzkoako etxebizitza patronatua sortu zuten eta erakunde honek sustatuta 1951ean Pilarreko etxebizitzak eraiki zituzten.


Pilarreko etxebizitzen inaugurazioa 1951ean. Argazkiak: Kutxateka


Martuteneko auzoak, eta Pilarreko Andre Mariaren auzuneak bereziki, Urumea ibaiaren uholdeak behin eta berriz jasan dituzte. 2011 eta 2015 urteetan izan ziren azkenak. Hauen ondoren hainbat lan burutu zituzten uholdeak ekiditeko.
 


2011ko uholdeak Pilarreko Andre Mariaren auzunean. Argazkiak: Flickr martuteneauzoa



Pilarreko Andre Mariaren auzunearen izendapena 1982ko maiatzaren 13an onartu zen.
 


 
 
 

martxoa 16, 2024

116. ZURRIOLAKO ZUBIA / PUENTE DE LA ZURRIOLA

Auzoa: Erdialdea, Gros




Zurriolako zubia Urumearen bokaletik hasita lehen zubia da. Ezkerraldean Erregina Erregeordearen kalearen parean kokatzen da, eta eskuinaldean Zurriola hiribidearen parean. Erdialdea-Parte Zaharra eta Gros lotzen ditu.
 




 
Aintzinatik Urumeako bokaleko ezker aldea Zurriola deitzen zen, bertako ontziolengatik. Horrela, alde horretako harresia Zurriolako harresia zen eta harresiaren ondoko kalea (gaur egungo San Juan kalearen tokian) Zurriola kalea, 1278 urtean jada kale hau aipatzen zelarik.

Donostiako mapa 1813ko sutearen aurretik, Zurriola kalea gorriz azpimarratuta.
Irudia: Historia militar de San Sebastián https://www.sansebastian1813.es/426609322

1719ko Donostiako mapa, Urumeako bokalea Zurriola bezala aipatuz.
 
 
Harresiak bota ondoren, Zurriola kalea galduta, Zurriola pasealekua izena eman zioten Urumea ezkerraldeko pasealeku bati. Pasealeku honi 1913an izena aldatu zioten eta gaur egun Argentinako Errepublikaren pasealekua bezala ezagutzen dugu.
 
Zurriola pasealekua oraindik Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia eraiki gabe.

 
Badugu ere ibaiaren beste aldean Zurriola hiribidea. Alfontso XIII.aren hiribide bezala izendatua 1926an, 1931an Apirilaren 14ko hiribide bezala izendatu zuten eta 1937an berriro izena aldatu zioten, Franco generalaren izena emanez. 1979an jarri zioten gaur egungo Zurriola izena.
 
Txirrindularitza lasterketa Zurriola hiribidean 1924an.
 
 
XX. mende hasieran, Groseko auzoa itsaso aldera haziz joan zen. Udalak Sociedad Inmobiliaria y del Gran Kursaal Maritimo de San Sebastian erakundea sortu zuen eta 1915eko martxoaren 20an zubiaren proiektua aurkeztu zuten Jose Eugenio Riberaren eskutik.

Donostia Ulia menditik ikusia XX. mende hasieran. Groseko luzapena oraindik egin gabe.

 
1916an hasi ziren zubia eraikitzeko lanak, 864.682,04 pezetako aurrekontuarekin, eta 1921ko abuztuaren 14an inauguratu zuten. Art-Deco estiloko sei farola ikusgarri dituen zubi honen izen ofiziala Zurriolako zubia den arren, askok Kursaaleko zubia bezala ezagutzen dute.

Zurriolako zubiaren inaugurazioa 1921ko abuztuaren 14an.

Pedro Zaragueta alkatea zinta mozten.

 
Urumea ibaia itsasoratzen den lekuan dagoenez, olatuen erasoak hainbat aldiz jasan behar izan ditu Zurriolako zubiak. 1980ko hamarkadaren bukaeran zubiaren eraberritzeari ekin zioten, lanak 1993an bukatuz.


 
Zurriolako zubiaren izendapena 1917ko irailaren 12an onartu zen.
 


martxoa 09, 2024

115. HIRU DAMATXOEN PLAZA / PLAZA DE HIRU DAMATXO

Auzoa: Aiete




Hiru Damatxoen plaza Arostegi eta Lanberri kaleen artean kokatua dago.
 





"Donostiako Hiru Damatxo" izeneko abesti herrikoiak ematen dio izena plazari. Urko abeslari donostiarrak abestutako bertsioa da gaur egun ezagunena.



Abestiaren egilea ezezaguna da. Jose Arruek Inazio Larramendi jotzen du doinuaren egiletzat. Javier Kaltzakortaren ustez doinu zaharrago baten aldaera da. Jesús María de Arozamenak hiru damatxoak lehen gerra karlistan ofizial ingeles batez maitemindu ziren hiru ahizpa zirela dio.

Donostiako Hiru Damatxo abestiaren partitura. Irudia: Eusko Ikaskuntza
 
 

 
Hiru Damatxoen plazaren izendapena 2010ko uztailaren 30ean onartu zen.
 

 
 
 

martxoa 02, 2024

114. ALOÑAMENDI KALEA / CALLE DE LA SIERRA DE ALOÑA

Auzoa: Loiola



 
Aloñamendi kalea Loiola zeharbidearen ondoan doa. Zubiondo kalean hasi eta Plazaburu kalean bukatzen da.






Aloña mendilerroa Aizkorri-Aratz mendigunearen parte da. Oñatiko hirigunetik ikusgarria da mendilerro hau. Bizkorniako lepoak banatzen du Aizkorriko mendilerrotik. Botreaitz edo Butreaitz gaina (1320 m.) da tontor altuena baina Gorgomendi edo Aloñamendi (1244 m.) da ezagunena.

Aizkorri-Aratz mendigunearen mapa. Irudia: Wikipedia
 
Gorgomendiko gurutzea eta atzean Udalaitz mendia

Gorgomendiko gurutzea Buetraitz tontorretik. Atzean, Anboto eta Udalaitz.
 
 
Aloñamendi kareharrizko mendigunea izanik, karobi ugari zeuden Oñatin, kareharria egosiz karea (kaltzio oxidoa) lortzeko labeak. Karobiak Gipuzkoa osoan arruntak izan ziren XVIII. mendetik XX. mendera arte, karea lortzeko metodo industrialak nagusitu zirenean.
 
Lamiategiko karobia. Oñati. Argazkia: Wikipedia https://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Lamiategiko_karobia.jpg
 
Basazabalgo karobia. Oñati. Argazkia: Wikipedia


Aloñamendi kalearen izendapena 1971ko uztailaren 14an onartu zen.
 


 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...