Auzoa: Amara Berri
Barcelona hiribidea Gregorio Ordoñez kalearen jarraipen bezala hasten da eta Loiolako Erriberako ardatz nagusi gisa egiten du, Pablo Gorosabel kalean bukatzen delarik.
Bartzelona Kataluniako hiriburua da. Llobregat eta Besos ibaiaen artean dago, hauen Mediterraneoko itsasoratzean. 1.600.000 biztanle ditu.
Bartzelona. Argazkia: Wikimedia Commons
Neolito arotik gizakien presentzia ezagutzen den arren, Bartzelonako lehen biztanle ezagunak Laietarrak ziren. Kartagotarrek hiria okupatu zuten eta erromatarrek hauei konkistatu zieten K. a. 218an, K. a. 15 urtea aldera gotortu eta Barcino izena eman ziotelarik.
Barcino Bartzelonako auzo gotikoaren planoan gainjarria. Irudia: Wikipedia
V. mendean Bisigodoak iritsi ziren. Ondorengo mendeetan, musulmanen eta kristauen arteko gatazketan batzuen eta besteen esku egon zen hiria, 985an Almanzorren soldaduek suntsitu zutelarik. Borrell II.a kondeak hiria berreraiki eta Bartzelonako konderriaren hazkundea hasi zen.
Borrell II.a Pobleteko monasterioko genealogia agiri batean. Irudia: Wikimedia Commons
1137an Erramun Berenguer IV.a Aragoiko Petronilarekin ezkondu zen, Bartzelonako konderria eta Aragoiko erresuma batuz. Bartzelona Aragoiko koroaren portu garrantzitsu bihurtu zen baina 1469an Aragoiko eta Gaztelako koroen loturak gainbehera ekarri zuen.
Aragoiko koroaren hazkundea. Irudia: Wikipedia
Segalarien Gerra (1640-1652) eta Espainiako Ondorengotza Gerrak (1701-1714) Kataluniako erakundeen desagerpena ekarri zuten. Espainiako Felipe V.aren aginduz Bartzelonako zitadela eraiki zuten.
Bartzelonako zitadelaren planoa. Irudia: Wikipedia
XIX. mendean industrializazioa eta kataluniako berpizkunde kultural abertzalea (Renaixença) etorri ziren. Hiriko harresiak bota eta Ildefonso Cerdá arkitektoak Bartzelonako zabalgunea (Eixample) proiektatu zuen. 1888 eta 1929ko erakusketa unibertsalak antolatu zituzten hirian.
Bartzelonako zabalgunea. Argazkia: Wikipedia https://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Eixample_aire_cropped.jpg
Gerra zibilean, Bartzelona errepublikaren aldeko gune garrantzitsua izan zen, baina errepublikarren fakzio ezberdinen arteko gatazka ugari izan ziren. Frankismoan, gune industrial garrantzitsua izanik, Espainiako hegoaldeko langile ugari joan ziren Bartzelonara.
Bartzelonako bonbardaketa gerra zibilean. Argazkia: Wikipedia
1992ko Joko Olinpikoek Bartzelonaren modernizazioaren eta gaur egun den hiri turistikoaren hasiera ekarri zuten. 2017ko urriaren 1ean, Espainiako gobernuak debekatu arren, Kataluniaren independentziarako erreferenduma egin zen.
Kataluniaren independentziarako erreferenduma Bartzelonako Escola del Treball hauteslekuan.
Barcelona hiribidearen izendapena 2001ko abenduaren 3an onartu zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina