Mastodon

ekaina 09, 2023

76. EKUATORE GINEA PLAZA / PLAZA DE GUINEA ECUATORIAL

Auzoa: Intxaurrondo



 
Ekuatore Ginea plaza Mons pasealekuaren amaieran dagoen plaza laukizuzena da, Mons pasealekuko 139 eta 145 bitarteko zenbakiak dituen eraikinaren eta Julimasene kalearen artean.






Ekuatore Ginea Afrikako Atlantikoan dagoen klima tropikaleko herrialde bat da. 26.000 km²ko zati kontinentala dauka, Kamerun eta Gabon artean. eta 2.000 km²ko Bioko irla, Kamerungo kostatik 32 kilometrora. Bertan Malabo hiriburua dago. Irla txikiagoak ere badira herrialdean.
 
Ekuatore Gineako mapa politikoa. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Ekuatore Ginean paleolito arotik ezagutzen da gizakien presentzia. Gaur egun bertan bizi diren etnia bantuak (bubiak Biokon, bengak Elobey eta Coriscon eta fangak kontinentean) XVII eta XIX mendeen artean iritsi ziren.
 
Ekuatore Gineako eta inguruko hizkuntzak. Irudia: Wikipedia

 
1471an Fernando Poo portugaldarrak Bioko aurkitu zuen eta Gineako lurrak Portugaldarren menpe jarri zituzten. 1641an Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainia Biokon hasi zen esklabuen salerosketan. Portugaldarrek holandarrak handik bota eta beren esklabu konpainia sortu zuten.

1502ko Cantinoren planisferioa. Irudia: Wikimedia Commons

 
1778an portugaldarrek espainiarrei eman zizkieten irlak. 1827-1858 artean britainiarrek gobernatu zuten lurrandea, esklabutzaren kontra borroka egiteko aitzakiarekin. Espainiarrak agintera bueltatu eta 1926an kontinenteko lurraldea ere lortu zuten, Ginea Espainiarra sortuz.
 

Carlos Chacón y Michelena, Fernando Poo irlako (Bioko) lehen gobernadorea 1858an. Irudia: Wikimedia Commons

 
1968an NBEk lurraldea deskolonizatzeko presioagatik, Espainiak independentzia eman zion Ekuatore Gineari. Hauteskundeetan Francisco Macías Nguema hautatu zuten presidente eta urriak 12an independentzia aldarrikatu zuten. Nguemak diktadura bat ezarri zuen.
 
Manuel Fraga Iribarne, Espainiako Informazio eta Turismo ministroa Eta Francisco Macías Nguema Ekuatore Gineako Independentziaren agiriaren sinaduran. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
1979an Teodoro Obiangek bere osaba Francisco Macías Nguema kargutik kendu zuen estatu kolpe batez eta hiltzera kondenatu. Obiang da Ekuatore Gineako diktadorea harez geroztik. Hauteskunde guztiak irabazten ditu beti, 2022an botuen %97a eta kongresuko diputatu guztiak lortuz.
 
Teodoro Obiang 2008an. Argazkia: Wikimedia Commons

 
1990ko hamarkada arte kakaoa (Biokon) eta kafea (kontinentean) ziren diru sarrera nagusiak. 1996an petrolioa aurkitu zutenean, Saharaz hegoalderako Afrikako herrialde aberatsena bihurtu zen, baina aberastasun hori Obiangek eta bere ingurukoek bakarrik disfrutatzen dute.
 
Ekuatore Gineako esportazioak 2019an. Petrolioa eta gasak esportazioen %89a osatzen dute.
Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Ekuatore Gineako Elkartea plaza honetan zegoenez, bere garaian plazari izen hori ematea eskatu zuten. Ekuatore Ginea plazaren izendapena 1994ko azaroaren 29an onartu zen.
 


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...