Mastodon

ekaina 24, 2023

78. PAGOLA KALEA / CALLE DE PAGOLA

Auzoa: Aiete



 
Pagola kalea Lugaritz biribilgunean hasten da. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen pasealekuaren azpitik eta Tomas Garbizu kalearen gainetik jarraitzen du.






Pagola kalea oinezkoentzako bide sigisagatsu batean amaitzen da. Bide honek Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen pasealekura darama.






Pagola izeneko parajea Berabera eta Infernuaren artean dagoen eremua da. Baliteke aintzinean egondako pagadiek ematea izena parajeari. Bertan XVI. mendeko jatorria duten bi etxe daude: Pagolagain (Andoain kalea, 34) eta Pagolazpi (Zarautz kalea, 161).

Pagolagain
 

Pagolazpi

 
 
Pagola kalearen izendapena 2008ko ekainaren 27an onartu zen.
 

 

ekaina 17, 2023

77. KARMENGO ANDRE MARIAREN KALEA / CALLE DE LA VIRGEN DEL CARMEN

Auzoa: Egia



 
Karmengo Andre Mariaren kalea Egia kalearen 28 eta 30 zenbakien artean hasten da






Aldakonea kalearen bukaeran amaitzen da, kale hau Polloe plazara iristean.






Polloe hilerria 1878an eraiki zenetik, hilerrira zeraman bide honek ez zuen izen ofizialik eta kanposantuko bidea bezala ezagutzen zen. 1956an udalak kale honi izena jartzea erabaki zuen, Virgen del Carmen bezala izendatuz: https://www.donostia.eus/Presidencia/ArchivoGeneralP.nsf/vListadoId/2ACB360EB17DF76CC1257D0F0022F434?OpenDocument&sf=2&id=C671670315425&idioma=eus
 
Karmengo Andre Mariaren kalea 1950ko hamarkadan. Argazkia: Gordegia
 
 
Karmengo Ama Birjina Israelgo Karmelo mendian sortu zen karmeldarren ordenak zabaldu duen Mariaren adbokazio bat da. Arrantzaleen babesle bezala hartzen da eta uztailaren 16an ospatzen da bere eguna, baita Donostiako kaian ere. Ez dirudi Egia auzoarekin zerikusirik duenik.

Karmengo Amaren irudia Donostiako kaian. Argazkia: Wikipedia
 
 
Karmengo Andre Mariaren kalearen izendapena 1956ko apirilaren 17an onartu zen.
 


 

ekaina 09, 2023

76. EKUATORE GINEA PLAZA / PLAZA DE GUINEA ECUATORIAL

Auzoa: Intxaurrondo



 
Ekuatore Ginea plaza Mons pasealekuaren amaieran dagoen plaza laukizuzena da, Mons pasealekuko 139 eta 145 bitarteko zenbakiak dituen eraikinaren eta Julimasene kalearen artean.






Ekuatore Ginea Afrikako Atlantikoan dagoen klima tropikaleko herrialde bat da. 26.000 km²ko zati kontinentala dauka, Kamerun eta Gabon artean. eta 2.000 km²ko Bioko irla, Kamerungo kostatik 32 kilometrora. Bertan Malabo hiriburua dago. Irla txikiagoak ere badira herrialdean.
 
Ekuatore Gineako mapa politikoa. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Ekuatore Ginean paleolito arotik ezagutzen da gizakien presentzia. Gaur egun bertan bizi diren etnia bantuak (bubiak Biokon, bengak Elobey eta Coriscon eta fangak kontinentean) XVII eta XIX mendeen artean iritsi ziren.
 
Ekuatore Gineako eta inguruko hizkuntzak. Irudia: Wikipedia

 
1471an Fernando Poo portugaldarrak Bioko aurkitu zuen eta Gineako lurrak Portugaldarren menpe jarri zituzten. 1641an Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainia Biokon hasi zen esklabuen salerosketan. Portugaldarrek holandarrak handik bota eta beren esklabu konpainia sortu zuten.

1502ko Cantinoren planisferioa. Irudia: Wikimedia Commons

 
1778an portugaldarrek espainiarrei eman zizkieten irlak. 1827-1858 artean britainiarrek gobernatu zuten lurrandea, esklabutzaren kontra borroka egiteko aitzakiarekin. Espainiarrak agintera bueltatu eta 1926an kontinenteko lurraldea ere lortu zuten, Ginea Espainiarra sortuz.
 

Carlos Chacón y Michelena, Fernando Poo irlako (Bioko) lehen gobernadorea 1858an. Irudia: Wikimedia Commons

 
1968an NBEk lurraldea deskolonizatzeko presioagatik, Espainiak independentzia eman zion Ekuatore Gineari. Hauteskundeetan Francisco Macías Nguema hautatu zuten presidente eta urriak 12an independentzia aldarrikatu zuten. Nguemak diktadura bat ezarri zuen.
 
Manuel Fraga Iribarne, Espainiako Informazio eta Turismo ministroa Eta Francisco Macías Nguema Ekuatore Gineako Independentziaren agiriaren sinaduran. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
1979an Teodoro Obiangek bere osaba Francisco Macías Nguema kargutik kendu zuen estatu kolpe batez eta hiltzera kondenatu. Obiang da Ekuatore Gineako diktadorea harez geroztik. Hauteskunde guztiak irabazten ditu beti, 2022an botuen %97a eta kongresuko diputatu guztiak lortuz.
 
Teodoro Obiang 2008an. Argazkia: Wikimedia Commons

 
1990ko hamarkada arte kakaoa (Biokon) eta kafea (kontinentean) ziren diru sarrera nagusiak. 1996an petrolioa aurkitu zutenean, Saharaz hegoalderako Afrikako herrialde aberatsena bihurtu zen, baina aberastasun hori Obiangek eta bere ingurukoek bakarrik disfrutatzen dute.
 
Ekuatore Gineako esportazioak 2019an. Petrolioa eta gasak esportazioen %89a osatzen dute.
Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Ekuatore Gineako Elkartea plaza honetan zegoenez, bere garaian plazari izen hori ematea eskatu zuten. Ekuatore Ginea plazaren izendapena 1994ko azaroaren 29an onartu zen.
 


 

ekaina 03, 2023

75. BARCELONA HIRIBIDEA / AVENIDA DE BARCELONA

Auzoa: Amara Berri



 
Barcelona hiribidea Gregorio Ordoñez kalearen jarraipen bezala hasten da eta Loiolako Erriberako ardatz nagusi gisa egiten du, Pablo Gorosabel kalean bukatzen delarik.






Bartzelona Kataluniako hiriburua da. Llobregat eta Besos ibaiaen artean dago, hauen Mediterraneoko itsasoratzean. 1.600.000 biztanle ditu.
 
Bartzelona. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Neolito arotik gizakien presentzia ezagutzen den arren, Bartzelonako lehen biztanle ezagunak Laietarrak ziren. Kartagotarrek hiria okupatu zuten eta erromatarrek hauei konkistatu zieten K. a. 218an, K. a. 15 urtea aldera gotortu eta Barcino izena eman ziotelarik.
 
Barcino Bartzelonako auzo gotikoaren planoan gainjarria. Irudia: Wikipedia

 
V. mendean Bisigodoak iritsi ziren. Ondorengo mendeetan, musulmanen eta kristauen arteko gatazketan batzuen eta besteen esku egon zen hiria, 985an Almanzorren soldaduek suntsitu zutelarik. Borrell II.a kondeak hiria berreraiki eta Bartzelonako konderriaren hazkundea hasi zen.
 
Borrell II.a Pobleteko monasterioko genealogia agiri batean. Irudia: Wikimedia Commons

 
1137an Erramun Berenguer IV.a Aragoiko Petronilarekin ezkondu zen, Bartzelonako konderria eta Aragoiko erresuma batuz. Bartzelona Aragoiko koroaren portu garrantzitsu bihurtu zen baina 1469an Aragoiko eta Gaztelako koroen loturak gainbehera ekarri zuen.
 
Aragoiko koroaren hazkundea. Irudia: Wikipedia

 
Segalarien Gerra (1640-1652) eta Espainiako Ondorengotza Gerrak (1701-1714) Kataluniako erakundeen desagerpena ekarri zuten. Espainiako Felipe V.aren aginduz Bartzelonako zitadela eraiki zuten.
 
Bartzelonako zitadelaren planoa. Irudia: Wikipedia
 
 
XIX. mendean industrializazioa eta kataluniako berpizkunde kultural abertzalea (Renaixença) etorri ziren. Hiriko harresiak bota eta Ildefonso Cerdá arkitektoak Bartzelonako zabalgunea (Eixample) proiektatu zuen. 1888 eta 1929ko erakusketa unibertsalak antolatu zituzten hirian.

Bartzelonako zabalgunea. Argazkia: Wikipedia https://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Eixample_aire_cropped.jpg
 

Gerra zibilean, Bartzelona errepublikaren aldeko gune garrantzitsua izan zen, baina errepublikarren fakzio ezberdinen arteko gatazka ugari izan ziren. Frankismoan, gune industrial garrantzitsua izanik, Espainiako hegoaldeko langile ugari joan ziren Bartzelonara.

Bartzelonako bonbardaketa gerra zibilean. Argazkia: Wikipedia
 
 
1992ko Joko Olinpikoek Bartzelonaren modernizazioaren eta gaur egun den hiri turistikoaren hasiera ekarri zuten. 2017ko urriaren 1ean, Espainiako gobernuak debekatu arren, Kataluniaren independentziarako erreferenduma egin zen.
 
Kataluniaren independentziarako erreferenduma Bartzelonako Escola del Treball hauteslekuan.


 
Barcelona hiribidearen izendapena 2001ko abenduaren 3an onartu zen.
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...