Mastodon

martxoa 25, 2023

65. UBARBURU PASEALEKUA / PASEO DE UBARBURU

Auzoa: Martutene




 
Ubarburu pasealekua Sarrueta biribilgunean hasten da eta Martuteneko industrialdearen bide nagusia da. Pasealekuaren azken zatia Astigarragako udalerrian dago.







Ubarburu pasealekua inguruan zegoen Ubarburu baserriagatik izendatua dago. Gaur egun Ubarburu baserri birmoldatua dago industrialdearen gainean, Astigarragako udalerrian.

Ubarburu baserria 1987an. Argazkia: altza.info



 
Ubarburu baserria gaur egun.
 
 
 
Ubarburu pasealekuaren izendapena 1975ko apirilaren 28an onartu zen.
 

 

martxoa 18, 2023

64. MARI KALEA / CALLE DE MARI

Auzoa: Erdialdea




Mari kalea parte zaharrean dago. Ijentea kalean hasten da, kaiaren sarreraren ondoan, eta Koruko Ama birjinaren kalean eta Gaztelubidean bukatzen da. Kaiko harresiari paralelo doa kale hau.






Euskal Billera elkarteak Mari kalean du egoitza 1940tik. Elkarte gastronomiko hau hainbat kultura ekitaldi sustatzeagatik da ezaguna. Batez ere, 1927an Mauricio Etxanizen eskutik Haur Danborrada sortzeagatik.
 

 

Eraikin aipagarria da baita ere Marinako Komandantziaren egoitza. 1968 urtera arte eraikin honetan aduanak zeuden.




Jose Maria Zubia Zigaran, Aita Mari, 1809ko Martxoak 15ean jaio zen Zumaian. Arrantzale familia batean jaioa, 1830 Ameriketara bidaiatzen zuen merkatal ontzi batean lanera joan zen eta lortutako diruarekin 1850an Donostian baxurako arrantza txalupa baten patroi lanetan hasi zen.
 
XX. mende hasierako arrantza txalupa baten maketa. Argazkia: Bilboko Euskal Museoa
 
 
1861ko uztailak 22an galerna batek (irudiko 1878koa bezalakoa) San Jose txalupa hondoratu zuen Zurriolako haitzetan. Mari beste bederatzi gizonekin itsasoratu zen eta marinel asko erreskatatu zituzten. Antzoki Zaharrean omenaldia eskeini zieten hildakoen alargunei eta Aita Mariri.
 
1878ko apirilaren 20ko galerna Bermeon, txalupak hondoratzen.
Rafael Monleonen irudia La Ilustración Española y Americana aldizkarian.

 
1866ko urtarrilak 9an beste galerna batek Getariako bi itsasontzi harrapatu zituen irla parean. Aita Mari haiek erreskatatzera irten zen baina hondoratutako marinelak salbatzen saiatzen ari zela hil zen. 

Donostiako kaian Mariren omenezko monumentuan dagoen erliebearen zati bat.


Donostiako kaian Mariren omenezko busto bat jarri zuten. 1900 urtean monumentu handiago bat eraiki zuten leku berean, gaur egun oraindik zutik dagoena. Aintzinako bustoa Mariren iloba bati eman zioten eta gaur egun Zumaiako Erribera kalean ikus daiteke.

Mariren bustoa Donostian

Mariren bustoa Zumaian

 
Gaur egun Donostia eta Zumaiako hainbat negozio eta elkartek dute Aita Mari izena. Aipagarria da Mediterraneo itsasoan salbamendu humanitarioa egiten ari den Aita Mari arrantza ontzi birmoldatua.
 
Aita Mari ontzia. Irudia: Salvamento Marítimo Humanitario

 
1897ko apirilak 13an onartu zen Mariren omenez kale bat izendatzea. 1917ko abenduak 5ean, Kaiaurreko kalea bezala ezagutzen zena Mari kalea bezala izendatu zuten.
 

 

martxoa 11, 2023

63. MIRAFLORESKO MARKESAREN KALEA / CALLE DEL MARQUÉS DE MIRAFLORES

Auzoa: Erdialdea




Mirafloresko markesaren kalea Kontxako pasealekuaren eta Zubieta kalearen artean dagoen kale labur bat da, Zubieta kalearen 22 eta 24 zenbakien artean zehazki.




Manuel Pando Fernandez de Pinedo 1792ko abenduak 22an jaio zen, ondoren Fernando VIIa izango zenarekin adiskidetzea zuen familia noble batean. Espainiako Independentzia gerran, maiatzak 2ko altxamenduan parte hartu zuen. 1820an milizia nazionalaren ekintzetan parte hartu zuen.
 
1808ko Maiatzaren 2a Madrilen. Egilea: Francisco Goya. Madrilgo Pradoko museoan dago.
 

1832an politikan hasi zen, Isabel IIa izango zenaren alde eginez. Bere karrera politikoa gorenera iritsi zen 1846an, Ministro-Kontseiluaren Presidente izendatu zutenean, gaur egungo Espainiako Gobernuaren Presidentearen pareko kargua.
 
Mirafloresko markesaren grabatua 1868ko otsailak 22ko El Museo Universal aldizkarian.
 
 
Hainbat kargu garrantzitsu izan ondoren, 1863an Isabel IIak berriro izendatu zuen Ministro-Kontseiluaren Presidente. Orduan lortu zuen Donostian bere omenez kale bat izendatzeko merezimendua, aurrerago ikusiko dugun bezala. 1872an hil zen.
 
Mirafloresko markesaren erretratua. Gabriel Maureta Aracil (1879). Espainiako Senatuaren jauregia.
 

Donostia, plaza militarra izanik, harresiz mugatutako hiria zen Erdi Arotik. Donostiak hazi zezan, ezinbestekoa zen harresiak eraistea. 1863ko apirilaren 29an Donostiarrek beren nahia lortu zuten, Mirafloresko markesak sinatutako Errege-Ordena jasoz.
 
Aintzinako Donostia eta bere harresien maketa Urgull mendiko gazteluko museoan.

 
Egun hartan Antzoki Zaharrean, 'Il trovatore' operaren atsedenaldian, Eustasio Amilibia alkateak Errege-Ordenaren telegrama jaso zuen eta ikusleei eman zien albiste ona. Maiatzak 4an harresien eraistearen ekitaldi ofiziala burutu zuen udalak.
 

 

Mirafloresko markesaren kalearen izendapena 1907ko irailaren 3an onartu zuten, Marino Tabuyo zinegotziak Donostiako harresien eraistea baimendu zuen Ministro-Kontseiluaren Presidentea omentzeko proposamenari kasu eginez.
 


 



martxoa 04, 2023

62. PELLO MARI OTAÑO KALEA / CALLE DE PELLO MARI OTAÑO

Auzoa: Intxaurrondo




Pello Mari Otaño kalea Otxoki pasealekuan hasten da, Intxaurrondoko kiroldegiaren ondoan, eta Arjel pasealekuan bukatzen da.







Pello Mari Otaño Barriola 1857ko urtarrilaren 26an jaio zen Zizurkilgo Errekalde baserrian. Amaren familia liberala zen, Zizurkilen gehienak karlistak ziren arren. Aitaren familia bertso tradizio handikoa zen.
 
 
 
Bigarren karlistaldia hastean familia Donostiara joan zen. Pello Marik, gerrara soldadu bezala joateko arriskua ekiditeko, 1875an Amerikara alde egin zuen. Laster zen Donostian bueltan baina bigarren aldiz itsasoratu eta 1889an Argentinan bizi zen, mota guztietako lanak burutuz.
 

 
Otaño 1890an bueltatu zen Donostiara. 1891an Maria Magdalena Alberdi Deskargarekin ezkondu zen. Hiru seme izan zituzten. Poeta eta bertsolari bezala fama handia lortu arren, baliabide ekonomiko eskasak zirela eta, 1898an familiarekin Argentinara joan zen azken aldiz.

Pello Mari Otañoren 1894ko Oroimenak eskuizkribuaren lehen orria. El libro atado bezala ere ezagutua.
Eskuizkribu osoa Koldo Mitxelena liburutegiko web orrian kontsultatu daiteke:

 
Argentinan bertso eta olerki ugari argitaratu zituen. 1904ko Alkar olerki bilduma da ezagunena. 1900an, Felix Ortiz San Pelaio musikari azpeitiarrarekin batera, Artzai mutilla izeneko opera idatzi zuen. Pello Mari Otaño 1910ko maiatzaren 6an hil zen, bihotzekoak jota.

Alkar olerki bildumaren 1930ko argitarapena. Argazkia: Wikipedia

Artzai mutilla operaren kartela. Irudia: Wikipedia
 
 
Pello Mari Otaño kalearen izendapena 1993ko ekainak 15ean onartu zen.
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...