Mastodon

martxoa 11, 2023

63. MIRAFLORESKO MARKESAREN KALEA / CALLE DEL MARQUÉS DE MIRAFLORES

Auzoa: Erdialdea




Mirafloresko markesaren kalea Kontxako pasealekuaren eta Zubieta kalearen artean dagoen kale labur bat da, Zubieta kalearen 22 eta 24 zenbakien artean zehazki.




Manuel Pando Fernandez de Pinedo 1792ko abenduak 22an jaio zen, ondoren Fernando VIIa izango zenarekin adiskidetzea zuen familia noble batean. Espainiako Independentzia gerran, maiatzak 2ko altxamenduan parte hartu zuen. 1820an milizia nazionalaren ekintzetan parte hartu zuen.
 
1808ko Maiatzaren 2a Madrilen. Egilea: Francisco Goya. Madrilgo Pradoko museoan dago.
 

1832an politikan hasi zen, Isabel IIa izango zenaren alde eginez. Bere karrera politikoa gorenera iritsi zen 1846an, Ministro-Kontseiluaren Presidente izendatu zutenean, gaur egungo Espainiako Gobernuaren Presidentearen pareko kargua.
 
Mirafloresko markesaren grabatua 1868ko otsailak 22ko El Museo Universal aldizkarian.
 
 
Hainbat kargu garrantzitsu izan ondoren, 1863an Isabel IIak berriro izendatu zuen Ministro-Kontseiluaren Presidente. Orduan lortu zuen Donostian bere omenez kale bat izendatzeko merezimendua, aurrerago ikusiko dugun bezala. 1872an hil zen.
 
Mirafloresko markesaren erretratua. Gabriel Maureta Aracil (1879). Espainiako Senatuaren jauregia.
 

Donostia, plaza militarra izanik, harresiz mugatutako hiria zen Erdi Arotik. Donostiak hazi zezan, ezinbestekoa zen harresiak eraistea. 1863ko apirilaren 29an Donostiarrek beren nahia lortu zuten, Mirafloresko markesak sinatutako Errege-Ordena jasoz.
 
Aintzinako Donostia eta bere harresien maketa Urgull mendiko gazteluko museoan.

 
Egun hartan Antzoki Zaharrean, 'Il trovatore' operaren atsedenaldian, Eustasio Amilibia alkateak Errege-Ordenaren telegrama jaso zuen eta ikusleei eman zien albiste ona. Maiatzak 4an harresien eraistearen ekitaldi ofiziala burutu zuen udalak.
 

 

Mirafloresko markesaren kalearen izendapena 1907ko irailaren 3an onartu zuten, Marino Tabuyo zinegotziak Donostiako harresien eraistea baimendu zuen Ministro-Kontseiluaren Presidentea omentzeko proposamenari kasu eginez.
 


 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...