Auzoa: Erdialdea
Erregina Erregeordearen kalea Boulevard zumardian hasten da, Aldamar eta Okendo kaleen artean, eta Zurriolako zubian amaitzen da Salamanca eta Argentinako Errepublikaren pasealekuen artean.
Erregina Erregeordearen kaleak iturri eta lorategi bat dauzka erdian, Secundino Esnaolaren omenezko busto bat dagoelarik bertan.
Maria Kristina Habsburgekoa, Austriako Karlos Fernando artxidukearen alaba, 1858ko uztailaren 21ean jaio zen. 1879an Alfontso XII.a Espainiakoarekin ezkondu zen, erregea 1878an Maria de las Mercedes Orleanskoaren alargun geratu ondoren.
Alfontso XII.a eta Maria Kristina Habsburgokoa 1885an. Argazkia: Wikimedia Commons
1885an erregea hil zen, Maria Kristina Alfontso XIII.a hurrengo errege izango zenaren haurdun zegoenean. Maria Kristinak erregeordetza hartu zuen Alfontso XIII.a semea adingabea zen bitartean, 1902a arte.
Maria Kristina Erregina Erregeordea Alfontso semearekin 1898an.
Egilea: Luis Álvarez Catalá. Gaur egun Espainiako Senatuaren jauregian dago margoa.
Irudia: Wikimedia Commons.
Maria Kristinaren erregeordetzan txandakatzea egon zen Espainiako gobernuan Canovasen Alderdi Kontserbadorearen eta Sagastaren Alderdi Liberalaren artean. Garai hartan Espainiak itsasoaz bestaldeko azken koloniak galdu zituen Estatu Batuen aurkako gerran jasandako porrotagatik.
Maine koraza-ontzia Habanako portuan hondoratua.
Irudia: Wikipedia https://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:USSMaine.jpg
Maria Kristinak 1887tik 1929an hil arte udak Donostian pasa zituen, Aiete Jauregian lehenik eta Miramar Jauregian 1893tik aurrera. Bere omenezko bi estatua daude, bat Ehunurteurrenaren plazan eta Ondarretako lorategietan bestea.
Eskulturez gain, bere izena daramatzan hotela eta zubia ere dauzkagu Urumea ibaiaren inguruan.
1887ko ekainak 28an Erregina Erregeordearen kalea izendatu zuen udalbatzarrak. II. Errepublikan Francisco Gascue izena eman zioten kaleari, 1937ko ekainak 15ean oraingo izena berreskuratuz. Gaur egun Frantzisko Gaskue kalea Sibilia kalea eta Castelao parkearen artean dago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina