Mastodon

abendua 31, 2022

53. LAUTXIMINIETA PLAZA / PLAZA DE LAUTXIMINIETA

Auzoa: Ibaeta



 
Lautximinieta plaza Igarako industrialdearen hasieran dago, Bernardo Estornes Lasa kalea eta Berio pasealekua bertara iristen dira eta bertan hasten dira Igara bidea eta Portuetxe kalea.






 
Lautximinieta baserria 1960-1970 urteetan desagertu zen. Lau etxebizitza lerroan zituen baserria izateagatik datorkio izena. 1862. urteko Donostiako Hiri eta Landa Etxeen Erregistroan Loitegi edo Lauchiminieta agertzen da Ibaetako 76 zenbakiarekin.
 
Benta Berri auzoko aireko argazki zaharra. Behean, Ibaeta. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Lautximinieta plazaren izendapena 1994ko azaroak 29an onartu zen.
 

 

abendua 24, 2022

52. ZEDROAREN PLAZA / PLAZA DEL CEDRO

Auzoa: Mirakruz-Bidebieta



 
Zedroaren plaza Bidebietako Gaiztarro auzunean kokatzen da, Zumardi eta Pasai San Pedro pasealekuen artean.
 
 




 
Zedroaren plaza eta Zumardi pasealekua dituen auzune hau Bidebieta jauregiaren lursaila zegoen tokian dago. Hiria jasaten ari zen hazkunde demogradikoaren ondorioz, 1962ko Plan Orokorrean lursail hau urbanizatzea erabaki zuen Donostiako Udalak.
 
Bidebieta parkea eta jauregia 1964an. Argazkia: altza.info

 
Lursail ia osoaren jabe zen Fausto Gaiztarro arkitektoak urbanizazio proiektu bat aurkeztu zion udalari, oinezkoentzako auzune bat zuena helburu, lursaileko zuhaitz gehienak mantenduz. Honela, plazari izena ematen dion zedroa, moztu ordez, lekuz aldatu zuten gaur egungo tokira.


Bidebietako zedroaren lekualdaketa 1964an. Argazkiak: altza.info
 

Zedroa gaur egun

 
Zedroa Cedrus generoko konifero handi bat da, orratz formako hosto iraunkorrak ditu faszikuluetan elkartuak. Parkeetan apaingarri bezala asko erabiltzen da zedroa. Ingurune naturalean zedroak Afrika iparraldean, Ekialde Hurbilean eta Himalaian aurkitzen dira.

Zedroa Donostiako Cristina Enea parkean
 
Zedro espezie ezberdinen distribuzio geografikoa. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Zedroaren plazaren izendapena 1973ko abuztuak 31an onartu zen.
 



 

abendua 17, 2022

51. ETZIETA PARKEA / PARQUE DE ETZIETA

Auzoa: Intxaurrondo



 
Etzieta parkea Zarategi pasealekuaren azpian dago, Mons pasealekuaren eta GI-20 saihesbidearen artean.






Leku hau 1939an Altzako udalerria Donostiaratu zutenean bi udalerrien arteko mugan zegoen eta Etcieta bezala ageri da garaiko dokumentuetan. Lizardi baserriaren lurretan zegoen. Baserri hau 1968an desjabetu eta bota zuten.
 
Lizardi baserria 1950an. Argazkia: altza.info. Album altzatarra. Intxaurrondo txuri-beltzean liburutik aterata. https://altza.info/es/doku?z=3&p=1671119901562&o=40&n=&h=lizardi&x=2874
 
 
Gaur egun, Etzieta parkearen azpian GI-20 saihesbidearen lotura berria egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Horretarako, hainbat zuhaitz moztu zituzten eta erakunde ekologistek moztutako zuhaitzak Aldundiak esandakoak baino gehiago direla salatu dute.


Zuhaitzen mozketari buruzko albistea Irutxuloko Hitzan:

 
Etzieta parkearen izendapena 1992ko irailak 21ean onartu zen.
 

 

abendua 10, 2022

50. URBIETA KALEA / CALLE DE URBIETA

Auzoa: Erdialdea

 


 
Urbieta kalea Askatasunaren hiribidean hasten da, Miramar kalearen jarraipen bezala. Mendeurrenaren plazan bukatzen da, Prim kalearekin batera.
 




 
 
Juan Urbieta Hernanin jaiotako soldadua, ospetsu bihurtu zen 1525eko otsailaren 24an, Paviako guduan, etsaiengandik ihes zihoan Frantzisko I.a, Frantziako erregea zalditik erori eta soldadu honek preso hartu zuenean.
 

 
 
Karlos V.a enperadoreak, armarri bat esleitu eta Donejakueren Ordenako Zalduna eta zalditeria kapitain izendatu zuen. 1553ko abuztuaren 23an hil zen Hernanin. Parrokia-elizaren presbiterioaren oinean ehortzi zuten. 1813an, frantziar soldaduek bere gorpuzkinak profanatu zituzten.
 
Hernaniko udaletxea eta eliza. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Urbieta kaleko eraikin esanguratsu bat San Martin merkatua da. Gaur egungo merkatua 2005ko irailak 25ean inauguratu zuten. Merkatal gune bat da, hainbat denda, supermerkatu eta aintzinako merkatuak zeuzkan postuak biltzen dituena.
 



 
 
Aintzinako San Martin merkatua 1884an eraiki zuten Jose Goikoa arkitektoak Baionako Les Halles merkatua eredu bezala hartuta proiektatu zuelarik. 2003an eraitsi zuten merkatal gune berria egiteko. 


 
Urbieta kalearen bukaeran, Prim kalearekin batera Mendeurrenaren plazara iritsiz, Arte Ederren antzokia dago. Ramon Kortazar arkitektoaren eraikin hau 1914an ireki zuten. Zinema aretoa, Donostiako Orfeoiaren egoitza eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu lekua izan zen.

Arte Ederren antzokia 2006an. Argazkia: Wikimedia Commons.

 
1989tik erabilerarik gabe egon da eraikina. Hainbat polemika eta gatazkaren ondoren, gaur egun eraikina eraisten ari dira eta bere jabea den SADE enpresak bertan luxuzko hotel bat egingo dutela adierazi du.
 
SADE enpresaren proiektuaren irudia. Argazkia: Berria
 
 
Urbieta kalearen izendapena 1866ko irailak 12an onartu zen.
 


 


 

abendua 03, 2022

49. NESTOR BASTERRETXEA PLAZA / PLAZA DE NESTOR BASTERRETXEA

Auzoa: Egia

 


 
Nestor Basterretxea plaza Tabakalera eraikina eta Blas de Otero plazaren artean dago, tren geltokira eta María Cristina zubira daraman pasabiderako sarbidean. Gaur egun, geltokian lanak egiten ari dira eta ez dago pasabide hortara sartzerik.





 
 
Nestor Basterretxea 1924an jaio zen Bermeon. 1936an erbesteratu zen bere familiarekin Ipar Euskal Herrira, ondoren Frantziako zenbait hiritan bizi eta Bigarren Mundu gerragatik Argentinara joan zen, non aparejadore ikasketak burutu eta Maria Isabel Irurzunekin ezkondu zen 1951an.
 
Nestor Basterretxea. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Eztei-bidaietan Madrilen zeudela, Jorge Oteizak bultzatuta, Arantzazuko kriptako margoak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Lan horretan ari zela, 1956an Vaticanoak obra osoa debekatu zuen eta Oteizarekin Madrilera joan zen. 1984an lortuko zuen Arantzazuko lanak amaitzea.
 
Arantzazuko kripta. Argazkia: Wikimedia Commons.
 
 
1957an Equipo 57 arte esperimentaleko taldearen sortzaileetako bat izan zen. 1958an Irunera joan zen bizitzera eta eskultura jorratzen hasi zen. 1966an Gaur artista-taldea sortu zuen Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Eduardo Chillida ete beste batzuekin batera.
 
 
Olatua. Bermeoko kirol portua. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Goldea. Tolosa. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Arriarango urtegia. Argazkia: Wikimedia Commons


Omenaldia Pasaiari. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Eskulturaz gain, artearen alor asko jorratu zituen: zinema, argazkigintza, industria marrazkia, arkitektura, literatura... 1968ko Donostiako Zinemaldian Ama Lur filma aurkeztu zuen, leihaketatik kanpo.
 
Nestor Basterretxea Ama Lur filmaren aurkezpenean Astoria zinemaren sarreran.
 
 
1980-1983 bitartean Eusko Jaurlaritzaren arte aholkularia izan zen eta Eusko Legebiltzarreko eskultura-sinboloa sortu zuen.  2013an Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen. 2014ko uztailak 12an hil zen Hondarribian.

Eusko Legebiltzarreko sinboloa. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Donostiako kaleetan bere hiru eskultura daude ikusgai: Bakearen Usoa (Luis Pedro Peña Santiago pasealekuan), Juan Iztuetari eskainitako eskultura (Euskadi plazan) eta Pio Barojaren omenezkoa (Pio Baroja pasealekuan).
 
Bakearen usoa



Juan Iztuetari omenaldia.



Pio Barojaren omenezko eskultura
 
 
2014ko irailak 25ean onartu zen Nestor Basterretxea plazaren izendapena. 
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...