Mastodon

ekaina 18, 2022

25. PIO BAROJA PASEALEKUA / PASEO DE PÍO BAROJA

Auzoak: Antiguo / Aiete





Pio Baroja pasealekua Mikelete pasealekuan hasten da, Antiguako San Sebastian martiriaren elizaren atzean.
 




 
 
Lazkano biribilgunean amaitzen da pasealeku hau.






Pio Baroja Nessi Donostiako Okendo kaleko 6 zenbakian jaio zen 1872ko abenduak 28an, familia aberats batean. Medikuntza ikasi zuen eta Zestoan egon zen mediku urtebete inguru, baina lanbidea utzi eta Madrilera joan zen bertan familiak zuen okindegi baten kargu hartuta.
 



 
Madrilen hainbat egunkari eta aldizkaritan artikuluak idatzi zituen. Espainia eta Estatu Batuen arteko gerraren garaia zen hura. Anarkismoaren aldeko izan zen garai hartan Baroja. Madrilgo literatura munduan sartu zen, Rodrigo de Maeztu eta Azorin izan zituen adiskide.

Pio Baroja 1912ko aldizkari batean. Argazkia: Wikipedia

 
Europan zehar bidaia ugari egin zituen Pio Barojak eta XX. mendearen hasieran bere lehen eleberriak idatzi zituen. Anarkista eta errepublikaren aldeko izanik gaztetan, totalitarismoaren aldeko bihurtu zen beranduago. Espainiako bigarren errepublikaren kontra agertu zen.

Pio Barojaren erretratua, Joaquin Sorollak margotua 1914an. Irudia: Wikipedia

 
Espainiako Errege Akademiaren kide egin zuten 1935an. Gerra zibila familiak Beran zeukan etxean harrapatu zuen. Karlistek Doneztebera eraman zuten preso baina berehala askatu zuten eta Frantziara alde egin zuen, 1940an Madrilera bueltatu zen arte. 1956ko urriak 30ean hil zen.

Barojatarren etxea Beran. Argazkia: Wikipedia


Hainbat eleberri idatzi zituen Barojak. 'El mayorazgo de Labraz, 'La casa de Aitzgorri', 'La feria de los discretos', 'Los últimos románticos', 'Las inquietudes de Shanti Andia', 'La leyenda de Jaun Alzate', 'El árbol de la ciencia' eta 'Zalacaín el aventurero' adibidez.




 
 
1971ko uztailak 14an onartu zen Pio Baroja pasealekuaren izendapena. Bertan, 1971n Pio Barojaren jaiotzaren lehen ehunurteurrena ospatzean egindako Donostiako II. Eskultura Bienala irabazi zuen Nestor Basterretxearen 'Monumento a Pio Baroja' obra dago.
 



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...