Auzoa: Gros
Zurriola pasealekuaren jarraipena da. Saguesen, Aita Claret plazan hasi eta Ulia Mendiko Monpas muturrerantz doa. Pasealekuaren bukaeran hesi batek Monpaserako sarbidea eragozten du.
Pasealeku honetan Bakearen Usoa izeneko eskultura dago, Nestor Basterretxearena. Burdinazko eskultura bat da, poliester zuriz estalia. Uso zuri baten antza du eta 7 metroko altuera du, 9 metroko luzera eta metro bateko zabalera.
Bakearen Usoa 1988ko abenduak 21ean Zurriola pasealekuan kokatu zuten, gaur egun erizainen plaza dagoen lekuan. 1993ko urriak 18an Aita Donostia plazara eraman zuten, Anoeta ondoan, Kursaal berria eraikitzen hasi zirelako. 2014ko abenduak 10etik aurrera oraingo kokapenean dago.
Bakearen Usoa Aita Donostia plazan. Argazkia: Amarauna (Donostia Kultura)
Luis Pedro Peña Santiago Irunen jaio zen 1933ko azaroak 26an. Idazle, etnologo eta mendizalea zen. Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko idazkari eta lehendakaria izan zen, sail hau indartu zuelarik. Club Vasco de Camping elkarteko ohoreko kide izan zen ere.
Luis Pedro Peña Santiago. Argazkia:Wikipedia.
1964tik aurrera El Diario Vascon arte, etnografia eta mendi-ibilbideei buruzko atal bat izan zuen astero. Gai hauei buruzko liburu ugari idatzi zituen eta ETBko natura eta mendiari buruzko Ibilaldiak izeneko saioaren gidoigile izan zen. Donostian hil zen 1994ko abuztuak 20an.
1994ko azaroak 29an onartu zen Luis Pedro Peña Santiago pasealekuaren izendapena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina