Mastodon

maiatza 28, 2022

22. LUIS PEDRO PEÑA SANTIAGO PASEALEKUA / PASEO DE LUIS PEDRO PEÑA SANTIAGO

Auzoa: Gros



 
 
Zurriola pasealekuaren jarraipena da. Saguesen, Aita Claret plazan hasi eta Ulia Mendiko Monpas muturrerantz doa. Pasealekuaren bukaeran hesi batek Monpaserako sarbidea eragozten du.
 




 
Pasealeku honetan Bakearen Usoa izeneko eskultura dago, Nestor Basterretxearena. Burdinazko eskultura bat da, poliester zuriz estalia. Uso zuri baten antza du eta 7 metroko altuera du, 9 metroko luzera eta metro bateko zabalera.



Bakearen Usoa 1988ko abenduak 21ean Zurriola pasealekuan kokatu zuten, gaur egun erizainen plaza dagoen lekuan. 1993ko urriak 18an Aita Donostia plazara eraman zuten, Anoeta ondoan, Kursaal berria eraikitzen hasi zirelako. 2014ko abenduak 10etik aurrera oraingo kokapenean dago.
 
 
Bakearen Usoa Zurriola pasealekuan. Argazkia: Kutxateka


Bakearen Usoa Aita Donostia plazan. Argazkia: Amarauna (Donostia Kultura)
 
 
Bakearen Usoa Aita Donostia plazan. Argazkia: Amarauna (Donostia Kultura)
 
 
Luis Pedro Peña Santiago Irunen jaio zen 1933ko azaroak 26an. Idazle, etnologo eta mendizalea zen. Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko idazkari eta lehendakaria izan zen, sail hau indartu zuelarik. Club Vasco de Camping elkarteko ohoreko kide izan zen ere.
 
 
 
1964tik aurrera El Diario Vascon arte, etnografia eta mendi-ibilbideei buruzko atal bat izan zuen astero. Gai hauei buruzko liburu ugari idatzi zituen eta ETBko natura eta mendiari buruzko Ibilaldiak izeneko saioaren gidoigile izan zen. Donostian hil zen 1994ko abuztuak 20an.
 

 
 
1994ko azaroak 29an onartu zen Luis Pedro Peña Santiago pasealekuaren izendapena.



maiatza 21, 2022

21. PABLO GOROSABEL KALEA / CALLE DE PABLO GOROSABEL

Auzoa: Amara Berri



 
Pablo Gorosabel kalea Loiolako Erribera pasealekuan hasten da eta Beroiz kalean bukatzen da, Loiolako Erriberan, Barcelona hiribidearen bukaeran. Bertan, auzoa itxiz, ikastetxe bat eta polikiroldegi bat daude.





 
 
Pablo Gorosabel Dominguez 1803ko urtarrilak 16an jaio zen Tolosan. Zuzenbidea ikasi zuen Oñatin eta Madrilen, 1828an lizentziatura eskuratu zuelarik. Legediari buruzko hainbat liburu idatzi zituen.


Pablo Gorosabelen omenezko monumentua Tolosan. Argazkia: Wikipedia




Gipuzkoan hainbat kargu politiko izan zituen. Tolosako alkate izan zen, baita Gipuzkoako korrejidore (erregearen ordezkari), Foru Aldundiko diputatu, eta azkenik, 1858tik aurrera, Probintziako Artxibozain. Bere jarrera politikoa liberalismo eta foralismoaren erdibidean zegoen.

Tolosa 1844an, Gipuzkoako hiriburu izendatu berri zenean.
Argazkia: XIX. mendeko albuma. Gipuzkoako Foru Aldundia


Pablo Gorosabelek Tolosa eta Gipuzkoari buruzko historia liburu batzuk idatzi zituen. 1868ko urtarrilak 23an hil zen Donostian.
 
 
Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, Pablo Gorosabelek idatzia eta 1899an argitaratua. 
Argazkia: Kutxateka.


Pablo Gorosabel kalearen izendapena 2001eko abenduak 3an onartu zen.

 


maiatza 14, 2022

20. VITORIA-GASTEIZ KALEA / CALLE DE VITORIA-GASTEIZ

 Auzoa: Antiguo


Kale hau Iruñea kalean hasten da, Cristina infantaren kalearean bukaeran, eta Maule kalean bukatzen da.




 

Gasteiz Arabako eta EAEko hiriburua da. Euskal Herriko bigarren hiri jendetsuena da, 253.093 biztanlerekin. Azaleran ere Euskal herriko bigarren udalerria da 276,81 Km² dituelarik.

 


Antzinatik populatuta, Karistiarrak bizi omen ziren bertan. Erromatarren garaiko aztarnak ere ugariak dira. 1181an Nafarroako Antso VI.a jakitunak hiri izendatu zuen Gasteiz izena zuen herrixka, Nova Victoria izenarekin. 1200an Gaztelako Alfontso VIII.ak hiria konkistatu zuen.
 
 
Antso VI.a jakituna.
 
 
XVII. mendean hasi zen harresiz kanpoko hazkundea, gaur egungo Andra Mari Zuriaren plazako azokekin. XIX. mendean, industrializazioarekin batera, trenbidea eraiki zuten eta bertara doan Dato kalearen inguruan hazi zen Gasteiz.




Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza.
 
XX. mendearen erdialdetik aurrera beste hazkunde garrantzitsu bat izan zuen Gasteizek, beste gorakada industrial baten ondorioz lehenik eta Eusko Jaurlaritzarekin erlazionatutako egoitzen sorreraren ondorioz beranduago.
 
 
Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia

 

1992ko irailak 21ean onartu zen Vitoria-Gasteiz kalearen izendapena.




maiatza 07, 2022

19. JUAN GOROSTIDI PLAZA / PLAZA DE JUAN GOROSTIDI

Auzoa: Intxaurrondo

 

 
 
Plaza hau Gaztela, Baratzategi eta Beltran Pagola kaleen eta Siustegi parkearen artean kokatzen da.
 



 
 
 
Juan Gorostidi Garmendia Donostian jaio zen 1900ean. Solfeoa, kantua, pianoa eta harmonia ikasi zituen. Donostiako Orfeoiko Haur Koruan sartu zen hamar urte zituela eta Orfeoiarekin arrakasta handia lortu zuen bai Madrilen eta baita Hendaian ere 1910ko hamarkadan.

 
Juan Gorostidi Garmendia (Auñamendi eusko entziklopedia)
 
 
1932an Donostiako Orfeoiko zuzendari izendatu zuten, eta handik aurrera Orfeoia munduko abesbatza onenetakoa bihurtu zuen. Kantu-irakasle nabarmena ere izan zen. Idazle, musikagile eta musika-kritikaria ere izan zen. 1968ko abuztuak 14an hil zen Donostian.

Donostiako Orfeoiaren ekitaldia 1941an. Argazkia: Kutxateka


 
Juan Gorostidi plazaren izendapena 1993ko ekainak 15ean onartu zen.
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...