Auzoa: Erdialdea
Oinezkoentzako kale hau Askatasunaren Hiribidean hasten da eta San Martin kalean bukatzen da, Artzain Onaren katedralaren parean.
Kalearen izena Ignazio Loiolakoagatik datorkio, Frantzisko Xabierkoarekin batera Jesusen Lagundia sortu zuen militar eta erlijiosoa, Gipuzkoa eta Bizkaiko santu zaindari nagusia.
Ignazio Loiolakoa. Egilea: Peter Paul Rubens. Norton Simon museoa. Pasadena, Kalifornia, AEB.
https://commons.wikimedia.org/wiki/File:St_Ignatius_of_Loyola_(1491-1556)_Founder_of_the_Jesuits.jpg
Eneko Lopez Loiolakoa 1491ko abenduaren 24an jaio zen Azpeitian, Gipuzkoako familia boteretsu baten baitan, hamahiru neba-arrebetatik txikiena izanik. Bere familiak Gaztelako erresumaren alde armak hartu zituen hainbat alditan.
Iñigo (Eneko izenaren ohiko latinizazioa) txikitatik kleriko izateko prestatu zuten, eta bere anaia Martin 1498an Magdalena Araoz, Elisabet erreginaren ohore-damarekin ezkondu zenean, honek gortean jarduteko prestatu zuen anaia txikia.
Elisabet I.a Gaztelakoa
Gaztaroa Gaztelako gortean pasa zuen Iñigok, Valladolid eta Arevalo artean. 1515an Azpeitiara egindako bisita batean bere anaia Pedrorekin batera "krimen izugarri" bat burutu zuen, baina biak kleriko izanik (kleriko bizita utzita izan arren) zigor txikia bete zuten Iruñean.
Ignazio Loiolakoa. Versaillesko jauregiko bilduma
1516tik aurrera militar bezala Naiarako duke eta Nafarroako erregeorde Antonio Manrique de Larareren agindutara egon zen. 1521an Iruñeako defentsaren buruzagi izan zen Martin anaiarekin batera Henrike II.a Nafarroakoaren tropen aurka, zeinak André Foixkoaren aginduetara zeuden.
Iruñeako setioan bonbarda batek Iñigo larriki zauritu zuen bi hanketan. Iruñea hartuta, André Foixkoak, etsai izan arren, Iñigoren ahaide izanik, premiazko sendaketak emateko bitartekoak jarri zituen. Azpeitiara bueltan, Iñigo sendatu egin zen, baina herren geratu zen.
San Ignazio zaurituaren eskultura Iruñean.
Sendatzen ari zen bitartean, liburu erlijiosoak irakurri zituen. Horren ondorioz, 1522ko otsailean, mando baten gainean, Jerusalemgo bidea hartu zuen. Arantzazutik pasa eta Montserratera abiatu zen, non arropa dotoreak utzi eta Jesusen soldadu izendatu zuen bere burua.
Ignazio Loiolakoaren bidaiak
Manresan, erromara joateko ontziaren zain zegoela, bere gogo-jardunak idatzi zituen. Erroman Aita Santuak Jerusalemera joateko baimena eman zion. Oinez joan zen Veneziara, itsasontzi bat hartu eta 1523ko irailaren 4an Jerusalemera iritsi zen.
Lur santutik bueltan Alcalá de Henares, Bartzelona eta Parisko unibertsitateetan ikasi zuen. Ignatius (Ignazio) deitu zuen bere burua Iñigo ordez. Parisen, San Frantzisko Xabierkoarekin batera, Jesusen Lagundia sortu zuen. Ordena berria oso garrantzitsua izan zen Kontrarreforman.
Jesusen Lagundiaren IHS monograma Lagundiaren ama eliza den erromako Gesù elizan.
Ignazio Loiolakoa 1556ko uztailaren 31an hil zen Erroman. 1609an Paulo V.ak beatifikatu zuen eta 1622an Gregorio XV.ak santu izendatu zuen. Bere omenez, familiaren dorretxearen lurretan, Loiolako santutegia eraiki zuten.
1866ko irailaren 12ko udalbatzarrean onartu zen Loiola kalearen izendapena, Donostiako zabalguneko (gaur egungo Erdialdea) kale gehienekin batera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina