Mastodon

apirila 30, 2022

18. ZUBEROA PLAZA / PLAZA DE ZUBEROA

 Auzoa: Gros




 
Plaza hau Colon pasealekuaren eta Usandizaga eta Miguel Imaz kaleen arteko triangeluan kokatzen da.



 

  

Plazaren izena Zuberoako herrialdetik datorkio. Zuberoa Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik txikiena (814,5 km²) eta biztanle gutxien dituena da (17.018 biztanle).
 
 


Zuberoako iparraldean Ühaitza ibaia dago eta lautadak dira nagusi. Hegoaldera joan ahala paisaia menditsuagoa bihurtzen da, Pirinioak bait daude bertan. Orhi mendia da Zuberoako garaiena (2017 m.). Mendialde honetan oso ezagunak dira Holtzarte eta Kakuetako arroilak.
 
 
 
 

Zuberoako hiriburua Maule-Lextarre da (2.950 biztanle). Bertan, aipagarria da Mauleko gaztelua.




Zuberera, biarnesaren eraginagatik, euskalki oso berezia da. Ahoskera ezberdina da beste euskalkiekin konparatuta, batez ere ü ahotsagatik. Hiztegian ere desberdintasun handia dago. 
 
 
 
Zuberoako kulturaren adierazgarri dira pastoralak, bertsoz kantatzen diren herri-antzerkiak. Ezagunak dira ere Zuberoako maskaradak, neguko iñauteriak.


Eñaut d'Elizagarai pastorala, Gamere-Zihigan


 
 
 
1993ko ekainaren 15ean onartu zen Zuberoa plazaren izendapena.
 

 

apirila 23, 2022

17. LOIOLA KALEA / CALLE DE LOYOLA

Auzoa: Erdialdea



Oinezkoentzako kale hau Askatasunaren Hiribidean hasten da eta San Martin kalean bukatzen da, Artzain Onaren katedralaren parean.
 









Kalearen izena Ignazio Loiolakoagatik datorkio, Frantzisko Xabierkoarekin batera Jesusen Lagundia sortu zuen militar eta erlijiosoa, Gipuzkoa eta Bizkaiko santu zaindari nagusia.
 
 Ignazio Loiolakoa. Egilea: Peter Paul Rubens. Norton Simon museoa. Pasadena, Kalifornia, AEB.

 
 
Eneko Lopez Loiolakoa 1491ko abenduaren 24an jaio zen Azpeitian, Gipuzkoako familia boteretsu baten baitan, hamahiru neba-arrebetatik txikiena izanik. Bere familiak Gaztelako erresumaren alde armak hartu zituen hainbat alditan.
 
Loiolatarren oinetxea, Loiolako santutegian.




Iñigo (Eneko izenaren ohiko latinizazioa) txikitatik kleriko izateko prestatu zuten, eta bere anaia Martin 1498an Magdalena Araoz, Elisabet erreginaren ohore-damarekin ezkondu zenean, honek gortean jarduteko prestatu zuen anaia txikia.

Elisabet I.a Gaztelakoa

Gaztaroa Gaztelako gortean pasa zuen Iñigok, Valladolid eta Arevalo artean. 1515an Azpeitiara egindako bisita batean bere anaia Pedrorekin batera "krimen izugarri" bat burutu zuen, baina biak kleriko izanik (kleriko bizita utzita izan arren) zigor txikia bete zuten Iruñean.

Ignazio Loiolakoa. Versaillesko jauregiko bilduma

 
1516tik aurrera militar bezala Naiarako duke eta Nafarroako erregeorde Antonio Manrique de Larareren agindutara egon zen. 1521an Iruñeako defentsaren buruzagi izan zen Martin anaiarekin batera Henrike II.a Nafarroakoaren tropen aurka, zeinak André Foixkoaren aginduetara zeuden.

André Foixkoa



Iruñeako setioan bonbarda batek Iñigo larriki zauritu zuen bi hanketan. Iruñea hartuta, André Foixkoak, etsai izan arren, Iñigoren ahaide izanik, premiazko sendaketak emateko bitartekoak jarri zituen. Azpeitiara bueltan, Iñigo sendatu egin zen, baina herren geratu zen.
 
 
San Ignazio zaurituaren eskultura Iruñean.
 
 
Sendatzen ari zen bitartean, liburu erlijiosoak irakurri zituen. Horren ondorioz, 1522ko otsailean, mando baten gainean, Jerusalemgo bidea hartu zuen. Arantzazutik pasa eta Montserratera abiatu zen, non arropa dotoreak utzi eta Jesusen soldadu izendatu zuen bere burua.
 

Ignazio Loiolakoaren bidaiak

 
 
Manresan, erromara joateko ontziaren zain zegoela, bere gogo-jardunak idatzi zituen. Erroman Aita Santuak Jerusalemera joateko baimena eman zion. Oinez joan zen Veneziara, itsasontzi bat hartu eta 1523ko irailaren 4an Jerusalemera iritsi zen.


Gogo-jardunak

 
 
Lur santutik bueltan Alcalá de Henares, Bartzelona eta Parisko unibertsitateetan ikasi zuen. Ignatius (Ignazio) deitu zuen bere burua Iñigo ordez. Parisen, San Frantzisko Xabierkoarekin batera, Jesusen Lagundia sortu zuen. Ordena berria oso garrantzitsua izan zen Kontrarreforman.


Jesusen Lagundiaren IHS monograma Lagundiaren ama eliza den erromako Gesù elizan.

 
 
Ignazio Loiolakoa 1556ko uztailaren 31an hil zen Erroman. 1609an Paulo V.ak beatifikatu zuen eta 1622an Gregorio XV.ak santu izendatu zuen. Bere omenez, familiaren dorretxearen lurretan, Loiolako santutegia eraiki zuten.


Loiolako santutegia

 

 

1866ko irailaren 12ko udalbatzarrean onartu zen Loiola kalearen izendapena, Donostiako zabalguneko (gaur egungo Erdialdea) kale gehienekin batera.

 

apirila 16, 2022

16. MALDATXO KALEA / CALLE DE MALDATXO

Auzoa: Egia




Mandasko Dukearen pasealekuko 23. zenbakiko eraikinean dagoen tunel txiki batean hasten den bide bat da, Konkorrenea kalearen erdialdera iristen delarik, Osalan erakundearen eraikinera, hain zuzen ere.










1928ko otsailaren 26an San Antonio klinika ireki zuten. Klinikara iristeko Atotxako pasealekutik (gaurko Mandasko Dukearen pasealekua) klinikaraino zihoan bidea egin zuten ere. La Voz de Guipúzcoa eta El Pueblo Vasco egunkarietan klinikaren inaugurazioari buruzko erreportaiak irakurri ditzakegu.



 






San Antonio klinikaren bi ikuspegi, 1920ko edo 1930ko hamarkadan. Argazkiak: Kutxateka




1984an San Antonio klinika itxi zuten eta 1988ko martxoaren 23ko udalbatzarrean klinikara zeraman bideari Maldatxo kalea bezala izendatzea onartu zen. Hala ere, Maldatxo kalearen historia ez da hemen bukatzen.

 


 

 

Maldatxo kaleko bizilagunek diote 2015 urtera arte udala arduratzen zela kalea egoera onean mantentzeaz, 1988an kale publiko bihurtu bait zen. Udalak ordea, Maldatxo kalea pribatua dela dio eta ez du konponketarik burutu nahi kale hontan. Hala adierazi zuten 2021ko maiatzaren 27ko udalbatzarrean.




2022ko martxoan udalak berriro adierazi zuen ez zuela Maldatxo kalea konpontzeko intentziorik.

https://irutxulo.hitza.eus/2022/03/07/udalak-ez-du-konponduko-maldatxo-kaleko-zoladura/

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...