Mastodon

urria 25, 2025

186. JOSEBA ELOSEGI BEGIRATOKIA / MIRADOR JOSEBA ELOSEGI

Auzoa: Erdialdea



 
Joseba Elosegi begiratokia San Bartolome gainean dago. San Bartolome gaineko kaletik iritsi daiteke bertara eta baita ere Easo kalean dagoen igogailu batetik.
 




 
Joseba Elosegi Odriozola Donostian jaio zen 1915ko abenduaren 6an. EAJko militantea, Eusko Gudarostearen Saseta batailoiako kapitaina zen. Frankistek heriotza zigorra ezarri zioten baina preso-truke batean askatu eta Katalunian jarraitu zuen guduan, gero Frantziara alde eginez.
 
Roque de Amunarriz komandantea, ikurriña azpian, eta bere eskuinean Joseba Elosegi.
 
 
Hainbat atxiloketa izan zituen. 1946ko uztailarren 18an Artzain Onaren katedralean ikurriña bat jartzeagatik, adibidez. 1970ko irailaren 18an, Anoeta frontoian Munduko Pilota Txapelketan, bere buruari su eman zion Francoren aurrean "Gora Euskadi Askatuta" oihukatuz.

Joseba Elosegi sutan Anoeta frontoian. Argazkia: Argia 
 
 
1979tik 1989ra senatari izan zen. 1984an Madrilgo Armadaren Museotik Itxarkundia batailoiaren ikurriña lapurtu zuen. Senatuaren erreguzko-batzordeak ez zuen Elosegi epaitzeko baimenik eman. Elosegi 1986an Eusko Alkartasunara pasa zen. 1990ko azaroaren 5ean hil zen Donostian.
 
Joseba Elosegi ostutako ikurriña txaketa azpian daramala. Argazkia: Iñaki Anasagastiren bloga Deian.
 
 
 
Joseba Elosegi begiratokiaren izendapena 2019ko apirilaren 17an onartu zen.
 

 

urria 18, 2025

185. LARRAMENDI KALEA / CALLE DE LARRAMENDI

Auzoa: Erdialdea



 
Larramendi kalea Gernikako Arbolaren pasealekuan hasten da eta Easo kalean amaitzen da, Lizarra kalearen hasieran.
 


 
Manuel Garagorri Larramendi Andoainen jaio zen 1690ko abenduaren 25ean. Haurtzarotik amaren Larramendi abizena hobetsi zuen. Hamazazpi urterekin Jesusen Lagundian sartu zen. Filosofia eta teologia ikasi zituen Medina del Campo eta Salamancan. 1734an itzuli zen Loiolara.
 
Aita Larramendiren monumentua Andoainen. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Larramendi euskararen babesle eta sustatzaile sutsua izan zen. Euskararen lehen gramatika (Ezina Egina) eta lehen hiztegia (Hiztegi hirukoitza) idatzi zituen. Gipuzkoako foruen defentsaren alde egin zuen biziki. Aita Larramendi Azpeitiko Loiolan hil zen 1766ko urtarrilaren 29an.
 
Larramendiren hiztegi hirukoitzaren orrialde nagusia. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
1866ko irailaren 12an erabaki zen aita Larramendiren omenez kale bat izendatzea. Larramendi kalearen izendapena 1891ko azaroaren 16an onartu zen.
 

 

urria 11, 2025

184. JULIO URKIXO PASEALEKUA / PASEO DE JULIO URKIXO

Auzoa: Mirakruz-Bidebieta



 
Julio Urkixo pasealekua Joan XXIII.aren pasealekuan hasten da. U formako ibilbidea egiten du berriro Joan XXIII.aren pasealekura bueltatuz eta Serapio Mujika pasealekuaren amaierarekin bat eginez.
 





Julio Urkixo Ibarra Deustun jaio zen 1871ko apirilaren 3an familia aristokratiko batean. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko unibertsitatean, 1892an Salamancan doktoretza lortuz. Euskara ikasi eta euskaltzale bihurtu zen. Eusko Ikaskuntzaren RIEV aldizkaria sortu zuen.
 
 
 
Elkarte Tradizionalista alderdi karlistaren kide, gorteetako diputatu izan zen 1903an eta 1931an. Gerra zibila hastean Donostiatik ihes egin zuen, Gipuzkoako Foru aldundiak bere 14.000 aleko liburutegia babestea lortuta. 1950ko urriaren 30ean hil zen Donostian.
  
Julio Urkixoren liburu baten ex-librisa. Irudia: Wikimedia Commons
 

1973ko abuztuaren 31ean Julio de Urquijo pasealekuaren izendapena onartu zen. 2014ko urriaren 30eko udalbatzarrean pasealekuaren izena Julio Urkixo bezala berrizendatzea onartu zen.
 

urria 04, 2025

183. URDANETA KALEA / CALLE DE URDANETA

Auzoa: Erdialdea



 
Urdaneta kalea Artzain Onaren katedralaren atzean dago. Gernikako Arbolaren pasealekuan hasten da eta Easo kalean bukatzen da, Joseba Elosegi begiratokiaren parean.
 





Andres Urdaneta Zerain Ordizian jaio zen 1508an. 1525an García Jofre de Loaisaren espedizioan joan zen Moluketara. Han Portugaldarrek espedizioa erasotu zuten. 1536an Iritsi ziren Lisboara eta 1537an Urdanetak espedizioaren memoria entregatu zion Karlos I.a Espainiako erregeari.
 
XIX. Mendean Víctor Millánek egindako Andres Urdanetaren erretratua. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
1553an Mexikoko Agustindarren komentuan sartu zen. Felipe II.ak Moluketara joan eta Mexikorako itzulbidea aurkitzeko enkargua eman zion Urdanetari eta hala lortu zuen 1565an Filipinetatik Acapulcorako bidea lau hilabetetan burutuz. Urdaneta 1568ko ekainaren 3an hil zen Mexikon.

Urdanetak aurkitutako itzulbidea. Irudia: Wikipedia
 
 
Urdaneta kalearen izendapena 1891ko azaroaren 16an onartu zen.
 

 

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza   Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.     Ermita bidea gau...