Mastodon

martxoa 29, 2025

170. IDIAKEZ KALEA / CALLE DE IDIAKEZ

Auzoa: Erdialdea



 
Idiakez kalea Gipuzkoa plazan hasten da, Camino kalearen bukaeran, eta Askatasunaren hiribidean amaitzen da, Bergara kalearen hasieran.
 



Idiakez leinua Gipuzkoako familia noble bat izan zen, bertako kide askok Donostiarekin harreman estua zutena. Alfontso edo Alonso Idiakez Jurramendi izan zen nabarmenena. Tolosan jaioa 1497an, Karlos V.a enperadorearen aholkulari eta idazkari izan zen 1520tik aurrera.
 
 
Tolosako Idiakez jauregia. Orube honetan jaio zen Alfontso Idiakez Jurramendi. Argazkia; Wikipedia
 
 
Arte eta letren maitale, Luis Vives humanistaren laguna zen. Donostian Antiguako eta San Telmoko komentuak sortu zituen. 1539an Grazia Olazabalekin ezkondu zen. 1547an protestante talde batek erahil zuen Torgaun. San Telmon hilobiratua dago Grazia Olazabalekin batera.
 
 
Alfontso Idiakez eta Grazia Olazabalen hilobia San Telmon
 
 
Joan Idiakez, Alfontsoren semea, 1540an jaioa Madrilen, Filipe II.aren eta Filipe III.aren estatu-idazkari izan zen. Genoako eta Veneziako enbaxadore izan zen ere. Donostian hainbat berrikuntza lan burutu zituen, Urgulleko gazteluan adibidez. Segovian hil zen 1614an.
 
Donostia XVI. mendean, Hoefnagelek marraztua. Irudia: Wikipedia
 
 
Joanen seme Alonso Idiakez Butroe eta Muxika, 1565an jaio zen Donostian. Amagandik Butroe eta Muxikaz gain Aramaioko jaurerria (ondoren konderria) jaso zituen. Filipe III.ak Biandrinako (Milan) eta Ciudad Realeko duke (Napoliko erresuman) izendatu zuen. Milanen hil zen 1618an.
 
 
Alonso Idiakez Butroe eta Muxika. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Idiakez kalearen izendapena 1866ko irailaren 12an onartu zen.
 

 

martxoa 22, 2025

169. ILLARRA BIDEA / CAMINO DE ILLARRA

Auzoa: Ibaeta




Illarra bidea Berion hasten da, Aspace eta Gureak dauden eremuan. Berio pasealekura iristean eskubirako bidea egiten du Igarako industrialderuntz. Bertan, adar bat Portuetxe kalean bukatzen da, Jorge Oteiza plazaren ondoan, eta beste bat Pokopandegi kalean, Iribar kalearen parean.
 




 
Illarra bidea aintzinako Usurbilgo errepidearen parte zen. Illarra baserriaren aipamenak 1824tik ezagutzen dira. Gaur egun, Illarra bidearen 97 zenbakian Illarra erretegia aurkitzen da.
  



Illarra bidearen izendapena 1992ko azaroaren 21ean onartu zen.
 



 

martxoa 15, 2025

168. ZUBIBERRI BIDEA / CAMINO DE ZUBIBERRI

Auzoak: Ibaeta, Añorga

 


Zubiberri bidea Tolosa hiribidearen amaieran hasten da, infernua izeneko zonaldean.
 
 


 
 
Aurrerago bi adarretan banatzen da. Adar bat Zuatzu poligonora doa, Errotaburu pasealekuan amaituz.
 
 

 
 
Beste adarra garbigunetik pasa eta Atotxaerrekako Patxikuene kalera doa.
 




 
Bidearen hasieran zegoen Zubiberri etxeak ematen dio izena. XIX. mende amaieran eraikia, taberna izan zen. Batzuk diote inguruan zegoen Belen etxearen kontrako izengoiti bezala infernua deitu ziotela etxeari eta beraz, zonaldeari, baina ez dago argi.
 
 


 
Martxoaren 6an hasi ziren Infernuan auzune berria eraikitzeko lanak. Bertan geratzen ziren eraikinak botatzen hasi dira eta Zubiberri etxea eraitsi dute jada.
 


 
Zubiberri bidearen izendapena 1988ko martxoaren 23an onartu zen.
 
 

 

martxoa 08, 2025

167. PETRITEGI BIDEA / CAMINO DE PETRITEGI

Auzoa: Martutene




Petritegi bidea Martutenetik Astigarragarako errepidean hasten da, Astigarragako udalerrian, Gartziategi eta Lizeaga sagardotegien ondoren. Goruntz egiten duen bidea da, Petritegi sagardotegiruntz.
 




 
Sagardotegia pasa ondoren, ezkerrean dauden Etxetxiki eta Goikoalde etxeak dira Donostiako udalerriaren parte diren bide honetako etxe bakarrak. Bidea ondoren banatu egiten da, adar bat ur edangarrien estaziora, beste bat Txoritokieta aldera eta azkena 27. poligonora eramanez.
 




 
Petritegi bidearen izena bertan dauden baserri eta sagardotegitik dator. Baserriaren jatorria XVI. mende hasieran dago. Pedro Martinez de Igeldo, Petri Igeldokoak, Murgia jauregiko jaunari lurrak erosi zizkion eta Petritegi tolare-baserria eraiki zuen bertan.

 
Petritegi sagardotegia. Argazkia: petritegi.com
 
 
Petritegi bidearen izendapena noiz onartu zeneko aipamenik ez dut aurkitu.
 

 

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza   Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.     Ermita bidea gau...