Mastodon

abendua 28, 2024

157. LEGAZPI KALEA / CALLE DE LEGAZPI

Auzoa: Erdialdea




Legazpi kalea Boulevard zumardian hasi eta Gipuzkoa plazan bukatzen da, Bengoetxea kalearen ondoan.
 
 
 
 
Miguel Lopez Legazpi 1503 aldera jaio zen Zumarragako Legazpi dorrean. Zuzenbidea ikasi eta zinegotzi izan ondoren, 1528an Mexikora joan zen bizitzera. Espainia Berriko erregeorderrian hainbat kargu izan zituen, eskribau gorena eta Mexiko Hiriko alkate nagusi, adibidez.

Legazpi dorrea. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
1564an Felipe II.ak Filipinetako konkista burutzea agindu zion. Hurrengo urteetan Filipinetako uharteen konkista eta administrazioan aritu zen. 1571an Manila sortu zuen eta 1572ko abuztuaren 20an hil zen bertan, Felipe II.ak 2000 dukateko ordainsaria eman ziola jakin gabe.

Legazpiren bustoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinean. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Legazpi kalearen izendapena 1866ko irailaren 12an onartu zen.
 

 

abendua 21, 2024

156. SALAMANCA PASEALEKUA / PASEO DE SALAMANCA

Auzoa: Erdialdea

 


Salamanca Pasealekua Urumea ibaiaren bokalean dago. Erregina Erregeordearen kalean hasten da eta Paseo Berrian bukatzen da.






José Salamanca Mayol Malagan jaio zen 1811ko maiatzaren 23an. Burdinbide, hiri-eraikuntza, banka eta burtsan hainbat negozio zituen. Politikan parte hartze handia izan zuen eta Isabel II.ak markes izendatu zuen. Negozio batzuen porrotaren ondoren, 1883an hil zen, zor handiak utziz.

Salamancako markesa. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Zurriolako harresiaren eraisketak ekialdeko zabalduraren eraikuntza ekarri zuen. 1882an hasi ziren lanak, Salamancako markesaren Sociedad Inmobiliaria de San Sebastian enpresaren eskutik. Markesa 1883an hil zen eta bere izena eman zioten eraiki berria zen pasealekuari.
 
Salamanca pasealekua eta Kursaal zaharra 1924an. Argazkia: Kutxateka
 
Salamanca pasealeka 1930ean. Argazkia: Kutxateka
 
 
Salamanca Pasealekuaren izendapena 1885ko irailaren 9an onartu zen.
 

 


abendua 14, 2024

155. FRANCISCO GRANDMONTAGNE KALEA / CALLE DE FRANCISCO GRANDMONTAGNE

Auzoa: Añorga



 
Francisco Grandmontagne kalea Zuatzu poligonoan dago. Juan Fermin Gilisagasti kalean hasi eta Zubiberri bidean amaitzen da.




Francisco Grandmontagne Barbadillo de Herrerosen (Burgos) jaio zen 1866ko irailaren 30ean. Hondarribian bizi zen umetan eta 1887an Argentinara joan zen. Bertan La Vasconia aldizkaria sortu eta nobela arrakastatsuak idatzi zituen, "Los inmigrantes prósperos" (1899) adibidez.

La Vasconia aldizkariaren azala. Irudia: Wikipedia
 
 
1903an itzuli zen Donostiara. Kazetaritza lanetan jardun zuen eta 1910an Donostiako Prentsa Elkartearen lehen presidente izendatu zuten. 1923an Primo de Rivera diktadoreak espainiako enbaxadore izendatu nahi izan zuen Argentinan baina uko egin zuen. 1936an hil zen Donostian.

Grandmontagneren omenezko monumentua Barbadillo de Herrerosen. Irudia: Wikipedia
 
 
Francisco Grandmontagne kalearen izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 
 

abendua 07, 2024

154. AZERILEKU BIDEA / CAMINO DE AZERILEKU

Auzoa: Miramon-Zorroaga




Azerileku bidea Hipika bidean hasten da, hipika militarraren eraikinaren ondoan, eta Zorroaga gaineko kalean amaitzen da. Aranzadi zientzia elkartearen egoitzaren ondoan.
 




 
Azerileku bidea 1910ean egin zuten, Loiola aldetik egin berria zen Reina Victoria babesetxera iristeko (gaur egungo Zorroaga egoitza). Inguruan azeriak omen zeudelako du izena paraje horrek eta horregatik eman zitzaion Azerileku izena bideari.
 
Reina Victoria babesetxearen pabilioi berri baten lehen harriaren ezarpena 1920an.
 
 
Gimnastika erakusketa bat Reina Victoria babesetxean 1924an.
 
 
Azerileku bidearen izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza   Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.     Ermita bidea gau...