Mastodon

uztaila 27, 2024

134. ARBAIZENE PARKEA / PARQUE DE ARBAIZENE

Auzoa: Aiete

 


Arbaizene parkea San Roke eta Morlans artean dago. Lazkano pasealekuan du sarrera bat. Jose Olaizola eta Belizalde kaleen atzetik doa, beste sarrera bat San Roke kalearen 59 zenbakia eta Txanponenea kaleen artean duelarik. Parkeak Arbaizenea jauregiaren lurrekin muga egiten du.






1811an Amarako Arbaisaenea baserria aipatzen da, Jose Domingo Otalorarena. 1863an bai baserri eta bai etxalde bezala Arbaicene aipatzen da, 1881an Carlos Martinez de Irujo Sotomayorreko dukeak jauregi bihurtu zuelarik. Gaur egun Albako etxea da jauregiaren jabea.
 
Arbaizenea jauregia 1923an. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/37734/s/60


Arbaizene parkearen izendapena 2005eko uztailaren 27an onartu zen.
 

 

uztaila 20, 2024

133. IPARRAGIRRE KALEA / CALLE DE IPARRAGIRRE

Auzoa: Gros

 


Iparragirre kalea Iztueta kalean hasten da eta Zabaleta kalean amaitzen da.
 




 
Jose Maria Iparragirre 1820ko abuztuaren 12an jaio zen Urretxun. 1834an, nerabea zela, karlisten gudari talde batean sartu zen eta 1839an Frantzian erbesteratu zen. Musika ikasi zuen. 1851an Mazarredo jeneralak Londresen abesten entzun eta zigorrik gabe etxera itzuli zen.

 
Jose Maria Iparragirre. Argazkia: Wikipedia
 
 
1855ean Tolosan preso hartu zuten eta bertan konposatu zuen "nere amak baleki" kantu hunkigarria. Euskal Herritik alde egin eta Espainiatik bidaiatuz Angela Kerexeta ezagutu zuen. 1858an Argentinara joan eta bertan ezkondu ziren. 1877an bueltatu zen eta 1881an hil zen Itsason.
 
Iparragirreren hilobia Urretxun. Argazkia: Wikipedia
 
Iparragirreren hilobia Urretxun. Argazkia: Wikipedia
 
 
Ospe handiko koblakaria, bertso eta abesti famatu ugari konposatu zituen. Bereak dira Gernikako Arbola, Ezkongaietan, Hara nun diran, Agur Euskalerria (Gazte Gaztetandikan bezala ezaguna), Ume Eder Bat eta beste hainbat.

Gernikako Arbolaren letra. Irudia: Wikipedia

 
Iparragirre kalearen izendapena 1881ko apirilaren 23an onartu zen. 
 

 

uztaila 13, 2024

132. AMASORRAIN KALEA / CALLE DE AMASORRAIN

Auzoa: Añorga




Amasorrain kalea Belartza industrialdean hasten da, Goiko Auto kontzesionarioaren lurretan, eta Errotazar bidean amaitzen da.




 
 
1014 urtean Antiguako parrokiaren fundatzaileen artean Añorgako Amassorrain familia aipatzen da. Amasorrain baserria, XVI. mendekoa, gaur egun Loretoki zalditegi militarraren lurretan dago.
 

Amasorrain baserria. Argazkiak: Euskadiko kultura ondarea
 
 
Gaur egungo Arrandegi kalearen jarraian, San Jeronimo kalerantz, Amasorrain kalea zegoen, 1566 urtetik gutxienez. 1722an kalea desagertu zen plaza Berria, gaur egungo Konstituzio plaza, eraikitzeko. Toponimoaren galera konpontzeko, 2000 urtean Añorgako kale bat izendatzea erabaki zuten.
 

 
Amasorrain kalearen izendapena 2000ko otsailaren 7an onartu zen.
 

 

uztaila 06, 2024

131. ARTZAIN ONAREN PLAZA / PLAZA DEL BUEN PASTOR

Auzoa: Erdialdea



 
Artzain Onaren plaza izen bereko katedralaren inguruan dagoen eremua da. San Martin eta Urdaneta kaleen artean. Alfontso VIII.aren kalea eta San Bartolome kalea plaza hontara iristen dira.
 





1881an, Donostian elizbarruti berri bat sortu zenez, honentzako eliza bat eraikitzeko beharra agertu zen. Honela. 1887an Donostiako Udalak eliza hau eraikitzeko eremua eskeini zuen eta Manuel Etxabe arkitektoaren proiektua onartu zen, Koloniako katedralean oinarritua.
 
Koloniako katedralea
 
 
Eliza Artzain Onaren omenez izendatu zuten. 1897ko uztailaren 30ean ireki zen eta dorrea 1899an amaitu zuten, hasierako 750.000 pezetako aurrekontua bikoiztuz. 1950 urtean Donostiako elizbarrutia Gasteiztik bereiztu eta 1953an Atzain Onaren eliza katedral bihurtu zen.
 
Artzain Onaren eliza oraindik dorre gabe. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/177552/s/0
 
 
Katedralaren neurriak hauexek dira: 1915 m2ko azalera, 25 metroko garaierako nabeak, 75 metroko garaierako dorrea (Donostiako eraikin altuena), 64 metro luzeko erdialdeko nabea, 36 metroko gurutzadura eta 4000 pertsonentzako lekua.
 



 
 
Josep Llimonak egindako Artzain Onaren irudi bat dago kapera nagusian. Oso aipagarria da ere katedraleko organoa, 1954an eraikia eta orduan Europako handienetakoa zena. Eskuentzako 5 teklatu ditu eta 9535 hodi guztira. Azpeitian eraiki zuten eta haizegailuak Basileatik ekarriak dira.
 




 
 
Artzain Onaren plazaren izendapena 1896ko apirilaren 28an onartu zen.
 


 

uztaila 02, 2024

130. KAPITAIÑENE KALEA / CALLE DE KAPITAIÑENE

Auzoa: Egia



 
Kapitaiñene kalea Konkorrenea kalearen 31-33 zenbakien parean hasten da. Plaza Haundiko (Luis Martín Santos plaza) igogailuaren parean amaitzen da, berriro Konkorrenea kalea bihurtuz.






1725tik ezagutzen da Kapitaiñene baserriaren existentzia. I. Karlistaldian eraitsi zuten baina horren ondorengoa den Kapitan Enea etxeak oraindik zutik dirau kalearen hasieran.




Kapitaiñene kalearen izendapena 1988ko martxoaren 23an onartu zen.
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...