Mastodon

ekaina 17, 2024

129. MARINA KALEA / CALLE DE LA MARINA

Auzoa: Erdialdea




Marina kalea Zubieta kalean hasi eta San Bartolome kalean bukatzen da. Triunfo eta Lertxundi Jeneralaren kaleen artean kokatzen da.






Serapio Muxikak 1916ko "las calles de San Sebastián" liburuan dioenez, Marina kalearen izena Donostiak itsasoarekin duen harremanetik datorkio. Ez dut honi buruzko datu gehiago topatu.



Marina kalearen izendapena 1866ko irailaren 12an onartu zen.



ekaina 10, 2024

128. TXOMIN AGIRRE PASEALEKUA/ PASEO DE DOMINGO AGIRRE

Auzoa: Ibaeta 




Txomin Agirre pasealekuak Orio parkea inguratzen du, Orixe pasealekuaren ondoan.






Txomin Agirre Ondarroan jaio zen 1864ko maiatzaren 4an. Gasteizko seminarioan Resurreccion Maria Azkue ezagutu eta lagun minak izan ziren. Apaiz egin zen 1888an eta Zumaiako karmeldarren kapilau destinatu zuten. Bertan geratu zen handik aurrera.

Txomin Agirre. Argazkia: Wikimedia Commons


Euskal aldizkarietan artikuluak eta ipuinak idazten hasi zen, eta ondoren, zatika, eleberriak ere argitaratu zituen. Kresala (1906) eta Garoa (1912) dira bere nobela aipagarrienak. Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen 1918an. 1920ko urtarrilaren 14an hil zen Zumaian.

Kresala liburuaren azala. Irudia: Wikimedia Commons https://commons.m.wikimedia.org/wiki/File:Kresala_azala.jpg#mw-jump-to-license



Txomin Agirre pasealekuaren izendapena 1992ko irailaren 21ean onartu zen.



ekaina 02, 2024

127. ARBIZKETA PARKEA / PARQUE DE ARBIZKETA

Auzoa: Antiguo

 


 
Arbizketa parkea, Geodonostia mapen arabera, Satrustegi dorrearen lurretan dago. Horren eta Erregenea urbanizazioaren artean badago parke moduko bat, agian hau izan liteke Arbizketa parkea.






Arbizketa parkearen izena Satrustegi Dorrearen eremuaren azpian zegoen harrobiagatik dator. 1569an jada bazegoen martxan eta 1887a arte iraun zuen
. Eraikuntzarako harriak ateratzen zituzten bertatik. Handik Gorga errekara eroritako materiala Ondarretako harrien jatorriaren parte txiki bat da.

Arbizketako harrobia. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/1185948/s/24

Arbizketako harrobiaren ingurua gaur egun.


1994ko azaroaren 29an Arbizketa plaza izendatu zuten Benta Berrin. Ondoren, 2001eko abenduaren 3an, gaur egungo Arbizketa parkea izendatu zuten eta horren ondorioz, 2015an Arbizketa plazari izena aldatu eta Lourdes Iriondo plaza bezala izendatu zuten.



151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...