Mastodon

azaroa 25, 2023

100. BERGARA KALEA / CALLE DE BERGARA

Auzoa: Erdialdea



 
Bergara kalea Askatasunaren hiribidean hasten da eta San Martin kalean bukatzen da. Etxaide eta Getaria kaleen artean doa.
 

 
 
Bergarako herriaren omenez izendatu zuten kale hau. 15.000 biztanle dituen Debagoiena eskualdeko herria da. Toponimoa 1050 urtean aipatzen da lehen aldiz eta 1268an Alfontso X.a Jakitunak Villanueva de Vergara hiria izendatu zuen, Gasteizko forua emanez.


 
Ehungintza izan zen Bergarako jarduera ekonomiko nagusia Erdi Aroan, 1497an Errege Katolikoek bertako ehungintzaren ordenantzak berretsi zituztelarik. XVI. mendean burdingintza ere abiatu zen Bergaran, eta honekin armagintza.
 
Simancasko artxibo orokorrean dagoen Errege Katolikoen Bergarako ehungintzaren ordenantzaren transkripzioaren hasiera. Jatorria: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

 
Karlos III.ak jesuitak erbesteratu zituenean, 1764an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak jesuiten ikastetxea hartu eta 1776an Bergarako Errege Mintegia sortu zuten. Bertan, 1783an Elhuyar anaiek Wolframa bakartu zuten.
 
Euskalerriaren Adiskidearen Elkartearen goiburua. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Bergarako Errege Mintegia. Argazkia: Wikipedia

 
Wolfram kristalak eta 1 cm3ko kuboa. Argazkia: Wikimedia Commons


Wolframaren eskultura Bergaran. Argazkia: Wikimedia Commons

 
1839ko abuztuaren 31an Lehen Karlistaldiaren amaiera sinbolizatu zuten Espartero eta Maroto jeneralek "Bergarako Besarkada"rekin. Bergaran epaitegi eta kartzela eraiki zituzten, bertan 1897an Cánovas del Castillo hil zuen Michele Angiolillo anarkista italiarra exekutatu zutelarik.
 
Bergarako besarkada. Irudia: Wikimedia Commons

 
Ehungintza eta burdingintzaren tradizioagatik, XIX. mendean industria ugari sortu zen herrian. 1950-1960 hamarkadatan etorkin ugari iritsi ziren Bergarako lantegietan lan egitera. Gaur egun Arrasateko MCC taldearen inguruko jarduera ekonomikoek garrantzi handia dute herrian.
 
Aintzinako Bergarako labe garaien tximinia. Argazkia: Bergarako udala.
 
 
Pablo Sorozabal musikagilea Bergara kaleko 12 zenbakian jaio zen. "Katiuska" eta "La tabernera del puerto" zarzuelak eta "Adiós a la Bohemia" opera idatzi zituen. "Marcelino pan y vino" filmaren musika ere berea da eta hainbat kantu ere egin zituen.
 
Pablo Sorozabalen omenezko plaka Bergara kalean.

 
Pablo Sorozabalen bustoa Madrilen. Argazkia: Wikipedia
 
 
Bergara kalearen izendapena 1866ko irailaren 12an onartu zen.
 


 

azaroa 18, 2023

99. JUAN OLASAGASTI KALEA / CALLE DE JUAN OLASAGASTI

Auzoa: Ibaeta




Juan Olasagasti kalea Ibaeta plazatik Zarautz kaleko 109 zenbakira doan kale motz bat da
 


 
Juan Olasagasti Irigoien Donostian jaio zen 1848an. Tomas Olasagasti aita Donostiako zinegotzi izen zen eta Ibaetako paduren saneamenduan lan egin zuen, Juanek lana jarraituz. Nekazaritzan aditua, Gipuzkoako nekazaritzaren sustatzaile izan zen Juan Olasagasti.
 
Juan Olasagasti, eskuinetik bigarrena. Argazkia: Euskal-Erria aldizkaria
 
 
Igeldoko Etume etxaldea erosi eta geologikoki eremu oso egokia ez zen arren, ereduzko landetxe bihurtu zuen. Juan Olasagasti Etumen bertan hil zen 1907ko azaroaren 24an.
 
Etume landetxea. Argazkia: Euskal-Erria aldizkaria
 
 
Juan Olasagasti kalearen izendapena 1998ko ekainaren 22an onartu zen.
 

 

azaroa 11, 2023

98. ALAIONDO AUZUNEA / GRUPO ALAIONDO

Auzoa: Egia



 
Alaiondo auzunea Jaialai eta Aldakonea kaleen artean dago, Aldakoneako gainaren ondoan.
 




 
Jaialai kalearen ondoan egoteagatik hartu zuen izena Alaiondo auzuneak, eta Jaialai kalearen izena bertan 1887tik 1932 arte Jai-Alai frontoia egon zelako datorkio.

Jai-Alai frontoia 1917an. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/69591/s/204


Alaiondo auzunearen izendapena1982ko maiatzaren 13an onartu zen.
 


 

azaroa 04, 2023

97. LOISTARAIN KALEA / CALLE DE LOISTARAIN

Auzoa: Ibaeta



 
Loistarain kalea Berion hasten da, Jose Artetxe Idazlearen kalearen 13 eta 15 zenbakien artean. Koldo Mitxelena parkearen ondotik doa, Santo Tomas Lizeoaren gainean amaitzen den arte.






Loistarain toponimoa Antso Jakitunaren 1178ko agiri batean aipatzen da. Loistarain baserriaren aipamenak 1862tik agertzen dira. 1966an baserria eta bere lurrak erosi zituzten eta handik urte batzuetara baserria bota egin zuten bertan Santo Tomas lizeoa eraikitzeko.

Zuzenbide fakultatea 1971an. Ezkerrean, Loistarain baserria.


Loistarain kalearen izendapena 1992ko irailaren 21an onartu zen.
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...