Auzoa: Antiguo
Iruñea kalea Zumalakarregi hiribidea Beatriz Infantaren kalearekin gurutzatzen den tokian hasten da eta Igeldo pasealekuan bukatzen da. Igeldo auzotik hirira jeisten diren autoen sarrera nagusia da.
Iruñea Nafarroako Foru Erkidegoko hiriburua da eta Euskal Herriko hirugarren hiri jendetsuena, 203.081 biztanle dituelarik. Iruñerriko ordokian dago, Arga ibaiak zeharkatua.
Iruñeako aireko ikuspegia. Argazkia: Nafarroako Gobernua (Wikipedia):
Iruñean antzinatik bizi izan da jendea. K. a. 74 urtean Ponpeiok Pompaelo izena eman zion aurretik baskoien herrixka bat zenari. Erromatarrekin harreman ona izanda, Iruñea baskoien hiri garrantzitsuena bilakatu zen.
Ponpeioren erretratua Louvre museoan. Irudia: Wikipedia
Erdi Aroan baskoiek bisigodoekin gatazkak izan zituzten. 711an musulmanek iberiar penintsula konkistatu zutenean Iruñea haien menpe geratu zen. 806an frankoen menpe geratu zen hiria.
Karlomagno frankoen erregea. Albrecht Dürer margolariak 1512 aldera margotua. Irudia: Wikipedia.
Baskoien buruzagiek Iruñeko diozesiaren eta Tuterako Banukasitarren laguntzarekin, haien senide bait ziren, Iruñeko Erresuma sortu zuten 824an, lehen erregea Eneko Enekoitz edo Eneko Arista zelarik.
Eneko Enekoitz. Manuel Aguirre y Monsalbe margolariak margotua 1853an. Irudia: Wikipedia.
XI. mendean Iruñera merkatari eta artisau frankoen etorrera bultzatu zen, Iruñeko burguak sortuz. 1063rako Iruñean judutegi bat bazegoela jakina da. 1498an juduak kanporatzea dekretatu zuten.
Iruñeko aintzinako burguen elkargunea oroitzen duen mapa. Irudia: Wikipedia
Gaztela eta Aragoik Nafarroako Erresuma konkistatu ondoren, XVI. mendean, Felipe II espainiakoaren aginduz, zitadela eraiki zuten. Iruñeak hainbat setio jasan zituen hurrengo mendeetako gerra ezberdinetan eta XIX. mende bukaeran hiriaren hazkundea hasi zen.
Iruñeko zitadela. Argazkia: Wikipedia
1936ko altxamenduaren ondoren, hainbat errepublikar eta euskal abertzale fusilatuta, eliza eta frankismoaren harreman onei esker, Nafarroako Unibertsitatea eta Unibertsitate Klinika eraiki zituzten. 1964an Landabengo industrialdea eraiki zuten, autoen fabrika garrantzitsua.
Nafarroako Unibertsitatea. Irudia: Wikimedia commons.
Gaur egun Landabengo Volkswagen fabrika eta honetatik eratorritako jarduerak dira Iruñeko ekonomian nagusi. Honetaz aparte, turismo mailan, hiria mundu osoan ezaguna da sanferminengatik.
Sanferminetako entzierroa Estafeta kalean. 2013ko uztailak 8. Argazkia: Wikipedia.
1992ko irailak 21ean onartu zen Iruñea kalearen izendapena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina