Mastodon

uztaila 30, 2022

31. ARTIKUTZA PLAZA / PLAZA DE ARTIKUTZA

Auzoa: Intxaurrondo

 


 
Baratzategi eta Pedro Axular kaleek eta Galizia eta Otxoki pasealekuek mugatzen duten barruko plaza bat da. Kiosko txiki bat dauka erdian.
 




 
Artikutza Nafarroako Goizueta udalerrian dagoen etxalde bat da. 3700 ha. ditu. Mendi zirku batez inguratuta dago eta Euskal Herriko leku euritsuena da. 1919tik Donostiako Udala da etxalde honen jabea.


 
XIII. mendean Artikutza Anizlarrea izeneko lursailaren parte zen, zeina Orreagako kolegiataren menpe zegoen. 1815an Anizlarrea bitan zatitu eta zati bat Goizuetako udalarentzat izan zen, Artikutzak Orreagako kolegiataren menpe jarraitu zuen. 37 mugarri banaketa honen lekuko dira.
 
Arriurdiñetako mugarria. Argazkia: Donostiako Udala.
 
 
XIX. mendean elizaren ondasunak desamortizatzeko ekimena burutu zen. 1844an Artikutza esku pribatuetara pasa zen. Hainbat aldiz jabez aldatuz joan zen meatze guneak ustiatu eta urtegiak eraikitzeko asmoz sortutako enpresen espekulazioagatik.
 
Langileak Enobieta inguruan 1903an. Argazkia: Donostiako Udala.
 
 
Donostiak historian zehar ur-hornidura arazoak izan ditu. XX. mende hasieran, hiriaren hazkundeak arazoa areagotu zuen. Udalak Acillonako markesari erosi zion etxaldea 1919ko abenduaren 24an 3.200.000 pezetaren truke, bertako uraren kalitatea kontrolatu eta ura hirira eramateko.

Jendetza Donostiako Kontxako hondartzan 1919an. Argazkia: Kutxateka.
 
 
1950-1960 urteetan Enobietako presa eraiki zuten Artikutzan. Presa honen eraikuntzak hainbat arazo izan zituen eta Donostia urez hornitzeko Añarbeko presa eraikitzea erabaki zuten, 1975tik aurrera martxan dagoelarik. 2019an Enobietako presa hustu eta ingurunea erregeneratu zuten. 
 
Enobietako presaren eraikuntza 1951an. Argazkia: Donostiako Udala.
 
 
Añarbeko urtegia. Argazkia: Oarsoaldea.
 
 
Gaur egun Artikutzara heltzen den bide bakarra Oiartzundik irteten den GI-3631 errepidea da. Soilik oinez sar daiteke. Ibilgailua Eskaseko atezaindegian aparkatu eta handik Artikutzako herriraino 6 kilometroko bidea dago. Goizueta, Arantza, Zubieta eta Lesakatik ere iritsi daiteke oinez.

Eskas atezaindegia eta aparkalekua. Argazkia: Donostiako Udala.
 
 
Artikutzako auzoa. Argazkia: Donostiako Udala.

 
Abuztuak 28an San Agustin eguna ospatzen da Artikutzan. Inguruko herrietako eta Donostiako bisitariak biltzen dira bertan. 2020 eta 2021ean bertan ez zen ospakizunik izan Covidarengatik baina 2022an berriro irekiko dira Artikutzako ateak bisitarientzat.


 
Artikutza 2004tik Natura 2000 sarean dago. 2016an Sareko Babes Bereziko Eremu izendatu zuten. Bertako baso naturalak 100 urtez babestuta egon dira. Espezie nagusia pagoa da. Erreka eta errekastoak ere aipagarriak dira. Bertan flora eta fauna babestuko espezie ugari daude.

Artikutzako basoak. Argazkia: Ander Garmendia Fernandez, Wikimedia Commons.



1993ko ekainak 15eko udalbatzarrean onartu zen Artikutza plazaren izendapena.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

142. SIBILIA KALEA / CALLE DE SIBILIA

Auzoak: Egia, Intxaurrondo   Sibilia kalea Otxoki pasealekua, Baratzategi kalea eta Gabriel Aresti pasealekua elkartzen diren biribilgunean ...