Mastodon

urtarrila 24, 2026

193. KAIKO PASEALEKUA / PASEO DEL MUELLE

Auzoa: Erdialdea



 
Kaiko pasealekua Kaimingaintxo plazan hasten da eta Kaiarriba plazan amaitzen da. Gurutze Gorriaren eta arraunketa kluben sotoak dauden kaia ere pasealekuaren parte da.
 




 
Donostiako portuari kaia deitzen diogu donostiarrok. Kai hitza itsasgizon gaskoien Cay hitzetik eratorria da. Erdi Aroan Santa Katalinako portua zen Donostiako garrantzitsuena. Untzi handiak Kontxako badian ainguratzen ziren. Gaur egungo kaiaren aintzindaria 1450an eraiki zuten.

Kontxako badiaren irudikapena 1800 aldera. Irudia: José Javier Pi Chevrot
 

1682an kontsuletxea eraiki zuten kaian, Donostiako merkataritza kudeatzeko. XVIII. mendean Caracasko Gipuzkoar Konpainia bertan ezarri zen. Kontsuletxearen eraikina Euskal Itsas Museoa da gaur egun.


 
Zonalde hau Jarana auzoa bezala ezagutzen zen, gauean Donostiako harresiak ixtean, kanpoan geratzen zirenek bertako tabernetan pasatzen omen zutelako gaua. Arrantzaleentzako lehen etxebizitza iraunkorrak 1850 aldera eraiki zituzten.


 
XIX. eta XX. mendeetan arrantza izan zen kaiko jarduera nagusia. Baporezko arrantza-ontziak garatu ziren eta gasoilezkoak ondoren. Arrantza XXI. mendearen hasieran desgertu zen Donostian, arrantzarako itsasontzien lekua aisialdirako ontziek hartuz.

Lekeitioko "Clotilde" arrantza baporeko arrantzaleak Donostiako kaian 1917an.

Donostiako kaiko azken saregileak 2010ean. Argazkia: Wikipedia




Kaiko pasealekuaren izendapena 1982ko uztailaren 8an onartu zen.




abendua 06, 2025

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza



 
Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.
 




 
Ermita bidea gaur egungo errepideak egin aurretik Herreratik Altzara zeraman bidearen arrastoa da. Bide honek XVII. mendetik ezaguna zen Santa Barbara ermitara zeraman. Ermita txiki hau 1967 eta 1973 artean bota zuten, Altzako gainera zihoan errepidea zabaltzeko.
 
Santa Barbara ermita 1967an. Argazkia: Altzako tokiko bilduma
 
Santa Barbara ermita 1967an. Argazkia: Altzako tokiko bilduma

 
Ermita bidearen izendapena 1988ko martxoaren 23an onartu zen.
 

 

abendua 02, 2025

191. ANTSO JAKITUNAREN HIRIBIDEA / AVENIDA DE SANCHO EL SABIO

Auzoa: Amara Berri



 
Antso Jakitunaren hiribidea Parke kalean hasten da eta Pio XII.aren plazan amaitzen da.
 




 
Antso VI.a Gartzeitz 1133 aldera jaio zen. 1150an aita Gartzia V.a Ramiritz hiltzean, Iruñeko errege bihurtu zen. Alfontso VII.a Gaztelakoaren menpekotasuna sinatu zuen, baina 1162an Gaztelarekiko menpekotasun horretatik atera eta Nafarroako errege izendatu zuen bere burua.
 
Antso Jakitunaren omenezko bustoa Atarrabian. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Bere erregealdian hainbat gatazka izan zituen Gaztelarekin, eta 1179an bake-ituna sinatu ondoren, zenbait hiribilduri forua eman zien, hauen merkataritza sustatzeko. Horietako bat 1180an Donostiari emandakoa izan zen. 1194ko ekainaren 27an hil zen Iruñean.
 
Antso VI.aren txanpona. Argazkia: Wikimedia Commons 
 
 
Antso Jakitunaren hiribidearen izendapena 1950ko martxoaren 20an onartu zen.
 


 

azaroa 22, 2025

190. CLAUDIO ANTON LUZURIAGA KALEA / CALLE DE CLAUDIO ANTÓN LUZURIAGA

Auzoa: Gros




Claudio Anton Luzuriaga kalea Katalunia plazan hasten da, San Frantzisko kalearen eta Biteri plazaren artean, eta Colon pasealekuan amaitzen da.
 


 
Claudio Antón Luzuriaga Soto en Camerosen (Soria, gaur egun Errioxa) jaio zen 1792eko urriaren 30ean. Maria Manuela Luzuriaga ama arabarraren abizena hobetsi zuen. 1808an apaiz karrera utzi eta zuzenbidea ikasten hasi zen, 1821an Donostiako epaile izendatu zutelarik.
 
Claudio Antón Luzuriaga. Irudia: Wikimedia Commons
 
 
Donostiako oligarkia liberaleko kide, aduanak barnealdetik kostara eta Bidasoako mugara eramatearen alde lan egin zuen, foruzaleen haserrea irabaziz. Bi fundizio antolatu zituen, Araian eta Lasarten. 1874ko ekainaren 23an hil zen Miarritzen.
 
Araiako fundizioko langileak. Argazkia: Asparrenako udala
 
 
1906ko ekainaren 5ean Claudio Antón Luzuriagaren omenezko kale bat izendatzea erabaki zuten. Claudio Anton Luzuriaga kalearen izendapena 1920ko abenduaren 22an onartu zen.
  

 
 

193. KAIKO PASEALEKUA / PASEO DEL MUELLE

Auzoa: Erdialdea   Kaiko pasealekua Kaimingaintxo plazan hasten da eta Kaiarriba plazan amaitzen da. Gurutze Gorriaren eta arraunketa kluben...