Mastodon

urtarrila 31, 2026

194. TXINGURRIAENEA PASEALEKUA / PASEO DE TXINGURRIAENEA

Auzoa: Altza




Txingurriaenea pasealekua Herreran hasten da, Larrerdi plazaren ondoan. Larratxo aldera igotzen da, Peruene eta Ederrena kaleen artean.






Txingurriaenea pasealekua Larratxo pasealekuaren atzetik igarotzen da eta Herrerako futbol zelairaino iristen da.






Txingurri erreka, gaur egun ia guztiz estalia, Pasaiako portuan itsasoratzen da. Bertan XVI. mendetik aipatzen den Errotazar izeneko baserri eta errota zegoen. XIX mendean Txingurri edo Txingurriaenea izena hartu zuen eta sagardotegi izan zen. Baserria 1970ko hamarkadan bota zuten.

Txingurri errekaren bokalea pasaiako portuan.


Txingurriaenea edo Errotazar baserria. Argazkia: estibaus.info


Txingurriaenea baserria zegoen tokian dagoen eraikina, pasealekuaren 8-10 zenbakietan.


1975ko apirilaren 28an Txingurri pasealekuaren izendapena onartu zen. Gaur egun duen Txingurriaenea pasealekuaren izendapena 2014ko urriaren 30ean onartu zen.



urtarrila 24, 2026

193. KAIKO PASEALEKUA / PASEO DEL MUELLE

Auzoa: Erdialdea



 
Kaiko pasealekua Kaimingaintxo plazan hasten da eta Kaiarriba plazan amaitzen da. Gurutze Gorriaren eta arraunketa kluben sotoak dauden kaia ere pasealekuaren parte da.
 




 
Donostiako portuari kaia deitzen diogu donostiarrok. Kai hitza itsasgizon gaskoien Cay hitzetik eratorria da. Erdi Aroan Santa Katalinako portua zen Donostiako garrantzitsuena. Untzi handiak Kontxako badian ainguratzen ziren. Gaur egungo kaiaren aintzindaria 1450an eraiki zuten.

Kontxako badiaren irudikapena 1800 aldera. Irudia: José Javier Pi Chevrot
 

1682an kontsuletxea eraiki zuten kaian, Donostiako merkataritza kudeatzeko. XVIII. mendean Caracasko Gipuzkoar Konpainia bertan ezarri zen. Kontsuletxearen eraikina Euskal Itsas Museoa da gaur egun.


 
Zonalde hau Jarana auzoa bezala ezagutzen zen, gauean Donostiako harresiak ixtean, kanpoan geratzen zirenek bertako tabernetan pasatzen omen zutelako gaua. Arrantzaleentzako lehen etxebizitza iraunkorrak 1850 aldera eraiki zituzten.


 
XIX. eta XX. mendeetan arrantza izan zen kaiko jarduera nagusia. Baporezko arrantza-ontziak garatu ziren eta gasoilezkoak ondoren. Arrantza XXI. mendearen hasieran desgertu zen Donostian, arrantzarako itsasontzien lekua aisialdirako ontziek hartuz.

Lekeitioko "Clotilde" arrantza baporeko arrantzaleak Donostiako kaian 1917an.

Donostiako kaiko azken saregileak 2010ean. Argazkia: Wikipedia




Kaiko pasealekuaren izendapena 1982ko uztailaren 8an onartu zen.




199. TELESFORO ARANZADI KALEA / CALLE DE TELESFORO ARANZADI

Auzoa: Intxaurrondo Telesforo Aranzadi kalea Galizia pasealekuan hasten da eta Extremadura kalean bukatzen da. Telesforo Aranzadi Unamuno Be...