Mastodon

otsaila 22, 2025

165. BELTRAN PAGOLA KALEA / CALLE DE BELTRAN PAGOLA

Auzoa: Intxaurrondo

 


Beltran Pagola kalea Juan Gorostidi plazaren ondoan hasten da. Baratzategi kalea zeharkatzen du eta Galizia pasealekuan amaitzen da, Maria Dolores Goia eta Donibane-Lohizune plazen artean.




Beltran Pagola Goya Donostian jaio zen 1878ko otsailaren 28an. Santesteban eta Tragórekin musika ikasketak burututa, 1898tik 1914ra Donostiako kasinoko pianojole izan zen. 1898tik aurrera ere Donostiako kontserbatorioko irakasle izan zen eta bertako orkestra sortu zuen.

Musika akademiako irakasleak, kontserbatorioaren aintzindaria, 1916an. Eskuinean, Beltran Pagola
 
 
Musikagilea ere izan zen. Bereak dira Sinfonía vasca, orkestrarako; Humoradas vascas, piano eta orkestrarako; El monje organista, eta Sonata para piano. Armoniari buruzko liburu bat ere idatzi zuen. 1950ko uztailaren 8an hil zen Donostian.

Beltran Pagola. Argazkia: Eresbil - Musikaren Euskal Artxiboa


Beltran Pagola kalearen izendapena 1993ko ekainaren 15ean onartu zen.



otsaila 15, 2025

164. ALGARBE KALEA / CALLE DE ALGARBE

Auzoa: Intxaurrondo




Algarbe kalea Mons pasealekuaren amaieran dago, Ekuatore Ginea plazaren atzean. Zandardegi bidea bertan hasten da.




Algarbe oinetxearen lehen aipamena 1554koa da. Baserri hau eraitsi ondoren, 1921an Irene Txurrukak txalet bat eraiki zuen orube honetan, Lucas Aldai arkitektoak zuzenduta. Intxaurrondo kalearen 74 zenbakian dago.

Algarbe etxea. Argazkia: Altzapedia https://altza.eus/?p=25


Algarbe kalearen izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 

otsaila 08, 2025

163. TXAPIÑENEA KALEA / CALLE DE TXAPIÑENEA

Auzoa: Altza




Txapiñenea kalea Larratxo pasealekuaren 81 zenbakiaren ondoan hasten da eta Altzako elizaren ondoan amaitzen da, Altza pasealekuaren hasieran.






Txapiñenea baserria 1620tik aipatzen da. Gaur egun desagertua, Altzako elizaren ondoan kokatzen zen. Etxebizitza bloke bat dago bertan gaur egun.



 
1975ko apirilaren 28an Txapinene bezala izendatu zen kale hau. Kalea Txapiñenea bezala izendatzea 2014ko urriaren 30ean onartu zen baina plaketan oraindik izen zaharra ageri da.
 

 

otsaila 01, 2025

162. GOIZUETA KALEA / CALLE DE GOIZUETA

Auzoa: Martutene



 
Goizueta kalea Martutene pasealekuaren 50 zenbakiaren ondoan hasten da. U formako ibilbidea egiten du, Urumea ibaiaren ondotik pasaz eta Martutene pasealekuaren 80 zenbakiaren parean amaitzen da.






Goizueta Nafarroako udalerri bat da, Gipuzkoarekin muga egiten duena, Hernani, Errenteria, Oiartzun, Elduain eta Berastegirekin hain zuzen ere. 692 biztanle ditu, Urumea ibaia bertatik pasatzen da eta Donostiako udalaren jabetza duen Artikutza auzoa udalerri honetan dago.

Goizueta. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Goizueta izena 1186tik ezagutzen da. Iruñeako katedraleko agirietan Goizuueta eta Goyzubieta bezala agertzen da. Izena bertako Zubi Handiak ematen dio herriari. Arano herria 1630 arte Goizuetaren parte izan zen.
 
Goizuetako zubia. Argazkia: Wikipedia


Erdi Arotik burdinola ugari zeuden Goizuetan. Burdina eta beste mineral batzuen meategiak ere bai, eta baita hiru errota. XX. mendean zentral elektrikoak ireki zituzten herrira eta inguruko enpresetara argindarra eramateko. Hernaniko errepidea 1885ean amaitu zuten eta Leitzakoa 1916an.

Meategia Goizuetan. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Goizueta kalearen izendapena 2004ko ekainaren 29an onartu zen.
 

 

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza   Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.     Ermita bidea gau...