Mastodon

urtarrila 25, 2025

161. ALBRETEKO JOANAREN KALEA / CALLE DE JOANA DE ALBRET

Auzoa: Intxaurrondo




Albreteko Joanaren kalea Baratzategi pasealekuan hasi eta Galizia kalean bukatzen da, Valentzia plazaren eta Buztintxulo kalearen artean igarotzen delarik.
 


 
Joana III.a Albretekoa, Nafarroako Henrike II.aren eta Margarita Angulemakoaren alaba, 1528ko azaroaren 16an jaio zen Saint-Germain-en-Layen. Osaba Frantzisko I.a Frantziakoak 13 urterekin Kleveko dukearekin ezkontzea behartu zuen baina 1545an ezkontza baliogabetzea lortu zuen.

Joana Albretekoa. Irudia: Wikimedia Commons


1548an, aitak Antonio Borboikoarekin ezkonarazi zuen Joana. 1555an, aita hiltzean, Nafarroa, Albret, Foix, Bigorra, Biarno eta beste hainbat lur jaso zituen. Erreforma eta kontraerreformaren gatazka garaiak ziren eta kalbinistek beren buruzagi bezala hartu zuten Joana.
 
Joan Kalbino. Irudia: Wikimedia Commons

 
1571an Joanak kalbinismoa bere lurraldean erlijio ofizial bihurtu zuen eta Joanes Leizarragari Itun Berria euskarara itzultzeko enkargua eman zion. 1572an hil zen Parisen. Henrike bere semea bihurtu zen Nafarroako errege eta 1589an Frantziakoa ere.

Leizarragaren itun berriaren azala. Irudia: Wikimedia Commons

 
Albreteko Joanaren kalearen izendapena 1993ko ekainaren 15ean onartu zen.
 

 

urtarrila 18, 2025

160. GUDAMENDI BIDEA / CAMINO DE GUDAMENDI

Auzoa: Igeldo



 
Gudamendi bidea Cristóbal Balenciaga pasealekuan hasten da, Igeldoko herrira iritsi aurretik. Gorunzko bidea egiten du, Gudamendi hotelean amaituz.






Gudamendi edo Gulamendi tontorraren izena aspalditik da ezaguna. 1876an Hernández izeneko gotorleku bat eraiki zuten gailurrean. Gerra amaitu zenean gotorlekua itxita baina eraitsi gabe mantendu zuten 1914 arte, militarrek gotorlekua eta bere lurrak jatorrizko jabeei bueltatu zizkietenean.
 
Liberalen gotorlekuak 1876an. Irudia: Gipuzkoa Kultura
 
 
1933an uso-tiroko eremu bat eraiki zuten bertan munduko txapelketa antolatzeko. Uso-tiroaren arrakastaren ondorioz, 1954an hotela eraiki zuten. Gaur egun hotelak zabalik dirau eta bertan ezkontzak eta oturuntzak ospatzen dira.
 
Uso-tiroa Gudamendin 1942an. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Gudamendi bidearen izendapena 1988ko martxoaren 23an onartu zen.
 

 

urtarrila 11, 2025

159. OLAETA PLAZA / PLAZA DE FERRERÍAS

Auzoa: Amara Berri



 
Olaeta plaza Errondo pasealekuaren, Madril hiribidearen, Armeria plazaren eta Olaeta kalearen artean dagoen gunea da.






Olaeta plazak aintzinean Urumea ibaian zeuden burdinolen omenez darama izena. Burdinola hidraulikoak XIV-XVIII mendeen artean oso hedatuak egon ziren Europan, burdina lantzeko teknika berriak garatu ziren arte.
 
Burdinola batetako langileen errepresentazioa. Argazkia: Wikimedia Commons
 
 
Olaeta kalearen ondoan egonik, plazari izen bera eman zioten. Olaeta plazaren izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 

urtarrila 05, 2025

158. BAZTAN KALEA / CALLE DEL BAZTÁN

Auzoa: Egia



 
Baztan kalea Karmengo Andre Mariaren kalearen 45 zenbakiaren ondoan hasten den kale bat da, irteerarik ez duena.
 




 
Baztan Nafarroa Garaiko iparraldeko haran eta udalerri bat da, Euskal Herriko handiena 376,8 km²rekin. Urdazubi eta Zugarramurdirekin batera, Baztanaldea eskualdea osatzen du. 7848 biztanle ditu eta hamabost herrik osatzen dute udalerria, handiena Elizondo delarik.
 
 
 
Aintzinatik populatua, XI. mendetik Iruñeako erresumaren parte zen eta Antso VII.a azkarraren erregealdian (1154-1234) biztanleek zerga batzuk ez ordaintzeko pribilejioa zuten. 1522an Amaiurko gazteluaren setioa izan zen bertan, Nafarroako erresistentziaren azken borroketakoa.

Amaiurko monolitoa. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Lehen karlistaldian, Karlos Maria Isidrok Elizondoko Arizkunenea jauregian izan zuen bere egoitza 1834an. 1835an, Espoz Mina jeneralak Lekaroz herriari su eman zion. 1913an, Autza menditik jausitako uholdeak Elizondo eta Erratzu suntsitu zituen.

Elizondoko Arizkunenea jauregia. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Nekazaritza eta abelzantza izan dira Baztango jarduera ekonomiko nagusiak, XX. mendean garrantzia galduz joan direlarik industriaren alde (zurgintza, harrobiak, elektrizitatea, elikagaiak) eta turismoaren gorakadagatik, batez ere nekazalturismoa.



Baztanen eta Malerrekan XX. mendean galdu zen pelota jokoaren modalitate bat berreskuratu eta jokatzen da, laxoa deiturikoa. Gaur egun Baztan askorentzat da ezaguna Dolores Redondo idazle donostiarraren Baztan trilogiagatik.

Laxoa Donostiako harresian XVIII. mendean, Daniel Carballo Ostolazak marraztua. Irudia: Wikipedia

 
Baztan kalea Baztan hiribide bezala izendatu zen 1982eko maiatzaren 13an. Baztan kalearen izendapena 1998ko urriaren 14an onartu zen.
 

 

192. ERMITA BIDEA / CAMINO DE LA ERMITA

Auzoa: Altza   Ermita bidea Herrera pasealekuan hasten da, tren geralekuaren parean, eta Erroteta auzunean amaitzen da.     Ermita bidea gau...