Mastodon

urria 26, 2024

148. ORIAMENDI PASEALEKUA / PASEO DE ORIAMENDI

Auzoak: Aiete, Miramon-Zorroaga, Añorga



 
Oriamendi pasealekua Errondogaina kalea eta Aiete pasealekuaren arteko biribilgunean hasten da eta Hernaniko mugan amaitzen da, Hernaniko Galarreta auzoan.
 




 
Oriamendi pasealekua bide garrantzitsua izan da aspalditik, Hernanirako bidean Goiko Galtzadari jarraipena ematen zion eta. Pasealekuaren izena inguruko Oriamendi muinoak ematen dio, 188 metroko garaiera duena.

Oriamendi Galarretatik ikusia. Argazkia: Wikipedia https://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Oriamendi_0001_01.JPG
 
 
Oriamendi oso ezaguna da Lehen Karlistaldian Oriamendiko gudua izan zelako bertan, 1837an. Liberalen aldeko Britainiar Legio Laguntzaileak muinoa hartu zuen martxoaren 15ean, baina hurrengo egunean, karlistek berreskuratu zuten, Britainiar legioko kide ugari hil eta zaurituz.

Oriamendiko gudua. Irudia: Wikimedia Commons

Oriamendi magalean dagoen Bentaundi baserria, oraindik gudu hartako gezileihoak dituelarik.

 
Karlisten ereserkia Oriamendiko Martxa da. Kondairak dio Oriamendiko guduaren ondoren liberalen kanpamenduan partitura bat aurkitu zutela, eta karlistek beren hitza jarri ziotela musika horri. Gerra zibilean erreketeen ereserkia zen eta Francok "abesti nazional" izendatu zuen 1937an.

Oriamendiko Martxaren partituraren azala. Argazkia: Wikipedia

Oriamendiko Martxaren partitura. Argazkia: Wikimedia Commons


Oriamendi pasealekuaren izendapena 1976ko apirilaren 28an onartu zen.
 

 

urria 19, 2024

147. CRISTÓBAL BALENCIAGA PASEALEKUA / PASEO DE CRISTÓBAL BALENCIAGA

Auzoa: Igeldo



 
Cristóbal Balenciaga pasealekua Igeldo pasealekuan hasten da, Leku Eder jatetxea dagoen zonaldean.
 




 
Pasealeku hau Igeldoko plazan amaitzen da, Aita Orkolaga pasealekuaren hasieran.





 
Cristóbal Balenciaga Eizagirre Getarian jaio zen 1895ko urtarrilaren 21ean. Aita arrantzalea eta ama jostuna zituen. 13 urterekin Donostian hasi zen josten ikasten eta 1917an lehen denda ireki zuen. Espainiako aristokraziak oso gogoko zituen bere diseinuak.

Balenciagaren tailerreko langileak 1930ean. Argazkia: Kutxateka

 
Gerra zibilagatik, 1937an Parisen finkatu zen. Beste diseinatzaileek ez bezala, Balenciagak berak diseinuak egiteaz gain josi ere egiten zuen. Goi-mailako jostun famatua izatera iritsi zen. 1972ko martxoaren 24an hil zen. 2011an bere omenezko museoa ireki zuten Getarian.
 
 Balenciaga 1950an. Argazkia: Wikipedia https://en.wikipedia.org/wiki/File:Cristobal_Balenciaga.jpg
 
 
Cristóbal Balenciaga pasealekuaren izendapena 1973ko abuztuaren 31an onartu zen.
 

 

urria 12, 2024

146. LUIS VILLASANTE PARKEA / PARQUE DE LUIS VILLASANTE

Auzoa: Aiete



 
Luis Villasante parkea Zarautz kalearen gainean dagoen eremua da. Goiko partean Manuel Vázquez Montalbán kaleak, Gurutzealde auzuneak, Indalecio Prieto kaleak eta Matia ospitaleak mugatzen dute parkea eta bertatik paseatzeko bide bat dago.






Luis Villasante Kortabitarte Gernikan jaio zen 1920ko martxoaren 22an. 1945an frantziskotar apaiz egin zen eta teologia ikasi zuen. Euskal gramatikan aditua, 1950an euskaltzain oso egin zuten eta 1970tik 1988ra euskaltzainburu izan zen, euskara batuaren inguruko liskarrak apalduz.

Luis Villasante. Argazkia: Wikimedia Commons

 
Erlijioari buruzko obra ugari idatzi zituen eta baita euskarari buruzkoak ere. Axularren Gero liburua sakonki aztertu zuen. 1997ko Korrikaren hasierako kilometroa berak egin zuen Arantzazuko santutegian. 2000ko Abenduaren 2an hil zen Arantzazun.
 
Euskaltzaindiako kideak Arantzazun, Luis Villasante haien artean.
 
 
Luis Villasante parkearen izendapena 2005eko uztailaren 27an onartu zen.
 
 

urria 05, 2024

145. JUAN ABELINO BARRIOLA PASEALEKUA / PASEO DE JUAN AVELINO BARRIOLA

Auzoa: Miramon-Zorroaga




Juan Abelino Barriola pasealekua Pakea plazan hasten da eta Oriamendi pasealekuaren eta Miramon parkearen artean doa, Basque Culinary Center dagoenaren aldean amaituz.






Juan Abelino Barriola Aizpurua 1876ko azaroaren 10ean jaio zen Narrika kalean. Euskarazko antzerkia jorratu zuen Toribio Altzagarekin batera. Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola sortu zuen, euskal antzerkiaren maila hobetuz. Pauen erbesteratuta hil zen 1944ko apirilaren 19an.
 
Juan Abelino Barriola. Argazkia: Wikipedia https://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Abelino_barriola.jpg
 
 
Bere lan aipagarrienak Meza Berriya (1909), Aldiz, aldiz...! (1911), Zorigaiztoko eguna (1911), Zulo madarikatuak! (1911), Lagun txar bat (1912), Maitasunak (1923), Ene aberri laztana (1934), Gai dagonaren indarra (1935) Goi Argi (1935) eta Dramak (1988an editatua) dira.

Goi Argi obraren azala. Irudia: Sancho el Sabio fundazioa
 
 
Juan Abelino Barriola pasealekuaren izendapena 1996ko otsailaren 19an onartu zen.
 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...