Mastodon

urtarrila 27, 2024

109. TERNUAKO ARRANTZALEEN KALEA / CALLE DE LOS PESCADORES DE TERRANOVA

Auzoa: Amara Berri

 


Ternuako Arrantzaleen kalea Euskal Kortsarioen kalean hasten da, ARCCO merkatal gunearen atzean, eta Zorroaga pasealekuan bukatzen da, Gran Soleko Arrantzaleen kalearen bukaeran.






Euskal arrantzaleak Erdi Aroaren amaieran Bizkaiko Golkotik urruntzen hasi ziren balearen eta bakailaoaren bila. XVI. mendean euskaldunak Ternuan arrantzan zebiltzan jada, "Uharte Fantasma" deitzen ziotelarik arrantzarako leku sekretu honi.
 

Quebeceko liburutegi nazionalean dagoen 1592ko Ipar Atlantikoko mapa.
 
 
XVI. eta XVII. mendeetan zehar aritu ziren euskaldunak Ternuan eta Labradorren arrantzan. Bertako Mikmak eta Innuekin euskoalgonkin deitzen zaion pidgin hizkuntza batean hitz egiten zuten. 1713ko Utrechteko Itunak Ternuako euskal arrantzaleen eskubideen galera ekarri zuen.

Mikmak bikotea 1865an. Argazkia: Wikipedia https://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Micmac2.jpg
 
Euskal arrantzaleen guneak Kanadan. Irudia: Wikimedia Commons
 
XVI. mendeko euskal baleazaleen txaluparen aztarna Labrador penintsulako Red Bay museoan. Argazkia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:RedBayNL_BasqueChalupa.JPG
 
 
Ternuako Arrantzaleen kalearen izendapena 1962ko maiatzaren 21ean onartu zen.
 


 

urtarrila 20, 2024

108. TOMAS ALBA PLAZA / PLAZA DE TOMÁS ALBA

Auzoa: Gros

 


Tomas Alba plaza Saguesen, Jose Migel Barandiaran eta Luis Pedro Peña Santiago pasealekuen artean dagoen zelaigunea da.





 
Tomas Alba Irazusta 1937ko martxoak 15ean jaio zen Donostian. 1959an Eibarrera joan zen bizitzera, hango kirol munduan parte hartuz eta Armeria-eskolan maisu bezela lan eginez. Gero Astigarragara joan zen eta 1979an Donostiako Udaleko zinegotzi hautatu zuten HB alderditik.
 
 
 
Petritegiko zabortegia ixteko borrokatu zuen eta HBk baztertu egin zuen 1982ko munduko futbol txapelketako Zubietako estadioa eraikitzeko erabakitzeko udalbatzarrean ez bozkatzeagatik. 1979ko irailak 28an, Kako jatetxean afaltzetik irtetean, BVEko bi kidek Tomas tiroz hil zuten.

Tomas Albaren hil-kapera Donostiako udalbatza aretoan. Argazkia: Kutxateka
 
 
Tomas Albaren hilketaren ondoren Donostiako udalak bere omenez kale bat izendatu zuen Astigarragan, orduan Astigarraga Donostiako auzoa zenean. 1973tik "Mártires de la Tradición" izena zuen kaleak. Astigarragako kale nagusian hasi eta Galtzaur kalean bukatzen da.
 




 
Astigarragako Tomas Alba kalearen hasieran, bera tirokatu zuten lekuan, Tomas Murua eskultoreak egindako monolito bat jarri zuten 1981an.




Astigarragako Tomas Alba kalearen izendapena 1980ko martxoaren 14an onartu zen. Saguesen dagoen Tomas Alba plazaren izendapena 2014ko irailaren 25ean onartu zen.
 


 
 
 

urtarrila 13, 2024

107. ARALAR MENDILERROAREN KALEA / CALLE DE LA SIERRA DE ARALAR

Auzoa: Loiola



 
Aralar Mendilerroaren kalea Astiñeneko zubian hasten da. Loiolako auzoa zeharkatzen du Urdintzuko zubira iritsi arte.






Loiolako kuartelak dauden lurrak ere Aralar Mendilerroaren kalearen parte dira, beraz, kaleak eremu militarra zeharkatzen du, Espartxo zubira iritsi arte.






Aralar Mendilerroa Gipuzkoako Goierri eta Tolosaldea eta Nafarroako Sakana eta Larraun eskualdeen artean kokatzen da. 30 km luze eta 12 km zabal ditu mendilerroak. Intzako Dorrea (1.431m) da tontor altuena baina Larrunarri/Txindoki (1.342 m) da mendilerroko mendi ezagunena.
 
Aralar Mendilerroaren kokapena eta garaiera.
 
Aralarko malloetako tontorrak. Irudia: Wikipedia https://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Malloetako_tontorrak.jpg
 

Txindoki mendia. Argazkia: Wikipedia
 
 
Aralar Mendilerroa Jurasiko eta Kretazeoko itsas jatorriko arroka sedimentarioek osatzen dute gehienbat. Orogenia Alpetarrean mendilerroa azaleratu zen. Nagusiki kareharriz osatuta dagoenez, egitura karstiko ugari ditu, kobazulo sare handia dagoelarik bertan.

Mendukilo kobazuloaren sarrera. Argazkia: Wikipedia


1994an Aralarko Gipuzkoako aldea natura parke izendatu zuten. Pagoak dira nagusi bertan eta haritzak ere bai. Goi-mendietako belardiak ardi, zaldi eta behiak elikatzeko egokituta daude. Elur-lursagua eta gailurretako uhandrea dira Aralarko animalia berezienak.

Elur-lursagua. Argazkia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Microtus_nivalis.jpg

 
Gailurretako uhandreak. Argazkia: Wikipedia https://en.wikipedia.org/wiki/File:Uhandre_goimenditarra.jpg
 
 
Historiaurreko monumento megalitiko ugari daude Aralarren. Bertan ere Aralarko Done Mikel in Excelsis santutegi erromanikoa dago, UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatua.
 
Jentilarri trikuharria. Argazkia: Wikimedia Commons
 
Done Mikel Aralarkoaren santutegia. Argazkia: Wikipedia

 
Aralar Mendilerroaren kalearen izendapena 1971ko uztailaren 14an onartu zen. Euskarazko plakek "Aralar Mendia" bezala izendatzen dute, baina aipatu dugun bezala, mendilerroa da.




 

 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...