Mastodon

azaroa 26, 2022

48. TXALIN BIDEA / CAMINO DE TXALIN

Auzoa: Igeldo

 


Txalin bidea Aita Orkolaga pasealekuan hasten da, Igeldoko kanpina pasa eta 500 metrora, eskubian.






Buztinzuri bidean amaitzen da.






Izena inguruan dagoen Txalin tontorrak (313 m.) ematen dio bideari. Hona hemen Txalin tontorraren bi ikuspegi Aita Orkolaga pasealekutik.




 
Txalin bidearen izendapena 1988ko martxoak 23an onartu zen.
 

 


azaroa 19, 2022

47. JOAN DE BILBAO KALEA / CALLE DE JUAN DE BILBAO

Auzoa: Erdialdea

 


 
Joan de Bilbao kalea Parte Zaharrean dago. Narrika kalean hasten da, San Bizente kalearen ondoan, eta San Jeronimo kalean bukatzen da.




1566ko erroldan ez da kale hau agertzen, baina 1630eko ordenantzetan bai. Serapio Mujikak ez zuen abizen hau inolako dokumentutan aurkitu eta beraz, Donostiarekin harreman gutxi zuen pertsona bat izango zela erabaki zuen.
 
Serapio Mujika. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Libros/bio_mugica
 
 
Rafael Floranesek, 'Privilegios y Memorias de Vitoria' obran, Joan de Bilbao bat aipatzen du. Adriano VI.a Joan de Bilbaorena zen Sokaren Etxean bizi zen Aita Santu izendatu zutela jakitean. Inork ez daki Donostiako kale hau Joan de Bilbao honen omenez izendatu zuten ala ez.
 
Sokaren Etxea. Argazkia: Wikimedia Commons https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Casa_cordon_vitoria.JPG
 

1897an, kaleen errotulazio elebiduna egiteko proposamena onartu zuen udaletxeak, aintzinako izenak berreskuratuz. Honela, nahiz eta gaur egun ofiziala ez izan, lehen ikatz dendak zeuzkan eta orain tabernak dauzkan kale hau Ikatz kalea bezala ezagutzen da.

Ikatz kalearen argazki zaharra. Argazkia: Dionisio Azcueren 'mi pueblo, ayer' liburuari ateratako argazkia twitterren:
 
 
Aurretik aipatu dugun bezala, Joan de Bilbao kalea gutxienez 1630tik da ezaguna Donostian. Ofizialki euskaraz Joan de Bilbao kalea den arren, kaleko errotulazioak Juan de Bilbao kalea jartzen du.
 




azaroa 12, 2022

46. TXALUPAGILLENE PLAZA / PLAZA DE TXALUPAGILLENE

Auzoa: Antiguo

 


 
Txalupagillene plaza Matia kalearen ondoan dagoen plaza bat da, Matia kalearen beste aldean Juan de Garai kalea duelarik.





 
1862ko Donostiako Hiri eta Landa Etxeen Erregistroan, aipatzen da baserri hau Chalupa-Guillenea izenarekin. Gaur egungo Serrano Anguita kaleko 2. zenbakia dagoen lekuan kokatzen zen. Toponimo honek baserri honetan txalupak egiten zirela iradokitzen du.
 
Antiguako auzoa 1885 aldera. Argazkia: Kutxateka https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/177130/s/0  
 
 
Txalupagillene plazaren izendapena 1996ko otsailak 19an onartu zen. Bertan, euskaraz eta gazteleraz idatzitako bi plakek, 1998ko abuztuak 19an Enrique Ardanaz Sola apaizak plaza hau bedeinkatu zuela adierazten dute.
 

 


azaroa 05, 2022

45. DOLORES IBARRURI PARKEA / PARQUE DE DOLORES IBARRURI

Auzoa: Mirakruz-Bidebieta

 



Dolores Ibarruri parkea Julio Urkixo Pasealekuaren eta Colombine Kalearen artean kokatzen da.






 
Dolores Ibarruri Pasionaria Gallartan jaio zen 1895eko abenduaren 9an, hamaika neba-arreben artean zortzigarrena, familia langile baten baitan. Aita karlista zen. 1910an, magisteritza eskolara sartzeko zorian zela, ikasketak utzi eta neskame bezela lan egiten hasi zen.
Gallarta XX. mende hasieran. Irudia: Meatzaritzaren museoa
 
 
1916an Julián Ruiz Gabiña meatzari sozialistarekin ezkondu zen. Errusiako boltxebikeen garaipenak guztiz txunditu zuen Dolores. El minero vizcaíno aldizkarian idazten hasi zen Pasionaria ezizenarekin eta Espainiako Alderdi Komunistaren sorreraren lehen kongresuan parte hartu zuen.

Espainiako Alderdi Komunistaren sinboloa 1933an.

 
Hainbat aldiz ezagutu zuen espetxea. Espainiako bigarren errepublikan Diputatu hautatu zuten. Gerra zibilean propaganda komunista landu zuen. Bereak dira ¡No pasarán! eta Más vale vivir de pie que morir de rodillas esloganak. Gerra amaitzean Sobiet Batasunera ihes egin zuen.
 
Madrilgo kale bat 1936 aldera ¡NO PASARÁN! eslogana erakusten duen kartelarekin.

 
1942an PCEko idazkari nagusi izendatu zuten, 1960an dimititu arte. Orokorrean Sobiet Batasunak hartutako erabakiekin ados aurkitu zen, baina 1968ko Txekoslobakiako inbasioa gaitzetsi zuen. Franco hil ondoren Asturiasa bueltatu eta 1977an Diputatu hautatu zuten. 1989an hil zen.



 
Dolores Ibarruri parkearen izendapena 2005eko uztailak 27an onartu zen.
 


 

151. IZTUETA KALEA / CALLE DE IZTUETA

Auzoa: Gros   Iztueta kalea Euskadi plazan hasten da eta Zuhaizti plazan amaitzen da, kale laburrera ere sarrera duelarik. Iztueta kaleak On...