Mastodon

abuztua 27, 2022

35. TXAPARRENE PASEALEKUA / PASEO DE TXAPARRENE

Auzoa: Intxaurrondo



 
Txaparrene pasealekua Intxaurrondon RENFEko trenbidearen ondotik pasatzen den pasealeku luze bat da. Ategorrietako apeaderoan hasten da eta Intxaurrondoko apeaderoan jarraitzen du. 
 





Txaparrene pasealekua Garroko zubiaren azpian dagoen tunelean bukatzen da. Tunel honek Arrobitxulo parkera darama, hemendik bai oinezkoek baita txirrindulariek ere Herrerara joateko bidea daukate.



 

 
 
Txaparreneko tunela Donostiako Tranbia Konpainiak eraiki zuen 1888an, urtebete lehenago sortutako bere lehen tranbia linearen luzapena egin eta zerbitzua Errenteriaraino eramateko. 2011ko irailak 14an tuneleko bidegorri berria inauguratu zuten.
 
Donostiako tranbia 1888an Txaparreneko tunelaren ondoan. Irudia: Wikimedia Commons

 
Txaparreneko tunela XX. mende hasierako postal batean. Irudia: Txalupa Txirrindulari Taldea

 
Txaparrene izena inguruan zegoen baserriagatik datorkio pasealekuari. Hasiera batean Lizardichipi baserria zena XIX. mendean Champarrene bezala ezagutu zen. Trenbidearen eraikuntzarekin eraitsi zuten 1859an.
 
Txanparrene baserria. Argazkia: Altzako Historia Mintegia: https://altza.eus/?p=6194
 
 
Handik gertu Txanparrene edo Txaparrene etxea eraiki zuten, zeina Altza eta Donostia arteko mugan aurkitzen zen. Etxe honen ondoan egin zen 1940ko apirilak 6an Altza udalerriaren anexioaren ekitaldi ofiziala, Donostiako alkateak zinta bat aizkorakada batez moztuta eszenifikatu zuelarik.

Txaparrene etxea 1910 aldera. Argazkia: Altzako Historia Mintegia. https://altza.eus/?p=6194

 

Txaparrene etxea gaur egun, Intxaurrondo kaleko 48 zenbakian.
 

 
Antonio Paguaga Donostiako alkatea, Txaparrene etxearen ondoan, Altza eta Donostiaren arteko muga sinbolikoa irudikatzen duen zinta aizkoraz mozten 1940ko apirilak 6an.
 
 
1976an, Javier Mainar udaleko bide-ingeniariak Zubiaurreko zubiaren eta Garroko zubiaren arteko ezponda oinezkoentzako gune bihurtzea proposatu zuen eta 1982ko maiatzean inauguratu zuten pasealekua.
 

Txaparrene parkearen inaugurazioa. 1983. Argazkiak: http://www.altza.info/doku?z=3&p=1661249781228&o=3&n=&h=txaparrene&x=19470 


Pasealekuari Justo Elizaran izena ematen hasi ziren. Justo 1955an Intxaurrondon jaio zen. Beti Aurrera gazte elkartean lagundu zuen eta ETAn sartu zen. 1973an Iparraldean errefuxiatu zen. Miarritzen jasandako BVE taldearen atentatu baten ondorioz hil zen 1979ko urriak 5ean.
 
Justo Elizaran bere emazte eta semearekin.
 
 
1988ko martxoak 23an pasealeku hau Txanparrene izenarekin izendatu zuten eta 1990ko apririlak 11an gaur egun duen Txaparrene izena jarri zioten.



 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

142. SIBILIA KALEA / CALLE DE SIBILIA

Auzoak: Egia, Intxaurrondo   Sibilia kalea Otxoki pasealekua, Baratzategi kalea eta Gabriel Aresti pasealekua elkartzen diren biribilgunean ...