Auzoa: Amara Berri
Euskal Kortsarioen kalea Kontsulatu kalean hasten da eta Illunbe kalean amaitzen da, Rafael Ruiz Balerdi parkearen ondoan.Erdi Aroan hasi ziren Europako erresumak kortso agiriak banatzen. Agiri hauek zituzten barkuen kapitainek herrialde etsaien ontziak erasotzeko eta beren zama lapurtzeko eskubidea zuten. Kortsariotza armada handiak eratzeko gastuak ekiditeko era bat zen.
Espainiako Karlos III.ak sinatutako kortso agiria. Irudia: Wikipedia
Ternuako merkataritza babesteko, 1529an, Karlos V.a enperadoreak ontzi etsaiak harrapatzeko kortso agiria eman zien gipuzkoarrei. Agiri onen ondorioz, hurrengo hamarkadetan Donostiako ontzioletan itsasontzi asko egin zituzten kortsoan aritzeko.
Kortsarioak batzutan ez ziren etsaien ontziak eta beren zama harrapatzera mugatzen eta pirateria praktikatzen zuten. 1527an Karlos V.ak Martin Irizar kortsarioa urkatzera zigortu zuen, hainbat marinel torturatu, bortxatu eta bordatik botatzeagatik.
Pirata urkatua. Irudia: Wikipedia
Baziren emakume kortsarioak ere. XVII. mendean, Juana Larando donostiarra ostatu baten eta San Juan izeneko itsasontzi baten jabea zen, Juan de Etxaniz kapitain zuela. Juana ez zen itsasoratzen baina bere ontziaren harrapakinen parte bat jasotzen zuen.
XVII. mendea izan zen euskal kortsarioen garairik oparoena baina gainbehera ez zen berehalakoa izan. 1728an sortutako Caracasko Gipuzkoar Konpainiak kortsario flota bat osatu zuen bere interesak babesteko, Vicente Antonio Icuza eta Joaquin Mendizabal kortsarioen aginduetara.
Azken euskal kortsarioa Ixtebe Pellot hendaiarra izan zen. 1765an jaioa, 13 urterekin itsasoratu zen lehen aldiz ontzi kortsario batean. Ontzi espainiar eta britainiar ugari harrapatu zituen. 1856an hil zen, Krimeako gerraren ondoren kortsoa nazioartean debekatu zen urtean.
Ixtebe Pellot. Irudia: Wikimedia Commons
Euskal Kortsarioen kalearen izendapena 1962ko maiatzaren 21ean onartu zen. Amara-Osinagako zonaldearen urbanizazioa onartzean, kalearen izendapena berretsi zuten 1993ko ekainaren 15ean.













iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina